Urkullu lehendakariak zuzenduko du “Mundura Begira-Mirando al mundo” deritzon jardunaldia, Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren lehenengo ekintza bateratua, hiru foru ahaldunak tarteko direla

2 March, 2016

300 enpresa baino gehiago SPRI-ren kanpoko sare osoarekin bilduko dira Bilbon, Eusjadik bost kontinenteetako merkatuetan dituen negozio-aukerarik onenaz aztertzeko.Topaketa Euskalduna Jauregian antolatuko da martxoaren 16an, eta bertan, arreta berezia egingo zaie Jaurlaritzak lehentasunezkotzat jo dituen bost merkatuei: Estatu Batuak, Mexiko, Txina, Alemania eta Hego Afrika, garapen-bideko herrialdea. Nazioarteko zazpi aditu ospetsu arduratuko dira euskal enpresentzat interesgarrienak diren merkatuetako joerak, datu makroekonomikoak eta ikuspegiak azaltzeaz. Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Merkataritza Ganberek, ENPren eragileak diren heinean, enpresei zuzendutako nazioartekotze-programa guztiak biltzen dituen katalogo bateratua aurkeztuko dute. ‘Mundura Begira’ topaketan, enpresei zuzendutako Aholkularitza Esparru esklusibo bat ere antolatuko da, 50 herrialde baino gehiagotan espezializatuta dauden SPRIko eragileen parte-hartzeaz eta SPRIren kanpoko sareari atxikitako 15 bulegoen arduradunak tarteko direla, topaketa honetan propio parte hartzeko etorriko baitira Euskadira. Euskadik multi-lokalizatutako 150 enpresa ditu gaur egun, eta guztien artean 300 ezarpen produktibo baino gehiago dituzte kanpoko merkatuetan

 

Nazioartekotze bokazioa duten 300 enpresak baino gehiagok, euskal erakundeek esportazioari eskaintzen dioten laguntza-azpiegitura osoa tarteko duen ezohiko topaketa batean parte hartuko dute martxoaren 16an, asteazkenez. Nazioarteko aditu ospetsuak eta kanpoko presentzia duten euskal enpresen ordezkariak partaide dituela, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ deritzon jardunaldi honek halakoxe inflexio-puntua ekarriko dio Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek, hiru merkataritza ganberek eta Eusko Jaurlaritzak osatutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoari (ENP).

 

Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da, Urkullu lehendakaria buru dela, eta aparteko aukera eskainiko die kanpoko merkatuen alde apustu egin duten euskal enpresei. Ekitaldian, halaber, Arabako Ahaldun Nagusia (Ramiro Gonzalez), Bizkaiko Ahaldun Nagusia (Unai Rementeria) eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusia (Markel Olano) izango dira, baita hiru lurraldeetako merkataritza-ganberetako presidenteak ere (Gregorio Rojo, José Ángel Corres eta Pedro Esnaola, hurrenez hurren).

 

Alde batetik, lehen eskuko informazioa jaso ahal izango dute, han-hemenkako herrialdeetan 15 bulego eta bost kontinenteetan banatutako berrogeita hamar bat eragile dituen Eusko Jaurlaritza-SPRIren kanpoko sarearen eskutik. Era berean, txostengile lana egingo duten nazioarteko zazpi analista ospetsuren agerraldiak entzuteko aukera izango dute, eta amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak zehaztuak dituen lehentasunezko merkatuetan —AEB, Mexiko, Txina, Alemania eta esploratu beharreko Hego Afrikako lehentasunezko merkatua— ezarrita dauden zenbait euskal enpresaren lekukotasunak ezagutuko dituzte.

 

‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ jardunaldia da, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru lurralde historikoetako foru aldundien eta merkataritza ganberen ekimen bateratuaren ondorioz 2014an sortutako Euskal Nazioartekotze Partzuergoak (ENP) antolatu duen munta handiko lehenengo topaketa. Partzuergoa, bertako kide diren erakundeek euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko erabiltzen dituzten estrategien koordinazioa eta gobernantza hobetzeko asmoz sortu zen. Partzuergoak nazioartekotze-fase desberdinetan —esportazioak, merkatu-analisiak, merkataritza-harremanak, kanpoko ezarpenak, etab.— euskal enpresei laguntzeko programak eta laguntzak biltzen dituen Katalogoa aurkeztuko du.

 

Lehentasunezko bost merkatu hedapen-fase desberdinetan

Jardunaldi honen bidez, ezagutzera emango zaie enpresariei ENPk eskaintzen duen zerbitzu-katalogoa, eta horrekin batera, nazioartekotze-prozesuetan dauden gaur egungo joerei buruz eztabaidatu eta egungo harremanen heldutasunari zein aukera berriak esploratzeko premiari erreparatuta, lehentasunezkotzat jo diren bost merkatuak zehatz-mehatz aztertu ahal izango dituzte, herrialde horietan espezializatuta dauden adituen laguntzaz:

Alemania: automobilgintza, makina-erreminta eta energia sektoreekin lotutako 86 euskal ezarpen ditu (horietatik 17 ezarpen produktiboak dira).

Txina: makineria eta ekipo mekanikoa, metalurgia eta produktu metalikoak eta material elektrikoa gisako sektoreekin lotutako 170 ezarpen (79 produktiboak).

Estatu Batuak: energia eta automobilgintza sektoreekin lotutako 91 ezarpen (34 produktiboak).

Mexiko: automobilgintza, aeronautika eta energia sektoreekin lotutako 180 ezarpen (68 produktiboak).

Hego Afrika: energia, automobilgintza, ontziratze eta paketatze sektoreekin lotutako bederatzi ezarpen (bost produktiboak). Herrialde honi arreta berezia egingo zaio aurrerantzean, euskal enpresarentzat oraindik garapen-bidean dauden aukerak esploratu ahal izateko.

 

Nazioarteko adituak eta kanpoan finkatuta dauden euskal enpresak

Hona hemen, jardunaldian txostengile lanetan parte hartuko duten nazioarteko aditu nabarmenenetako batzuk:

  • Patrick Schwerdtfeger: nazioarteko negozio-joera nagusietan trebatutakoa, ‘big data’, aurreikuspen demografikoak eta sare sozialak barne hartuta.
  • Jaime Malet, Estatu Batuetako merkataritza Ganberako presidentea Espainian
  • Pedro Nueno: enpresen arloko berrikuntza, sorkuntza eta zuzendaritzan espezializatutako aditua, IESE Business School-eko irakaslea eta CEIBSeko (China Europe International Business School) Presidentea.
  • Walther von Plettenberg: Alemaniaren Espainiarako Merkataritza Ganberako Zuzendari Kudeatzailea eta Zuzendaritza Batzordeko kidea.
  • Carlos Malamud: Madrilgo UNEDeko Amerikako Historiako katedraduna eta Nazioarteko Azterketa Estrategikoetarako Elcano Errege-Institutuaren Latinoamerikarako Ikertzaile Nagusia.
  • François Conradie: Afrikako merkatuen analisian eta ikerketan espezializatuta dagoen NKC African Economics aholkularitza-enpresako Ikerketa Zuzendaria.
  • Enrique Manzanares: Hego Afrikarako Espainiar Merkataritza-Ganberaren sortzaile eta kidea, hainbat gobernu, enbaxada, nazioarteko negoziazio eta inbertsio eta finantzaketa eragiketatarako aholkulari lanetan jardundakoa.
  • José Ramón Andrieu: Iberdrolaren Hego Afrikako negozio-garapenaren arduraduna.

 

Euskal enpresen esperientziari dagokionez, lehentasunezkotzat jo diren herrialde horietan finkatuta dauden konpainien testigantzak entzuteko aukera izango da. Horien artekoak ditugu Elay Taldea (Txina), Lantek (Alemania), BTI (AEB), Batz Energy (Hego Afrika) eta Elur (Mexiko). Kontuan izan behar da Euskadik multi-lokalizatutako 150 enpresa dituela, eta guztien artean 300 ezarpen baino gehiago dituztela kanpoko merkatuetan. Sektore guztietako enpresak dira, bereziki industria esparrukoak, eta filialak ezarri dituzte, batez ere Europan eta Amerikan.

 

Ordezkariekiko topaketa eta aholkularitza pertsonalizaturako esparrua

Biltzarreko eduki eta jarduerekin batera, ‘Mundura Begira – Mirando al mundo’ topaketan, enpresei zuzendutako Aholkularitza Esparru esklusibo bat ere antolatuko da, enpresen nazioartekotzea sustatzen diharduten zazpi euskal erakundeen parte-hartzeaz: Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiak eta hiru lurralde historikoetako merkataritza ganberak. Hauek partekatutako standean, 50 herrialde baino gehiagotan 15 bulego propio eta hainbat eragile dituen Eusko Jaurlaritza-SPRIren kanpoko sareak ere parte hartuko du. 15 bulegoen arduradunak Euskadira etorriko dira, topaketa honetan propio parte hartzeko asmoz.

 

Enpresek aurrez aurreko bilerak eskatu ahal izango dituzte 70 herrialde horietan zuzendari nahiz aholkulari lanetan dihardutenekin. Aurretiaz, hitzordua eskatu beharko dute www.spri.eus webgunean, eta horrenbestez, enpresariak aurrez aurrez eta banaka batzartu ahal izango dira SPRIren Kanpoko Sareko ordezkari eta teknikariekin nahiz DFIko (Development Finance International, Inc.) profesionalekin. Interesatuta dauden enpresa guztien eskaerei erantzuteko, topaketak hilaren 17an eta 18an egingo dira, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean (Miramon, Donostia) eta Arabako Teknologia Parkean (Miñao), hurrenez hurren.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow