“Inoiz ez dugu zalantzarik egin merkeagoak edo hobeak izatearen artean”

10 April, 2017

Alberto Zubeldia, Matriciko zuzendari komertziala.

Matrici (trokelen fabrikatzailea) automobilgintzari loturiko enpresa bat da, eta bere historiako kontratu handiena (40 milioitik gora eurokoa) sinatu berri du Suediako Volvo multinazionalarekin.

 

Proiektu hori, euskal kooperatiba honetako arduradunek “gertaera garrantzitsu” bezala kalifikatu dutena, onuragarria izango da enpresaren hornitzaile-katearentzat, horrezaz gain, datozen bi urteotan 40 langile inguru kontratatuko dira Zamudioko instalazioan eta epealdi horretarako lan-karga bermatuko da.

 

Matrici 1964an sortu zen, eta 450 langile ditu gaur egun (eskumendeko enpresetakoak kontatuz, 600 langilera iristen da). Talde guztiak 90 milioi euroko fakturazioa du, eta horietatik 65 milioi Zamudioko Parke Teknologikoan dagoen instalazioaren jarduerak sortzen ditu.

 

Alberto Zubeldiak, enpresa honetako zuzendari komertzialak, Radio Euskadiko Made in Basque Country programan aztertu ditu akordio estrategiko honen xehetasunak, bai eta kooperatibaren oraina eta etorkizuna ere.

 

Merkeagoak edo gero eta hobeak izan aukeratzerako orduan, ez zenuten inongo zalantzarik egin…

 

Argi eta garbi zegoen. Merkeak izateko toki asko daude munduan, baina onak izan nahi badugu, benetan onak izan behar dugu, eta hor esparrua murriztu egiten da… Bagenekien zaila izango zela, baina hasieratik genuen argi hori zela bidea, eta orain sinatu berri dugun kontratua da horren froga onena, beraz, gustura gaude eta uste osoa dugu horretan.

 

Zein alderdi edo baldintza izan zen erabakigarria Volvorentzat zuen zerbitzuak kontratatzeko orduan?

 

Proiektu horretan dena aldi batez nahi zuten, giltza eskuan erako proiektu bat zen, eta horretarako, bermedun enpresa bat behar zuten eta, gainera, kokapen geografikoari zegokionez oso sakabanatuta ez zegoena. Eta, gure kasuan, uste dut horrek konbentzitu zituela. Guk ez genuen enpresa bat eskaintzen, baizik eta ‘pool’ bat, trokelgintzaren industria-gune Bilbo jarrita. Hasieran, Matrici eta beste herrialde batzuetako ‘partner’-en artean egitea pentsatu genuen, baina azkenik jabetu ginen bezeroak gertutasuna bilatzen zuela; horregatik, Batz eta Dover-ekin (besteak beste, instalazio bat du Urdulizen) hitz egin genuen, eta oso ‘pool’ erakargarria sortu genuen: 60 kilometroko erradioan biltzen dira enpresa guztiak, eta horri esker elkarren ondoan eduki ahal izango ditu Volvok enpresa horien guztien ekipamenduak. Eta uste dut horregatik aukeratu gintuztela, hemengo kalitatea ahaztu gabe jakina.

 

Zenbat denbora igaro zen Suediako multinazional honekin lehenengo harremanak izaten hasi eta kontratua sinatu arte?

 

Lehenengo harremanak 2016ko ekainean izan ziren, eta esan daiteke lagunartekoak izan zirela, elkarlanean aritu ginelako sei urte lehenago; urrian jada mahai gainean genuen lehenengo eskaintza, eta urtarrilean negoziazioa gauzatu genuen, erraza izan ez bazen ere…

 

Zergatik?

 

Oso gogorra izan zen, zeren Matricirentzat alderdi batzuk onartezinak ziren, eta hori zela-eta uneren batean mahaitik altxatu ere egin ginen, baina Volvok malgutasuna erakutsi zuen bere baldintza batzuk aurkeztean, eta dena ondo amaitu zen. Kontuan izan beharra dago arriskua oso handia dela eskari-mota hauetan, alegia, giltza eskuan erako eskarietan, batez ere gurearen gisako kooperatibentzat; horregatik, bezeroen malgutasunak ere horren araberakoa izan behar du, bestela oso zaila izaten da eskari hauek betetzea.

 

Zer egingo duzue zuek zehatz-mehatz Suediako ‘erraldoi’ honentzat?

 

Trokelak hornituko dizkiegu, auto edo kamioi baten kanpoko pieza guztiak (kapota, ateak), eta barruko piezak edo xasisak fabrikatzeko. Kanpotik ikusten ditugun metalezko zati horiek guztiak. Gure kasuan, 500 trokel inguru izango dira proiektu jakin honetarako.

 

Proiektu honen garrantzia ez da soilik zuen mesederako, inguruak ere etekin handia aterako du…

 

Hori frogatzeko adibide bat jarriko dizut. Trokelgintzako ekoizpen hori guztia Suediara eramateko 500 kamioi edo gehiago behar izango ditugu, hortik atera kontuak nolako eragina izango duen proiektu honek gure inguruan, enpresen eta ekonomiaren arloan… Eragin handia izango du tokiko industrian: galdaketan, estanpazioan, hornitzaileengan…

 

… Era berean, enpresen arteko lankidetza ere oso garrantzitsua da lehen mailako proiektuei ekiteko orduan. Badirudi gaur egun zaila dela bakarrik joatea nazioartekotze-prozesu batera, enpresak behar adinako tamainarik ez badu…

 

Alde batetik bai, mota guztietako proposamenak daudelako. Baina orain gauzatu berri dugun proiektu handi honen eta antzekoen kasuan, enpresen arteko lankidetzaren bidetik joan beharra dago nahitaez, zeren argi baitago zenbait ETE elkartuta lortzen dela enpresa handi baten maila, eta hori da, zorionez, gaur egun Euskadin gertatzen ari dena. Bestela, guztiz ezinezkoa izango litzateke.

 

Une honetan testuinguru ona dugu, baina duela ez hainbeste krisiak aurretik eraman zituen zuen sektoreko enpresa asko eta asko. Zuek zer ikasi zenuten krisiarekin?

 

Borroka eginez gainditzen dela krisia, eta zoritxarrez askok lortu ezin izan bazuten ere, guk lortu genuela. Ahalegin eta lan handia eginda, noski, baina baita ere gerrikoa estututa eta kooperatiba-ereduak eskaintzen duen malgutasuna aprobetxatuta. Soilik horrela lortu dugu talde osoak batera jarraitzea. Egia esateko, krisian bete-betean geundenean, bezeroa baino gehiago ‘partner’-a zen enpresa bat, Renault, ezagutu eta harentzat lan egiteko zortea izan genuen, eta proiektu askotan parte hartu genuen haiekin. Baina, bitxia bada ere, krisia igaro zenean, fabrikatzaile honek Europan erosteari utzi eta ‘low cost’ merkatuetara jo zuen. Dena den, eta une batzuetan enpresa horrek gure fakturazioaren % 65 bazuen ere, gai izan gara aurrera egiteko, ‘premium’ diren eta kalitate handiagoa duten beste bezero batzuekin, uste osoa baitugu kostu txikiko herrialdeei begira daudenak ez direla etorkizuneko bezeroak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow