Itsasoko energia eolikoa, automozioa eta trenbideetako proiektu handiak dira Erresuma Batuko negozio-aukerak

5 October, 2016

Erresuma Batuko enbaxadore Simon Manleyk gaur esan du Intergune+ ekitaldian Brexit prozesua “ez dela izango ez laburra, ez erraza. Traturik onena nahi dugu guretzat. Ez gara itxiko, eta ez diegu bizkarrik emango Europar Batasunean dauzkagun bazkideei, gure bizilagun eta aliatu komertzial izango baitira hemendik aurrera ere”.

 

“Itsasoko energia eolikoa arrisku txikiko inbertsioa da jada” adierazi du Ignacio Martik, ORE Catapult enpresako berrikuntzako zuzendariak. Antonio Camposek, CAFeko eremu zuzendariak, ziurtatu du trenbideen merkatu britainiarra dela “Europako irekiena, pribatizatuena eta liberalizatuena”.

 

Automozioaren fiskalitate baxua, itsasoko energia eolikoaren itzelezko goraldia eta trenbideetako proiektu handiak dira Erresuma Batuko negozio-aukera garrantzitsuenak, eta hori argi gelditu da Barakaldoko BECen egin den Intergune+, Euskadiren Hitzordua Nazioartekotzearekin ekitaldiaren bigarren jardunaldian. Herrialde gonbidatu bezala, Erresuma Batua izan da jardunaldiko protagonista, dozena bat hizlari bildu dituelarik.

 

Simon Manley enbaxadoreak parte hartu du goiz osoan zehar luzatu den Erresuma Batuari buruzko jardunaldian. Manley Brexit prozesuari buruz mintzatu da goizaren amaieran: “orain arte izan garen herrialde berbera gara”, berrikuntzarentzat eta atzerriko inbertsioarentzat zabalik dagoena. “Brexit prozesua ez da izango ez laburra, ez erraza” erantsi du. Traturik onena nahi dugu guretzat. Ez gara itxiko, eta ez diegu bizkarrik emango Europar Batasunean dauzkagun bazkideei, gure bizilagun eta aliatu komertzial izango baitira hemendik aurrera ere”.

 

Intergune+ ekitaldiak 500dik gora euskal enpresa batu ditu, zeintzuek aukera izan baitute SPRI Taldearen kanpo sareko ordezkariekin harremanak egiteko eta beren premiak azaltzeko. Horrez gain, 18 jardunaldi tematiko egin dira guztira, eta 50etik gora hitzaldi eta 60tik gora hizlari elkartu dira.

 

Erresuma Batuari buruzko jardunaldian hainbat sektoretako negozio aukerak jorratu dira. Derek Doyle-k, Bilboko kontsulak, adierazi du energiaren sektoreak modernizatzeko premia duela, batez ere ikatzezko zentral termikoak kendu dituztelako.

 

Lawrence Davies-ek, Automotive Investment Organisation-eko (automozioaren sektoreko liderrak biltzen dituen Nazioarteko Merkataritza Ministerioaren menpeko organismo bat) zuzendari nagusiak azaldu du beren erronka nagusia dela berrikuntza handitzea, zeren “gure autoek, batez beste, 35 osagai dituzte, eta, ostera, alemanek (mundu mailako liderrak automozioan) 60 inguru”. Davies-ek azpimarratu du Erresuma Batuak 1,7 milioi ibilgailu fabrikatzen dituela urtean, eta asmoa da “2020rako bi milioira iristea”.

 

Davies-ek dioenez, Britainia Handian inbertitzearen abantailetako bat da “G7 taldeko fiskalitate baxuena duela”, eta Sozietateen gaineko Zerga “%20koa dela. Irlandak bakarrik dauka portzentaje baxuagoa, %12koa hain zuzen”. “Patenteetan irabazien %10 baino ez da ordaintzen, eta Munduko Bankuaren arabera, munduko lehen ekonomia gara negozioak egiteko erraztasunari dagokionez”.

 

Miguel López Quesadak, Gestamp automozio enpresako Komunikazio eta Gai Instituzionalen zuzendariak, bere konpainiaren esperientzia azaldu du, zeina Erresuma Batuan baitago 2011tik. “Autoetan sinesten duen herrialdea da. Garai batean bertan behera utzi zuen sektore hori, baina gu hara joan ginenerako egoera aldatuta zegoen berriro”. Quesadak esan du lanaren kostuak Espainian baino askoz baxuagoak direla, eta merkatu britainiarra “batez ere esportatzailea dela, baina mugikortasuna behar duela, eta lurzoru industrialaren prezioa nahiko altua dela”.

 

Energiaren sektoreari dagokionez, jardunaldian itsasoko energia eolikoaren aukerak nabarmendu dira. ORE Catapult programaren (gobernu britainiarrak diruz lagundutako berrikuntza programa, gune estrategikoetako ikerketa zentroei zuzendua) berrikuntza arloko zuzendari  Ignacio Martik adierazi du, aurreikuspenen arabera, lau urtean itsasoko potentzia eolikoa bikoiztu egingo dela, egungo 5 gigawatiotik 10eraino. “Orain arrisku baxuko inbertsiotzat jotzen da: dagoeneko 1.500 aero-sorgailu dauzkagu martxan itsasoan Erresuma Batuan”. Martik azpimarratu du kostuak drastikoki murriztu direla azken urteotan. “2014arekin alderatuta, %35 murriztu dira”.

 

[pullquote]Erresuma Batua “trenbidearen urrezko aro berri bat bizitzen ari dela” dago, dio Karyn Barnesek[/pullquote]

UK Trade Investment (industriaren eta gobernu britainiarraren arteko bitartekaria, trenbideen sistema bultzatzea helburu duena) erakundean zuzendaritza-kargu bat duen Karyn Barnes-ek esan du bere herrialdea “trenbidearen urrezko aro berri bat bizitzen ari dela”, gobernuak 38.000 milioi liberako inbertsio bat egin duelarik 2014-2019 urteetarako. Barnes-ek adibide bezala aipatu du badela proiektu bat 2017tik aurrera wifia doan eskaintzeko Ingalaterra eta Galeseko tren guztietan; beste bat abiadura handiko tren bat egiteko Londrestik Birmingham, Manchester eta Leeds hirietara; eta beste bat Londresko metroa eraldatzeko. “Plan horiek aukera handiak sortuko dituzte, baina argi izan behar da proaktibo izan beharra dagoela aukerak aprobetxatzeko”.

 

Antonio Camposek, CAFeko eremu zuzendariak (Heathrow aireportuko konexioetarako trenen proiektua izan zen egin zuen lehena) esan du Erresuma Batua dela munduko merkatu garrantzitsuena bere konpainiarentzat, 1,3 bilioi euroko eskaerak egiten baitizkio.

 

“Britainia Handiko trenbideen merkatua da Europako irekiena, pribatizatuena eta liberalizatuena” adierazi du. “Ahaleginduko gara aurrerantzean ere lehiaketak irabazten, eta paper garrantzitsua izan nahi dugu etorkizunean egingo diren abiadura handiko trenen proiektuetan, bai fabrikatzaile eta bai hornitzaile gisa”. “Erresuma Batuan egon beharra dago, eta trenbideen sektorean negozioak egin”.

 

Esan bezala, Simon Manley enbaxadoreak eta Marian Elorzak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzako idazkari nagusiak, itxi dute jardunaldia. Azken horrek Brexit prozesua hartu du hizpide. “Erresuma Batuaren irteera ordenatu bat egin behar da, eta argitu beharra dago nolako lotura izango duen Europar Batasunarekin”. Gogorarazi du bostehun euskal enpresa inguruk esportatzen dutela Erresuma Batura, baina “ez dagoenez EBtik ateratako ezein herrialderen aurrekaririk, horizontea oso ziurgabea da”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow