INTERGUNE+ 2015: Nazioartekotzearen Hitzordu eraberritua

21 September, 2015

SPRIren Kanpo Sareko ordezkariekin batera, erakusketa, hitzaldi eta mahai inuguruek osatuko dute Intergune+. Berritasun nabarmenen artean, Intergune+ topaketak herrialde gonbidatu bat izango duela, aurten Mexiko izango da eta toki berezi bat izango du topaketan zehar. Intergune+ azaroaren 23 eta 24ean egingo da BECen.

SPRI, enpresa-garapenerako euskal agentziak Intergune topaketa eraberritzea erabaki du, urteko Nazioartekotzearen Hitzordua bihurtzeko helburuarekin. Izan ere, nazioartekotzeak berebiziko garrantzia baitu enpresen lehiakortasunean, eta SPRIren jardunaren arlo garrantzitsuenetakoa izanik, nazioartekotze prozesuan dauden edo eta egon nahi duten enpresei ahalik eta babesik zabalena emateko asmoz asmatu da INTERGUNE+.

Nazioartekotze-foro honen zutabe nagusia, SPRIren atzerriko sarea izango da, 70 herrialde baino gehiagotan zabaldutakoa. SPRIren nazioarteko ordezkariekin elkarrizketatzeko aukera izango dute enpresek, aldez aurretik hitzorduak eskatuz.

Honekin batera, bi egunetan zehar, hitzaldi, mahai inguru eta aurkezpen ugari egingo da, gaurkotasuneko gaien inugurukoak, besteak beste:

– Gatazkek nazioartekotze prozesuetan duten eraginari buruzko mahai ingurua.

– Iranen egoera berriak euskal enpresei eskaintzen dizkien aukerak.

– Cubako esparru ekonomiko berria.

– Namibia, Cabo Verde, Hegoafrika: merkatu erakargarriak.

– Kanada, Polonia, Kolonbia: aurreikuspenak.

– Nazioartekotze teknologikorako laguntzak, garapenerako lankidetza eta finantzaketa.

Mexikok protagonismo berezia izango du INTERGUNE+ eraberrituaren lehen edizioan, bera izango baita lehen herrialde gonbidatua. Horrenbestez, goiz oso batez Mexiko izango da hizketagai. Energia eta automobilgintzan zentratuko da Mexikori eskainitako tarte zabala.

INTERGUNE+ foroaren baitan, erakusketa esparru bat egongo da, non atzerriko sustapenean jarduten duten enpresa eta erakunde desberdinek euren zerbitzuei buruzko informazioa eskainiko duten.

INTERGUNE+ azaroaren 23 eta 24an egingo da, BEC, Bilbao Exhibition Center erakustazokan.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow