Irizarren autobus elektrikoak Frantzian iparraldean zehar ibiliko dira

28 azaroa, 2017
Unitate guztiak euskal enpresak Adunan duen lantegian ekoiztuko dira 2018an

Euskal konpainiak 43 autobus eraikiko ditu Amiens-eko garraio metropolitarrerako

 

Hiri barruko garraio elektrikoaren sarea bultzatzeko asmoz, Frantziaren iparraldean kokatutako Amiens hiriaren barruko garraioaz arduratzen den Amiens Metropole garraio-agintaritzak 18 metroko luzera duten 43 autobus elektrikoren eraikuntza enkargatu dio Irizar konpainia gipuzkoarrari.

 

Irizarrek ohar baten bitartez jakinarazi duenez, Frantziako hiri horretako hiru autobus-lineatan Bus Rapid Transit (BRT) delako garraio sistema ezartzea da Irizar e-mobility-ren bitartez gauzatutako eskari horren helburua.

 

Zehazkiago esanda, gas kutsatzaileak isurtzen ez dituen Irizar ie tram delako ibilgailu artikulatu % 100 elektrikoa abiarazi nahi dute. Unitate guztiak euskal enpresak Adunan duen lantegian ekoiztuko dira 2018an.

 

Gainera, Ormaiztegiko enpresak birkarga-guneak instalatuko ditu linea bakoitzaren hasieran eta amaieran, eta unitateen funtzionamendua bermatzeko behar diren azpiegiturak hornituko ditu.

 

Irizar ie tram deritzon autobus elektrikoaren modeloa tranbien ezaugarri estetikoekin diseinatuta dago, 155 pertsonarentzako lekua du eta igotzeko eta barruan ibiltzeko erraztasunak eskaintzen ditu.

 

Enpresaren hitzetan, Amiens Metropole-ren eskaria “zero emisio dituzten 18 metroko autobus artikulatuak hornitzeko Europako kontraturik handiena da”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow