Munduan gertatutakoak. Apirilako azken astea

29 April, 2016

 

AEBetako asteroko langabezia-indizea bere maila baxuenean dago 1973tik eta Eguzki energiaren arlorako zituen helburuak gainditu ditu Indiak.

 

AEBetako asteroko langabezia-indizea bere maila baxuenean dago 1973tik

Apiril erditsuan langabeziako laguntza-eskaerak AEBetan aurreko urtean baino 6.000 gutxiago izan dira, 247.000 guztira, hau da, mailarik baxuena 1973ko azaroaz geroztik, petrolioaren lehen krisia hasi zenetik.

 

AEBetako Lan Departamentuak adierazi du AEBek 59 aste jarraian daramatzatela erregistratzen 300.000 eskaera baino gutxiago, 1973az geroztik izan den bolada onena.

 

Automobilgintzaren sektoreko erraldoiek behera egin dute burtsan igorpenei buruzko zalantza berriengatik

Automobilgintzako enpresa batzuek igorpenei buruzko araudiak urratu dituztelako albiste eta zalantza berriek sektore osoaren kotizazioak jaitsarazi dituzte Burtsan. Autogile garrantzitsuenek zenbaki gorriak izan dituzte Mitsubishi Motors japoniarrak aitortu zuenetik kontsumo datuak faltsutu zituela gutxienez lau auto-modelotan, eta Frantziako iruzurraren kontrako agintariek erregistro bat egin zutenetik PSA talde frantziarraren (Peugeot eta Citroën marken fabrikatzailearen) egoitzan.

 

Arazoak une kritiko batean agertu zaizkio berriro automobilgintzako industriari,  burua altxatu ezinik dagoenean oraindik iragan udan azaleratu zen Volkswagen etxearen iruzur globalaren ostean.

 

Eguzki energiaren arlorako zituen helburuak gainditu ditu Indiak

Indiak gainditu egin ditu eguzkiaren bidez energia sortzeko jarriak zituen helburuak. Indiak metatu duen eguzki-energia gaitasuna 6.753,38 MW-koa da, iazko 3.743,97 MW-ren aldean. Rajasthanek, eguzki erradiazio onena duen Estatuak, lehenengoa izaten jarraitzen du instalatutako gaitasunari dagokionez (1.264,35 mW); aldiz, Gujarat, eguzki-energiako programa abiarazi zuen lehena, bigarren postuan dago 1.105,15 MW-rekin.

 

Alta, Tamil Naduk masiboki handitu du aurten bere gaitasuna, oso azkar hazten ari da eta hirugarren postuan kokatu da 1.030,77 MW-rekin. Madhya Pradesh-ek 775,87 MW-ko gaitasun instalatua du eta Andhra Pradesh-ek 571,09 MW-koa, laugarren eta bosgarren posizioetan daudelarik.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow