Nazioarteko lankidetza teknologikoa, negozioak egiteko beste bide bat enpresentzat

22 iraila, 2016
Ihardunaldiaren momentu bat.

 

SPRI Taldeak eta Innobasquek antolatutako jardunaldi batean ezagutzera eman dira hazteko eta kanpora ateratzeko dauden aukerak.

 

Nazioarteko lankidetza da enpresek hazteko eta atzerrira ateratzeko daukaten bideetako bat. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) eta Innobasquek jardunaldi bat antolatu dute  Basque EEN partzuergoaren bitartez (Europa enpresei hurbiltzen dien erakundea eta laguntza funtsak banatzen dituena, baita euskal enpresentzat ere), eta bertan jarri dituzte ikusgai Espainian CDTI-Estatuko berrikuntza agentziaren bitartez egingo diren proiektu berriek eskaintzen dituzten aukerak, 175 milioi euroko urteko finantzaketa-aurrekontua dutenak.

 

CDTIko ordezkariek azaldu dute zeintzuk diren nazioartekotze zerbitzuak, nazioarteko proiektuetarako finantzaketa baldintzak, nola tramitatzen diren, eta zeintzuk diren aukerak eskaintzen dituzten herrialdeen ezaugarri bereziak.

 

Carlos Toledok, CDTIko Energia, Garraio, Fabrikazio eta Gizarte Digitalaren Saileko buruak, jakinarazi du 2013tik 2015era bitartean   525 proiektu finantzatu direla Euskadin teknologia transferentziaren arloan,  285 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez.

 

“Nazioarteko lankidetza teknologikoko proiektuak edozein arlotakoak izan daitezke, baina merkatura zuzenduak egon behar dute. Deialdiak urte osoan daude zabalik, eta arrakasta tasa %60tik gorakoa da. Proiektuaren %75 finantzatzen da. Asmoa da proiektu berritzaile bakar bat ere ez dadila geratu kanpoan”, esan du.

 

CDTIko Kanpoko Ekintza Teknologikoko Saileko kide Oscar Gonzálezek adierazi duenez,  Espainiako esportazioen %89a ordezkatzen duten 77 herrialderekin lan egiten dute.“Programa deszentralizatuak dira, Espainiak ebaluatzen eta finantzatzen dituenak. Proiektua noiznahi ekar daiteke. Ez ditugu finantzatu nahi oinarrizko zientzia edo patenteak, baizik eta merkatutik hurbil dauden produktu eta zerbitzuak, enpresa bakoitzaren fakturazioa hobetzeko. Horiek dira CDTIk finantzatzen dituen onenak, arrisku eta konplexutasun handiagoa dutelako”.

 

Jardunaldian nazioarteko lankidetza teknologikoko proiektuen kasu zehatzak azaldu dira. Iratxe Peñak, ELAN Network proiektuko kudeatzaileak, esan du beren ekimenak oinarri teknologikoko negozioak sustatzen dituela Latinoamerikan, eta 2015etik hona “373 negozio aukera potentzial sortu direla”. Joannes Granjak, IDOMeko proiektuen zuzendariak, hizpide hartu du indarrean dagoen proiektu bat, zeinaren helburua baita Mexikon negutegi efektua eragiten duten gas isuriak murriztea, hiriko hondakin solidoen kopurua murriztea eta hondakin urak tratatzea.“Aukera handiak eskaintzen dituzten eremuak dira, azken bizpahiru urtean asko hazi baita arlo horiekiko interesa”.

 

Goratu Máquinas Herramienta handitu zuen beren produktuen salmenta Indian eginiko lankidetza teknologikoko proiektu bati esker

Patricia Tamés, AFM-Invema erakundeko zuzendariaren laguntzaileak azaldu du zein proiektutan ari diren lanean bederatzi hilabete hauetan: fabrikazio aurreratuko kluster bat sortzen ari dira Europako Eureka proiektuaren barruan, eta bertan inplikatu dira zenbait enpresa handi, hala nola Mondragon Taldea, BSH, Aernnova, Airbus, Grupo Antolin edota Navantia.“Orain, Eureka munduko bost herrialde gonbidatu behar ditugu. Ekimen publiko-pribatua da”.

 

Iosu Unzuetak, Goratu Máquinas Herramienta enpresako zuzendari industrialak, bere konpainian izan duen esperientzia azaldu du. Enpresa horrek 20 urtetik gora daramatza Europan proiektuak garatzen. Esan du nola handitu zuten beren produktuen salmenta Indian eginiko lankidetza teknologikoko proiektu bati esker. “Azken bizpahiru urteetan hiru milioi euroko sei proiektu sinatu ditugu. Indian garatu genuen Turbitenk proiektuari esker, gehiago saltzen dugu orain gure produktua”.

 

Horrelako ekimenetan parte hartzearen alde agertu da, zeren  “laguntzak garrantzitsuak dira, eta bezeroekin gehiago kolaboratzeko aukera ere ematen du. Hori oso garrantzitsua da guretzat, salmenten %90 atzerrian egiten baititugu”.

 

Jardunaldia bukatzeko, mahai-inguru bat egin da non eztabaidatu baita zein paper betetzen duten enpresei laguntzeko teknologi zentroek. Iñaki Inzunzak, Tecnaliako Estatuko eta nazioarteko hedapen zuzendariak, eta  Juan Otegik, IK4 Research Alliancekoak, epe ertain-luzerako proiektuak direla azpimarratu dute, eta esan dute “kontuz ibili behar dela igurikapen handiekin, proiektu batzuk bidean gelditzen direlako. Gainera, ez da berdin baiezko bat jasotzea Mexikon, Kolonbian edo Txinan, eta oso garrantzitsua da aldez aurretik finantzen analisi bat egitea.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow