Munduan gertatutakoak. Azaroa

10 November, 2015

Txekiar Errepublika, Alemaniarekin 4.0 industriarako lankidetza zehatz bat sinatu duen lehen herrialdea

Alemaniako Hezkuntza eta Ikerketa Ministerioak (BMBF) eta Txekiar Errepublikako Industria eta Merkataritza Ministerioak 4.0 industriaren arloko lankidetza akordio bat sinatu dute Pragan. Funtsezko Teknologien eta Berrikuntzarako Ikerketaren Saileko zuzendari Wolf-Dieter Lukas-ek  eta Txekiako Industria eta Merkataritza ministro-ordeak sinatu duten alde biko lankidetza estrategikoak helburutzat izango du ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzea, batez ere ETEetan.

Txekiar Errepublika izan da Alemaniarekin lankidetza zehatz bat adostu duen lehen herrialdea. Wolf-Dieter Lukas-en arabera, badira horretarako hainbat arrazoi: Alemaniako eta Txekiako industriek dituzten antzekotasunak, makinen arloko industria indartsua eta, besteak beste, ETEek industrian duten garrantzia. Hemendik eta 2015eko amaierara bitartean, ikerketa, ekonomia eta administrazio arloetako ordezkariak izendatuko dituzte bi ministerioek.

Alemaniak Europako langabeziaren arrazoiak aztertu ditu

Europan 7,5 milioi gazte inguru langabezian daude. 2014an Suitzan eta Alemanian 15-24 urte bitarteko gazte langabetuen portzentajea %10etik beherakoa zen bitartean, portzentaje hori %40tik gora igo zen Portugal eta Italian. Koloniako Ekonomia Alemaniarreko Institutuak (IW) aztertu du zergatik ez duten gazte horiek lanik aurkitzen. Emaitzen arabera, ikasle asko joaten dira eskolara, baina ez dituzte bisitatzen praktikak egiteko hartuko dituzten enpresak edo fabrikak, eta beraz, ikasketak amaitutakoan zaila egiten zaie lan mundura egokitzea.

Bestalde, Italia eta Portugaleko langabezia-tasa altuen beste arrazoietako bat da lanbide heziketaren ikuspegia, zeinak teoria lehenesten baitu praktikaren gainetik. Koloniako IW erakundeko Dirk Werner-ek adierazi duenez, lanbide heziketa ez da behar bezala aitortzen Europako gizartean; gazteek nahiago dute unibertsitateko ikasketak egin lanbide heziketara jo beharrean, uste dutelako unibertsitatera joanez lan aukera hobeak aurkituko dituztela. Alemanian ere gauza bera gertatzen da; langabezia tasa txikiagoa izan arren, lanbide heziketako plaza asko hutsik gelditzen dira urtero.

Moody’s aholkularitzak aurreikusten du India %7tik gora haziko dela

G-20 taldeko nazioen artean Indiak izango du hazkunde handiena 2015ean eta 2016an. Moody ‘s Investors aholkularitzak asteazkenean argitaratutako txostenaren arabera, hazkunde-tasa hori %7 eta %7,5 artekoa izango da. Aholkularitzak uste du Asiako beste herrialde batzuen aldean Indiak arrisku gutxiago duela kanpoko tirabirak jasateko. Bestalde, Munduko Bankuaren aurreikuspenen arabera, Indiaren garapenaren azken eguneratzeak adierazten du hazkunde ekonomikoa %7,5ekoa izango dela 2015-2016. urteetan, eta goranzko bidean jarraituko duela, 2016-2017an %7,8ra eta 2017-2018an %7,9ra iritsiko delarik.

Katowice (Polonia), inbertsioetarako Europako lehenengo eremu berezia

Global Free Zones of the Year ekimenak antolatutako azterlan baten arabera, Katowice (Polonia) eskualdea da inbertsioak egiteko Europako lehenengo eremu berezia eta munduko bigarren erakargarriena. Izendapen horretarako kontuan hartu dira zonalde horren eraginkortasuna inbertsioak lortzeko  eta abian jarri duen lanbide heziketako programa duala, eskualdeko enpresariei langile kualifikatuak lortzeko aukera ematen diena. Inbertsioak 5.243,9 milioi euroraino hazi dira eta 53.000 lanpostu sortu dira.

India hobetu egin da negozioak egiteko erraztasun rankingean

Negozioak egiteko erraztasuna neurtzen duen 189 herrialdeko zerrendan, 130. postuan dago India, hau da, iazko sailkapenean baino lau postu gorago, Munduko Bankuaren 2016ko Doing Business Report txostenaren arabera. India da hobekuntza handiena izan duen Asia hegoaldeko herrialdea, eta orobat puntuazio-gorakada handiena izan duena 2004tik hona.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow