Iberdrolak aurrera egin du itsas-energia eolikoaren aldeko apustuan

30 October, 2017
Turbinak Adwen enpresak fabrikatutakoak dira

Euskal konpainiak Alemaniako Wikinger parkeko 70 aerosorgailuak instalatu ditu, eta abian jartzen direnean 350 megawatteko potentzia lortuko dute

 

Energia berriztagarrien garapenaren aldeko apustuari eutsiz, Iberdrola euskal konpainiak Alemaniako Rügen irlaren ipar-ekialdeko kostaldearen parean kokatutako Wikinger itsas-parke eolikoa osatzen duten 70 aerosorgailuen instalazioa osatu du.

 

1.400 milioi euro inguruko inbertsioa tarteko, azpiegiturak honek 350 megawatteko potentzia izango du, 350.000 etxebizitza hornitzeko adina alegia, eta horrenbestez, Alemaniako Mecklenburg-Aurrepomerania Estatuaren % 20 energia berriztagarriaz hornituko du.

 

Iberdrolak ohar baten bidez jakinarazi duenez, horiexek dira euskal konpainiak bere historia osoan instalatu dituen aerosorgailurik handienak eta potentziarik gorenekoak. Turbinek 5na megawatteko potentzia dute, eta egun abian jartzen diharduen Adwen enpresak (Gamesa Taldea) fabrikatutakoak dira.

 

Aerosorgailuen instalazioaz geroztik, energia berriztagarriaren azpiegitura garapenaren azken fasean sartu da. Gaur egun, 50Hertz konpainia alemaniarra kableak zabaltzeko azken lanak eta elektrizitatea parketik kontsumo-guneetara garraiatzeko azken proba teknikoak gauzatzen ari da.

 

Iberdrolak orain Wikinger proiektuaren eragiketa-basea Alemaniako Sassnitz hiriko portuan altxatutako eraikin batera eramango du, hortik egingo baitira parkeko eragiketa eta mantentze lanak.

 

Wikinger proiektua estu-estu lotuta dago Iberdrolak itsas-energia eolikoaren alde hartutako konpromisoarekin, Eresuma Batuan, Alemanian eta Frantzian egin dituen inbertsioen ildo bertsutik. Oharrean zehaztu denez, irailean, Iberdrolak energia berriztagarrietan zuen potentzia 29.000 megawatt ingurukoa, eta konpainiaren guztizko sorkuntza-ahalmenaren bi heren isurketarik gabekoak dira.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow