Martxoan SPRIren Kanpo Sareak arreta pertsonalizatua emango die nazioartekotu nahi duten enpresei

18 February, 2016

Hiru jardunaldi egingo dira: martxoaren 16an Euskalduna Jauregian, “Mundura Begira” kongresuaren barnean; eta hilaren 17an eta 18an, Gipuzkoa eta Arabako teknologi parkeetan.

Nazioartekotu edo atzerrian beren negozioa bultzatu nahi duten euskal enpresek arreta pertsonalizatua jasotzeko aukera paregabea izango dute hiru euskal lurraldeetan egingo diren jardunaldi horietan. Martxoaren 16, 17 eta 18an egingo dira SPRIren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziaren) Kanpo Sareak antolatutako topaketak.

Hilaren 16koa Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da, Mundura Begira-Mirando el Mundo kongresuaren barruan. Kongresu horretan aurkeztuko da, bestalde, Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoa (NEP), Eusko Jaurlaritzak Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberekin batera sortutako erakundea, enpresen nazioartekotzearen alde elkarlanean aritzea helburu duena.

SPRIren Kanpo Sareak, bere zerbitzuak 70etik gora herrialdetan eskaintzen dituenak, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Miramon, Donostia) egingo die harrera enpresei martxoaren 17an eta Arabako Teknologi Parkean (Miñao) martxoaren 18an. Hiru topaketa horietan, Euskadiko enpresari eta zuzendaritza-karguek aukera bikaina izango dute aurrez aurreko elkarrizketak izateko eurei interesatzen zaien merkatuan espezializatutako SPRIren Kanpo Sareko teknikariarekin.

Bere zerbitzuak 70etik gora herrialdetan eskaintzen dituen SPRIren Kanpo Sareak beste topaketa bat egin zuen azaroan euskal enpresekin INTERGUNE+n, Eusko Jaurlaritzak urtero antolatzen duen nazioartekotze foroan. Ekitaldi hartara mila lagun inguru bildu ziren eta 600 bat elkarrizketa egin ziren.  Bi egun horietan INTERGUNE+ topagune bihurtu zen, eta euskal enpresek informazioa jaso zuten nazioartekotze-zerbitzuei, Europako politikei, herrialde gorakorrei eta atzerrian izan ditzaketen aukerei buruz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow