Industria-prozesuetako beroaren berrerabilera eraginkorra eta errentagarria

10 October, 2017
Proiektua 2021ean osatuko da eta bost milioi eta erdi euroko finantzaketa lortu du

IK4-Ikerlan, fabrikazio-prozesuetan baztertutako beroa birziklatuz industriaren lehiakortasuna hobetzea xede duen proiektu europarreko buru

 

Industriaren portaera energetikoa hobetzeko asmoz, IK4-Ikerlan euskal zentro teknologikoa Etekina proiektua lideratzen ari da. Industria-prozesuetan galdutako beroa berreskuratu eta berrerabiltzeko bero-trukagailuak garatu eta ebaluatzea da ekimen honen helburua.

 

Gailu horien garapena kaloduktoen teknologian oinarritzen da. Beroa transferitzeko gaitasun handia duen trukagailu mota horrek gaur egun baztertzen diren hondar beroei etekin handiagoa ateratzeko aukera ematen du.

 

Euskal zentroak ohar baten bidez jakinarazi duenez, kalodukto berriei esker, berreskuratutako beroa eraginkortasunez berrerabili ahal izango da altzairua, zeramika eta burdinarik gabeko metalekin lotutako industria-prozesuetan.

 

Proiektuan garatutako bero-trukagailuak Fagor Ederlanek Arrasaten dituen instalazioetan, SIJ Metal Ravne enpresaren Esloveniako lantegian eta Ceramiche Atlas Concorde Spa enpresak Italian duen lantegian baliozkotuko dira.

 

Proiektua 2021ean osatuko da eta Europako Batzordearen H2020 programari atxikitako bost milioi eta erdi euroko finantzaketa lortu du.

 

Euskal zentroarekin batera, honako hauek dira proiektuaren partzuergoko gainerako kideak: Fagor Ederlan, Insertec, Econotherm, Brunel University London, Sij Metal Ravne, Jozef Stefan Institute, Ceramiche Atlas Concorde Spa, University of Modena and Reggio Emilia eta European Science Communication Institute.

 

 

IK4-Ikerlan zentroaren aurkezpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow