Iberdrolak beste parke eoliko bat eraikiko du Estatu Batuetan

9 May, 2017

Ignacio Galán, Iberdrola konpainiaren zuzendaria

Instalazio horretan sortutako energia Apple Energy-ri salduko zaio

 

Iberdrola elektrizitate-konpainiak, Estatu Batuetan duen energia berriztagarrien arloko Avangrid Renewables filialaren bitartez, kontratua sinatu du Apple Energy-rekin –Apple multinazionalaren energia arloko dibisioarekin–, euskal konpainiak Estatu Batuetako Oregon estatuan eraikiko duen Montague parke eolikoan sortutako energiaren epe luzeko salmenta bermatzeko.

 

Instalazio eolikoa 2018tik 2020ra bitartean eraikiko da Gilliam konderrian, eta 200 megawatteko guztizko potentzia izango du. Parkea abian jartzeko 300 milioi dolarreko inbertsioa aurreikusi da.

 

Iberdrola Estatu Batuetako parke eoliko berriaren jabea eta operadorea izango da, eta datozen 20 urteotan bertan sortutako elektrizitatea Apple konpainia kaliforniarrari hornituko dio.

 

Euskal elektrizitate-konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Montaguek daukan kokapen estrategikoak, inguruetan Iberdrolaren zenbait parke eoliko dituela, sinergiak ahalbidetuko ditu instalazioaren ustiapenean.

 

Iberdrolaren proiektu berri hau Estatu Batuetako beste multinazional batzuekin batera garatutakoen ildo bertsuko da, hala nola, Amazon-i energia hornitzen dion Ipar Karolinako Amazon Wind Farm US East deritzon parke eolikoa, edota Nike-ri energia bermatzen dioten Leaning Jupiter eta Jupiter Canyon instalazioak, Oregonen eta Washingtonen kokatutakoak, hurrenez hurren.

 

Iberdrola energia-konpainiak Estatu Batuetan dihardu 2015. urteaz geroztik, bertan daukan energia berriztagarrien arloko filialaren bitartez. Oharrean adierazi duenez, energia garbiaren sorkuntzaren alde egin duen apustuari esker, herrialde hartako bigarren operadore eolikoa bilakatu da, 6.000 megawatt inguruko potentzia eoliko instalatua duelarik.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow