Mexikok %4,25eraino igo ditu interes-tasak

8 July, 2016

 

Mexikok %4,25eraino igo ditu interes-tasak eta Munduko Bankua, eguzki energiaren sustapenaren alde Indian

 

Mexikok %4,25eraino igo ditu interes-tasak

Brexit-ak eragindako lurrikararen aurrean, Mexikoko Banku Zentralak iragarri du interes tasak igoko dituela %3,75etik %4,25eraino. Bigarren igoera otsailaz geroztik izango da eta helburu bikoitza du: nabarmen depreziatuta dagoen dibisa bat egonkortzea eta inflazio helburua (%3) betetzea. Merkatua neurri horrexen zain egon da, eta, hartu denean, presioa arintzeaz gain, berehala lortu du dolarrarekiko aldea hobetzea, nahiz eta mehatxuak hor jarraitzen duen. Nazioarteko ziurgabetasunak, atonia ekonomikoak eta Donald Trump agintera heltzeko menturak bizirik mantentzen ditu zalantza guztiak.

 

Pesoa bere bertuteen biktima da. Pesoa da herrialde gorakorretako txanpon likidoena, 135.000 milioi peso eskualdatzen direlarik egunero; baina bada baita ere nazioarteko merkatuen gorabeherak gehien jasaten dituen dirua. Oparoaldietan haizeak alde jotzen dio, baina une kritikoetan olatuen menpe gelditzen da. Orain gertatu den bezalaxe.

 

Interes tasak igota, Mexikoko Bankuak egonkortasuna eman nahi dio dibisari eta prezioen igoera geratu nahi du. “Kanpoko baldintzak nabarmen okertu dira, eta horrek ondorio kaltegarriak izan ditzake. Gerta liteke azken hilabeteetako depreziazioak inflazio espektatibak ez mugiaraztea, eta horixe da hain zuzen eragotzi nahi dena” adierazi du erakundeak.

 

Motelgailu hori aktibatzea ez da hartu den neurri bakarra. Brexit erreferendumaren emaitza jakin zen egun berean, Ogasun Publikoak 1.700 milioi dolarreko gastu-murrizketa jakinarazi zuen. Diziplina neurri bat izan zen, Banku Zentralaren iritziz garrantzitsua, baina ez nahikoa. “Zerga egokitzapena urrats bat da norabide zuzenean, baina ikusirik kanpoko ziurgabetasuna eta sektore publikoko finantza eskakizunek azken urteetan izan duten bilakaera, komenigarria izango litzateke neurri gehiago hartuko balira finantza publikoak sendotzeko, esaterako, superabit primarioa lortzea 2017tik aurrera”, esan du erakundeak.

 

Munduko Bankua, eguzki energiaren sustapenaren alde Indian

Munduko Bankuak akordio bat sinatu zuen ostegunean Indiak zuzentzen duen Nazioarteko Eguzki Aliantzarekin, eguzki energiaren erabilera sustatzeko garatzen ari diren lurraldeetan, bilioi bat dolar inbertituz horretarako 2030a baino lehen.

 

Jim Yong Kim banku presidenteak eta Piyush Goyal Indiako Energia ministroak sinatu duten akordioaren bitartez, Munduko Bankua aliantza horren bazkide finantzarioa bihurtuko da. Indiak eta Frantziak iazko azaroan eman zuten aliantza horren berri NBEk klima aldaketari buruz Parisen antolatutako konferentzian. Eguzki energiaren garapena sustatzen duten 120 herrialde inguru barne hartzen ditu.

 

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow