SPRIren Kanpo Sareak arreta pertsonalizatua emango die nazioartekotu nahi duten enpresei

19 February, 2017

Otsailaren 28tik aurrera 9 jardunaldi egingo dira Bilbon eta Gipuzkoa eta Arabako Teknologi Parkeetan.

 

Nazioartekotu nahi duten edo atzerrian beren negozioa bultzatu nahi duten euskal enpresek arreta pertsonalizatua jasotzeko aukera paregabea izango dute hiru euskal lurraldeetan egingo diren bederatzi jardunaldi horietan. Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 22an bukatuko dira SPRIren (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentzia) Kanpo Sareak antolatutako topaketak.

 

Hitzorduak eremu geografikoka antolatu dira. Otsailaren 28an (SPRIk Bilbon duen egoitzan), martxoaren 1ean (Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean) eta martxoaren 2an (Arabako Teknologi Parkean) Europan eta Latinoamerikan nazioartekotzeko topaketak egingo dira. Martxoaren 13, 14 eta 15eko hitzorduek Afrika, Ekialde Ertaina eta Ipar Amerika izango dituzte ardatz, eta martxoaren 20, 21 eta 22koetan, berriz, Asia eta Ozeania izango dira hizpide.  Interesatuek SPRI Taldearen web orrian eman dezakete izena hitzorduak adosteko.

 

Bilera horiek aukera paregabea izango dira euskal enpresari eta zuzendaritza-karguentzat, aurrez aurreko elkarrizketak egingo baitituzte interesatzen zaien merkatuan espezializatutako SPRIren Kanpo Sareko teknikariarekin. Hitzordu horietan aztergai izango dituzte sektore bakoitzaren ezaugarriak atzerrian, bulego komertzialak irekitzeko aukerak, nazioartekotzeko finantzaketa edota zein bide dauden interesatzen zaien herrialdeko bazkideekin eta agintariekin harremanetan jartzeko.

 

SPRIren Kanpo Sareak ia 500 elkarrizketa egin zituen iaz euskal enpresekin, Mundura Begira-Mirando el Mundo kongresuaren barruan antolatu ziren topaketetan. Euskal enpresei Europa interesatu zitzaien gehienbat, Europari buruzko 136 elkarrizketa egin zirelarik, eta ondoren Latinoamerika (85), Ipar Amerika (74), Asia eta Ozeania (70) eta Afrika eta Ekialde Ertaina (65).

 

SPRIren Kanpo Sareak 70 herrialde baino gehiagotan eskaintzen ditu bere zerbitzuak, bulego propioen eta aholkularien bitartez. Joan den urrian ere aholkularitza pertsonalizatua eskaini zen Intergune+, urteroko hitzordua nazioartekotzearekin Euskadin ekitaldiaren barruan, non 500dik gora euskal enpresa elkartu baitziren.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow