Mila lagun bildu ziren INTERGUNE+ nazioartekotzearen foroan

2 December, 2015

Bere zerbitzuak 70etik gora herrialdetan eskaintzen dituen SPRIren kanpo sareak 600 elkarrizketa inguru egin zituen. INTERGUNE+ azokako 44 erakusle parte-hartzaileek beste 450 elkarrizketa egin zituzten.

Mila lagun elkartu dira INTERGUNE+ ekitaldian, azaroaren 23 eta 24an Barakaldoko BECen egin den Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze foroan. Bere zerbitzuak 70etik gora herrialdetan eskaintzen dituen SPRIren kanpo sareak 600 elkarrizketa inguru egin zituen ekitaldian.

Bi egun horietan INTERGUNE+ topagune bihurtu da, euskal enpresei nazioartekotze-zerbitzuen, Europako politiken, herrialde gorakorren eta atzerrian izan ditzaketen aukeren informazio guztia emateko. SPRI Taldeak -Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak- antolatu du foroa, zeinetara bertaratu baita SPRIren Kanpo Sare osoa, eta baita ere nazioartekotze produktuak eta zerbitzuak dituzten erakunde eta enpresak. Topaketan hainbat jardunaldi egin dituzte zenbait gairi buruz, hala nola merkatu interesgarriak, merkatu gorakorrak, laguntza programak eta kasu arrakastatsuak. Aurtengo edizioan Mexiko izan da protagonista, bera izaki herrialde gonbidatua.

INTERGUNE+ azokan hiru atal bereizi egon dira: enpresariek SPRIren Kanpo Sareko kideekin egindako bilerak; merkatu nitxo, negozio sektore edo nazioartekotze politikei buruzko hogei bat hitzaldi; eta erakusketa-gunea, non euskal enpresek ezagutzera eman dituzten beren  proiektuak.

Lehenbiziko egunean, azaroaren 23an, 946 lagun hurbildu ziren azokara, eta horietatik 250 azaldu ziren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak zuzendutako inaugurazio ekitaldira. Ondoren, mahai-inguru bat egin zen nazioartekotze arloko puntako hainbat enpresatako zuzendaritza-karguekin, eta eztabaida bizi bat abiatu zen planetako hainbat herrialdetan inbertitzeko dauden aukerei buruz. Han izan ziren Andrés Aizkorreta (CAF); Javier Ormazábal (Velatia); Antón Pradera (CIE Automotive) eta Marta Zubiaurre (Salto System).

Egun horretan egindako hamar jardunaldien artean berebiziko interesa piztu zuten hizpide izan zutenak nazioarteko operazioetako arriskuen kudeaketa, nazioartean posizionatzeko giltzarriak, eta esklusiboki Kolonbiari buruz egin zena. Horiekin batera, aipatzekoak dira orobat ondoko gai hauek jorratu zituzten jardunaldiak: Polonia, nazioarteko IKTen azpiegituren hedapena, EBren eta Kanadaren arteko itun ekonomikoak berekin dakartzan alde biko merkataritzako aukerak, Iranen sortu berri den inbertsio eszenatoki berria, atzerriko filialen kudeaketa, Merkataritza Ganberen laguntzak, atzerriko inbertsioa erakartzeko estrategiak, eta nola erantzun nazioartekotzearen erronkari onlineko denda batean.

600 bilera 

Bigarren jardunaldiak 468 pertsona erakarri zituen, eta jende gehien bildu zuen ekitaldia Mexikori buruzkoa izan zen, hau da, Mexikok eskaintzen dituen inbertsio aukeren berri eman zuena. Halere, hauek ere aurkeztu ziren: Enterprise Europe Network partzuergoaren nazioarteko lankidetza teknologikorako laguntza eta programak, 315.000 milioi euroko inbertsioak mobilizatu nahi dituen Juncker plana, Kubaren marko ekonomiko berria, Namibiako merkatu gorakorra, Euskadiren kasua  nazioarteko merkatu-nitxoetako lider bezala, inbertsioak Cabo Verden eta merkatu liberalek eskaintzen dituzten aukerak.

SPRIren Kanpo Sareko ordezkari eta aholkulariek 600 bilera inguru egin zituzten beren nazioartekotze prozesurako SPRIren laguntza edo aholkularitza jaso nahi duten enpresariekin. Kanpo Sareak enpresa bakoitzaren neurrira eginiko zerbitzuak ematen ditu atzerrira irteteko prozesu osoan: hasten eta sendotzen laguntzen zaie esportazioak handitzeko, eta laguntza ematen zaie baita ere nazioarteko posizionamenduan errotzeko.

Herrialde gonbidatua -Mexiko- izan da bilera gehien izan dituena, 29 hain zuen. Mexikoren atzetik hauek datoz, bilera kopuruaren arabera: Kolonbia (28); Estatu Batuak (27); Txile (27); Alemania (26); Argentina (24); Txina (20); India (20); Erresuma Batua eta Irlanda (20); Errusia (20); Frantzia (18); Brasil (18); Iran (17); Baltikoko herrialdeak, Eskandinaviako herrialdeak eta Bielorrusia (17); Peru (17); Arabiar Emirerriak (16); Singapur eta Singapurreko zonaldea (16); Polonia (15) eta Maroko.

Gainera, DHL, Lufthansa eta Bankinter-ek babestutako foro horri esker  INTERGUNE+ azokan parte hartu zuten 44 erakusleek beste 450 elkarrizketa egin zituzten.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow