Munduan gertatutakoak. Ekainako laugarren astea

24 June, 2016

 

EHUko talde batek ordenagailu kuantiko berri bat sortzeko prozesuan parte hartu du AEBetan eta Eraikuntza eta azpiegitura proiektuak hazten ari dira Moskun

 

EHUko talde batek ordenagailu kuantiko berri bat sortzeko prozesuan parte hartu du AEBetan

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) zientzialari talde batek eta Google enpresaren Santa Barbarako (Kalifornia) konputazio kuantikoko laborategiko arduradunek iragarri dute ordenagailu kuantiko berri bat sortu dutela, eta ordenagailu horrek gainditu duela makina horien garapenean sortu ohi den arazo garrantzitsu bat. Orain arteko konputagailu kuantiko handienak analogikoak dira. Horrelako ordenagailuak salgai daude 15 milioi dolarretan.

2013an, Google-k ordenagailu horietako bat erosi zuen NASArekin batera. “Google-k estrategikotzat jotzen ditu makina horiek, bere asmoa baita horien bidez adimen artifizialaren arloko arazoak konpontzea, batez ere irudien errekonozimenduan, beren algoritmoek arazoak ematen dituztelako, eta uste dute ordenagailu kuantiko batekin konpon ditzaketela arazo horiek” azaldu du Enrique Solanok, EHUko Informazio Zientzietarako Teknologia Kuantikoko taldeko arduradunak. 2014ko udan hasi zen bere taldea Google enpresarekin lanean Santa Barbara hirian, lehenik simulazio kuantiko digitalaren arloan, eta gero ordenagailu kuantiko bat eraiki zuten beren instalazioetan.

Gaur egungo ordenagailu kuantikoek (analogikoek) arazo handi bat dute, zeren, PCek ez bezala, ezin baitituzte akatsak zuzendu. Eta zenbat eta bit gehiago metatu (makinarik handienak 1.000 bit dauzka), orduan eta akats gehiago pilatu daitezke.

Eraikuntza eta azpiegitura proiektuak hazten ari dira Moskun

 

Eraikuntzaren sektorea osasuntsu dago Moskun. 2016. urtearen hasieratik hona, eraikin berriak eraikitzeko 473 baimen eman dira, eta eraikin horiek 45 milioi m2ko azalera okupatuko dute. Erdiak baino gehiago etxebizitzak izango dira. Eraikuntza baimenak eman dira ondoko hauetarako: 8 hotel, 6 eskola, 11 zaharren egoitza, 8 osasun egitura, 14 kirol zentro, 9 eliza ortodoxo, 9 merkataritza-gune eta 10 bulego eraikin. Era berean, udalak beste hainbat eraikuntza-lan programatu ditu, besteak beste, hauek: Errusiako hiriburuko ibaiak zeharkatuko dituzten 15 zubi berri eraikitzea 2016-2020 bitartean, 13 errepide-egitura egitea, 18,9 km metro-linea sortzea, eta 264 autorentzako aparkalekuak egitea.

 

 

San Petersburgon ez zaie zirkulazio zergarik kobratuko auto elektrikoei

Finantza Batzordeko kideek lege proiektu bat onartu dute, San Petersburgoko auto elektrikoen jabeek ez dezaten zirkulazio zergarik ordaindu. Neurri hori 2017ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean hiru urterako. Garraio ekologikoa bultzatzea da arau berri horren helburua. Batzordeko kideek, bestalde, gomendatu zuten babes neurriak aplikatzea 2016an fabrikatutako eta apirilaren 1etik aurrera erregistratutako auto errusiarrak erosten dituztenentzat.

Lege proiektuaren egileek orobat proposatu dute azken bi urteetan ustiatzen hasitako etxebizitza anitzeko eraikinetan apartamenduren bat erosten duten San Petersburgoko pertsona fisikoek ez dezatela zergarik ordaindu hiru urtez. Enpresaren batek neurri hori aprobetxatu nahiko balu, San Petersburgon izan beharko luke zerga egoitza.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow