Munduan gertatutakoak. Irailako lehenengo astea

9 September, 2016

 

Itasa enpresak Mexikon duen presentzia sendotu nahi du produkzio planta propio batekin eta Energia garbiak inbertitzaileak erakarri ditu Brasilera

 

Itasa enpresak Mexikon duen presentzia sendotu nahi du produkzio planta propio batekin  

Industrias de Transformación de Andoain SA (Itasa) paper silikonatua egiten duen Europako hiru fabrikatzaile nagusietako bat da, eta mundu mailako liderren artean sartu nahi du orain. 2012an, Itasak ia 50 milioi euroko fakturazioa izan zuen, iazko ekitaldia 60 milioirekin itxi zuen, eta 2016ko honetan 70 milioira iritsiko dela aurreikusi du. 2018rako, berriz, helburutzat hartu du 90 milioiren inguruan kokatzea, %30 inguruko hazkundea izan beharko duelarik horretarako.

 

140 langileko Gipuzkoako ETE horrek gaitasuna izan du berritzeko, dibertsifikatzeko eta nazioartekotzeko. Bere produkzioaren %85 esportatzen du, berriki planta bat erosi du Malaysian, eta orain beste lantegi bat zabaldu nahi du Mexikon.

 

Une honetan presentzia dauka Mexikoko Errepublikan, bertan kokatuta baitago Itamar filiala, tokiko bazkide batekin sortutako enpresa mistoa (jointventure). Itamar amaierako eraldaketan diharduen konpainia bat da, hau da, Andoainen fabrikatutako paper silikonatua jasotzen du, eta inprimatu eta ebaki egiten du, produktu hori gero higienearen merkatuetara bideratzeko.

 

Itasak lantegi propioa izan nahi du Mexikon epe ertainean, hurbilagotik erantzuteko NAFTA merkatuaren eskakizunei.

 

Energia garbiak inbertitzaileak erakarri ditu Brasilera

Brasilen, energia berriztagarrien sektorea da krisi ekonomikoaren eragina gutxien nabaritu duena. Energia eolikoaren edo eguzki energiaren sorkuntzak, adibidez, dinamismo eta hazkunde tasa handiak ditu oraindik.

 

Energia hidroelektrikoa da beti liderra. Energia eolikoa  bigarren energia iturri merkeena da, eta sektore horretako ordezkarien esanetan, R$50 biliotik gora ari dira inbertitzen. Bestalde, eguzki energia da hazkunde-muga handiena eta Brasileko Gobernuak 100R$  bilioiko inbertsioa espero du 2030era arte.

 

AEBetako BPGa %1,2 hazi da

AEBetako Barne Produktu Gordina %1,2ko erritmo anualizatuan hazi zen bigarren hiruhilekoan, Merkataritza Sailak argitaratzen dituen hiru datuetatik lehenak dioenaren arabera. Espero zena baino gutxiago da hori, zeren Bloomberg aholkularitzak kontsultatutako adituek %2,5eko hazkundea iragarri baitzuten.

 

Bilera CONALEP erakundearekin Euskadik Mexikon duen ordezkaritzan

Colegio Nacional de Educación Profesional Técnica (CONALEP) erakundea Euskadik Mexikon duen ordezkaritzan izan zen, herrialde hartan kokatutako euskal enpresek duten arazo bat aztertzeko, hots, langile teknikoen gaikuntza espezifiko falta eta errotazio tasa altua. Euskadiren ordezkaritzak, besteak beste, ibilbide tekniko espezifiko bat sortu nahi luke CONALEP erakundearen baitan, euskal enpresen produkzio premiei erantzuteko.

 

Patricia Guadarrama, ikasketa eta truke akademikoen arduraduna, eta Xavier Rello, nazioarteko lankidetzaren koordinatzailea, azaldu ziren bilerara erakunde publiko mexikarraren izenean, eta euren esanetan CONALEP gogotsu dago beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko. Gaur egun, CONALEPek loturak ditu Prestakuntza Bikoitzeko eredu mexikarrarekin, zeina Alemaniako esperientzian oinarrituta baitago, eta, gainera, proiektu bat garatzen ari da Japoniako gobernuarekin. Japoniarekin hitzartutako akordioa indarrean egongo da 2015etik 2019ra arte, eta hainbat puntu hartzen ditu barne, hala nola CONALEPeko irakasleak Japonian prestatzea, eta automotrizitateari buruzko prestakuntza tekniko bat sortzea Guanajuato, Querétaro eta Aguascalientes eskualdeetako hainbat ikastetxetan.

 

Horrela bada, Ordezkaritzak Euskadiko Lanbide Heziketa sustatzen jarraitzen du, eta lankidetza estuagoa lortu nahi du Mexikoko erakundeekin,  Mexikoko goi-mailako hezkuntza arloko gabeziek duten eragin okerra murrizteko han kokatutako euskal enpresetan.

 

Klima aldaketari buruzko gailurra antolatuko du Jaliscok

 Jaliscok 400 milioi pesoko funts berde bat sortu du klima aldaketari aurre egiteko, eta funts hori ez da nahastuko Estatuko finantzekin, jakinarazi du Aristóteles Sandoval Díazek, Estatuko gobernatzaileak, behin iragarri ondoren Mexiko mendebaldeko hiri horretantxe egingo dela Klima Aldaketari buruzko Ameriketako II. Gailurra 2016 (CCCA).

 

Jaliscori eman zaio Klima Aldaketari buruzko II. Gailurreko presidentetza, hartara aitortzeko nazioarteko hainbat forotan egina duen lana, esaterako Ontarioko Gailurrean eta Pariseko COP21 bileran, non nekazaritzako lurren degradazioa eta deforestazioa aztertu baitzen, beste gai batzuen artean.

 

Klima aldaketarekin lotutako nazioarteko foro horietan Jaliscok funts metropolitarrak birkonfiguratzeko programa bultzatzen du nagusiki; funts horiek mugikortasun sostengarria, peatonalizazioa eta espazio publikoen erreskatea lortzeko erabiliko dira, eta baita ere barne-konbustiozko ibilgailuak elektrikoekin ordezkatzeko. Estatuko gobernuak 300 ibilgailu elektriko erosi nahi ditu datozen hiru urteetan.

 

Tubos Reunidos enpresak Rotary DrillingTools konpainia iparramerikarra erosi du 19,6 milioitan

Tubos Reunidos enpresak Rotary Drilling Tools konpainia iparramerikarra erosi du 19,6 milioitan. RDT erostea “urrats erabakigarria” izan da presidenteak akziodunen azken batzar orokorrean iragarri zuen Plan Estrategikoko helburuak betetzeko bidean.

“RDT erosita, 2012an hasitako inbertsio plana bukatuta, eta MarubeniItochu Tubulares enpresarekin akordio estrategikoa lortuta, buru ematen diogu gure negozio nagusietako bat eraldatzeko hasi genuen estrategiari, eta ‘premium’ hodi konponbideen hornitzaile gisa sendotu gara”, azpimarratu du.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow