Irizar, Frantziako lehenengo linea % 100 elektrikoan

15 June, 2016

Konpainia gipuzkoarraren sei autobus Marseillako hiri-garraio sarean integratu dira

Frantzian erabat elektrikoa den lehenengo autobus-lineak, Frantzia hegoaldeko Marseilla hiriko 82. zenbakia duenak, Irizar euskal konpainiak ekoitzitako i2e modeloko sei autobus berri ditu.

Ibilgailuak ekainaren 6an ibili ziren lehenengo aldiz Marseillako kaleetan zehar, garraio-linea historiko honen birmoldaketa ekoefizientearen hasiera markatu zuen ekitaldi baten bitartez.

Autobusak Canebière etorbidea eta Euromed Arenc terminala lotzen dituen linean erabiltzen dira, eta ibilbideak Euroméditerranée negozio-barruti berria zeharkatzen du.

Ohar baten bidez, euskal konpainiak adierazi du, bere ibilgailuak Marseillako garraio metropolitarraren sarean (RMT) txertatu izana “instalazioaren errendimenduan eta gaitasun teknikoetan lortutako esperientzia eta emaitza onen eta gidari zein bidaiarien mesedeko erosotasun-maila bikainaren ondorioa” izan dela.

Irizar i2e karbono-aztarna txikia duen ibilgailu % 100 elektrikoa da, 12 eta 16 ordu bitarteko eta 240 kilometrorainoko autonomia duena.

Maxime Tommasini RMTren kontseiluko presidenteak “erabateko iraultzatzat” jo du linearen elektrifikazioa, “zarata eta kutsadura arintzearen aldeko apustua” dela ziurtatuz.

 

Irizar i2e modeloa

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow