Intergune+ ekitaldian 500dik gora euskal enpresa elkartuko dira SPRIren Kanpo Sarearekin  

29 September, 2016

 

“Intergune+ – Hitzordua Nazioartekotzearekin” jardunaldia Barakaldoko BECen egingo da urriaren 4an eta 5ean.

 

Intergune+ ekitaldian 18 jardunaldi tematiko egingo dira, 50etik gora hitzaldi eta 60tik gora hizlari elkartuko dira eta eztabaida bat antolatuko da “Ingurune ekonomiko globala eta euskal enpresan duen inpaktua”ri buruz. Intergune+ ekitaldiaren edizio hau osatzeko, bilerak egingo dira 40 erakusle publiko-pribaturekin.

 

500dik gora euskal enpresak bakarkako bilerak egingo dituzte SPRI Taldearen Kanpo Sareko ordezkariekin Intergune+ ekitaldiaren barruan, hots, urriaren 4an eta 5ean Barakaldoko BECen egingo den Euskadiko Nazioartekotzearen Hitzorduan. Bertan izango da Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua, eta baita ere 70etik gora herrialdetako agente eta aholkulariak, zuzenean erantzuteko www.spri.eus web orriaren bidez bilera esklusiboak eskatzen ari diren enpresen premiei. Aurtengo Intergune+ ekitaldiak Air France/KLM eta Banco Santander ditu babesle eta Erresuma Batua da herrialde gonbidatua.

 

Hala, Tapiak irekiko du urriaren 4ko inaugurazio saioa goizeko 9:00etan, sarrera bat eginez “Ingurune ekonomiko globala eta euskal enpresan duen inpaktua” eztabaidari. Eztabaida horretan parte hartuko dute Teresa Madariagak (Ingeteam-eko presidenteak), Oskar Goitia Zubizarretak (Mondragon Internacional-eko presidenteak) eta Javier Imazek (GRI Renewable Industries-eko zuzendari nagusiak). Hortik abiatuta, 18 jardunaldi tematiko egingo dira areto desberdinetan, eta 50etik gora hitzaldi eta 60tik gora hizlari elkartuko dira.

 

Aipatzekoa da jardunaldietako parte-hartzaileen maila altua, bai enpresena eta bai erakundeena. Hain zuzen, Erresuma Batuko eta Hegoafrikako enbaxadoreek parte hartuko dute beren herrialdeei buruz egingo diren hitzaldietan.

 

Esan bezala, jardunaldi tematiko horiekin batera enpresariek lan-bilerak egingo dituzte SPRIk munduan barrena dauzkan Kanpo Sareko delegatu eta ordezkariekin. Enpresariek hitzordu bat erreserbatuko dute webgunean, lan-bilera horietan bertatik bertara hitz egiteko beren intereseko herrialde edo eremu geografikoko merkatu, negozio eta ezaugarri bereziei buruz dituzten kezka eta premiez.

 

BECen orobat presente egongo dira 40 erakusle publiko-pribatu, beren nazioartekotze zerbitzuak eta tresnak ezagutarazteko.

 

Hitzaldiak: Erresuma Batua, herrialde gonbidatua

 

Erresuma Batua da INTERGUNE+ jardunaldiko herrialde gonbidatua, eta hitzaldi garrantzitsuenetako bat hari buruzkoa izango da.  Derek Doyle-k (Erresuma Batuak Bilbon daukan agregatu komertzial eta kontsulak) “UK Open for Business” mezua hartuko du abiapuntutzat bere hitzaldian, Erresuma Batuak batez ere hiru sektore hauetan eskaintzen dituen negozio aukerak aztertzeko: energian, automozioan eta burdinbideetan. Eta han dauden euskal enpresen esperientziak ere azalduko dira.  Erresuma Batuan dauden enpresa horiez gain, paper garrantzitsua dute baita ere aipatu hiru sektore horietako klusterrek: Energia, ACICAE eta MAFEX.

 

Hitzaldi horrek urriaren 5eko goiz osoa hartuko du, eta Simon Manely-k (Erresuma Batuak Espainian daukan enbaxadoreak) emango dio amaiera, hizpide hartuko dituelarik Erresuma Batuarekiko merkataritza harremanak eta harreman horien etorkizuna.

 

 

Nazioartekotzean murgilduz

 

Intergune+ jardunaldiko hitzaldi egitarauak aukera emango du hainbat merkatu, herrialde eta eremu geografikoren nazioartekotzean murgiltzeko.

18 jardunaldiez gain, aipatzekoa da Lulama Smuts Ngonyama-k, Hegoafrikak Espainian duen enbaxadoreak, parte hartuko duela ekitaldian. Urriaren 4an hasiera emango dio jardunaldiari “Hegoafrika: hazten ari den kontinente baten motor ekonomikoa” hitzaldiarekin.

 

Hona hemen, lehen eguneko agenda:

 

Thailandia: Asia hego-ekialdeko ekonomia erakargarrienetako bat

Australia: azpiegituretarako konponbide adimendunak behar dituen merkatua

Iran: irekitzen ari den merkatu estrategikoa

Txina: produkzioaren ekonomiatik kontsumoaren ekonomiara

Aljeria: nola sartu etorkizuneko inbertsio proiektu publikoetan

“Ethics & Compliance” nazioartean lan egiten duten enpresetan

Bat-egiteak eta erosketak nazioartekotze-estrategia gisa

 

Hona hemen bigarren eguneko egitaraua:

 

Argentina: negozio aukerak argindarraren sektorean

Alemanian agenteak eta banatzaileak kontratatzeko aholkuak

Mexiko: osasun eta argindar sektoreen panorama

Erresuma Batua: aukerak energia, automozio eta burdinbideen sektoreetan

Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia eta Qatar: negozio aukerak Ekialde Ertainean

AEBak: industriaren aldeko apustu berria

Multilateralak: 25 bilioi dolar baino gehiago urtean, merkatu gorakorretako ingeniaritza eta aholkularitza zerbitzuentzat

Nazioartekotzen laguntzeko tresnak

 

Erakusketa-gunea

 

Bukatzeko, eta aurreko edizioetan bezala, erakusketa-gune bat antolatuko da, enpresek, antolakundeek eta erakundeek ezagutzera eman ditzaten beren zerbitzuak eta nazioartekotze tresnak. Hona hemen, AirFrance/KLM eta Banco Santander-ekin batera (erakusle izateaz gain babesle ere badira), beren zerbitzuak erakutsiko dituzten erakundeak: Adegi, Kubako Euskal Enpresarien Elkartea-AEVC, Affiliated Monitors, Arpa Abogados y Consultores, Atlantic Joint Venture, Bankoa Crédit Agricole, Byvox Dualia, Araba, Bilbo eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, Cámara Franco-Española de Comercio e Industria, hainbat sektoretako klusterrak (Cesce, Aclima, Acicae, Afv, Eraikune, Euskadiko Itsas Foroa, Habic, Hegan eta Mugikortasun eta Logistika klusterrak), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elkargi, Eusko Jaurlaritza, Grupo Agex, Grupo Interacción, Grupo Oteic, Icex, Kompass, Negobide, Neris Global, P.E. Enterprise, Bilboko Portua, Sparber Group, Uniport Bilbao, Deustuko Unibertsitatea eta Ur Global.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow