“Gure helburua da aberastasuna eta balioa sortzea inguruan”

14 September, 2017
Ibon Ibarzabal.

Made in Basque Country saioaren enpresa “bidaia” honek 1973. urtera garamatza, Lea-Artibai eskualdera. Ingurune horretan baitago, hain zuzen, Eika kooperatibaren jatorria, emakumeen enplegua sustatzeko helburuarekin sortu zena. Hasieran, erresistentziak eta xafla elektrikoak fabrikatzen hasi ziren eta gaur egun bitrozeramikentzako fokuak egiten dituzte; ziurrenik zure etxeko sukaldean izango duzu bat instalatuta. Eika nazioarteko erreferentzia da merkatu nitxo horretan, eta munduan saltzen diren hamar fokutik lauk daukate Bizkaiko kooperatiba horren sinadura. Konpainiak fabrikak dauzka Txekiar Errepublikan, Mexikon eta Polonian (Etxebarrin daukan kuartel nagusiaz gain), eta 1.100 pertsona enplegatzen ditu guztira. Ibon Ibarzabal, Eika kooperatibako presidentea da.

 

Nola iritsi zarete enpresan halako “tenperatura” izatera?

Sakrifizio eta lan asko eginda eta, batez ere, proiektuan sinetsita. Eika kooperatibaren bisionarioek abentura hau martxan jarri zutenean ezin zuten imajinatu ere egin zer izatera iritsiko zen, ez eta lortu dugun fakturazio-maila edo nazioartekotze portzentajea. Oso eskualde txikia da gurea, herrian denok ezagutzen dugu elkar, eta bisionario edo ameslari haietako batzuk bizirik daude oraindik. Esan bezala, ezin dute sinetsi ere egin noraino iritsi den beren laguntzarekin eta lan eta fede handirekin eraikitako proiektu hura.

 

Zuek egiten dituzue munduan dauden bitrozeramiketarako hamar fokutik lau…

Hala da, bai. Hasierako langileak erresistentzia tubularrak eta xafla elektrikoak egiten hasi ziren eta 1995ean bitrozeramikentzako produktu berri hau sortu genuen; orduantxe hasi ginen urrats txikiak ematen gaur egungo mailara iritsi arte, eta une honetan geurea da produktu horren mundu mailako kuotaren %40.

 

Maila hori zifra globaletara itzulita, zenbat foku dira guztira?

Nolakoa den merkatuaren fluktuazioa, baina, adibidez, iaz 14 milioi foku fabrikatu genituen, eta datozen ekitaldietarako aurreikuspenek diote (2017-2010 plan estrategikoan daude finkatuta) 16 milioi unitatetara iritsiko garela. Azken urteotako hazkundea progresiboa izan da.

 

Zure ustez, zenbaterainoko eragina izan du zuen egungo egoeran General Electric “erraldoiaren” erreferentziazko hornitzaile izateak? Etxetresna elektrikoen esparruan, GE liderra da Estatu Batuetan eta beste hainbat herrialdetan…

Bai, zalantzarik gabe. General Electric beti izan da erreferente bat guretzat, ez bakarrik Estatu Batuetan, eta beti ondo posizionaturik egon gara haiekin, konfiantza dugularik elkarrengan. Argi dago, neurri handi batean, haiena dela gure hazkundearen “errua”. Mexikon hasi ginen eurekin lanean, non fabrika bat baitaukagu, eta 2009az geroztik beren foku hornitzaile nagusia gara. Arestian erreferentziazko hornitzaile izendatu gaituzte, eta hori ez da batere erraza…

 

Zergatik?

Merkatu oso oso konplexua delako. Egia da azken urteotan sari ugari jaso ditugula, baina azken hau, GE enpresaren “Hornitzaile Berezi” izatea, akuilu handia da; motibazioz bete gaitu, eta ikusarazi digu bide onean gaudela, gauzak ongi egiten ari garela. Horregatik, oso harro gaude.

 

Zuena bezalako enpresa askorekin hitz egin dugu eta esan digute bezero iparramerikarrak oso exijenteak direla… Zer iruditzen zaizu zuri?

Guztiz bat nator baieztapen horrekin. AEBetako merkatua oso oso exijentea da, batik bat, kalitatearen eta zerbitzuaren alorrean, baina hori da han sartzeko ordaindu behar den prezioa, eskatzen den maila gainditu behar da merkatu hartara sartu eta han lehiatzeko.

 

Bitrozeramikentzako fokuak bakarrik egiten dituzue?

Ez. Esan bezala, labe barruan jartzen diren erresistentzia tubularrak egiten hasi ginen eta xafla elektrikoak ere bai. Zoritxarrez, lehenengo produktu hori birbideratu egin behar izan genuen, eta azkenean itxi, ez genuelako emaitza onik lortzen. Gero bitrozeramikentzako fokuak egiten hasi ginen, eta orain, gure filosofiari jarraiki, mundu mailako erreferente izan nahi dugu osagai elektrikoen merkatuan, hau da, bitrozeramiken eta labeen kontrol elektroniko eta mekanikoetan. Beraz, gure helburua eta erronka da beroketaren eta kontrolaren ikuspegi globala lortzea.

 

Beraz, zuen kasuak berresten du beste euskal enpresa askok hartu duten bidea, zeintzuek negozio-ildo berriak ireki eta etengabe berritzen baitute, horietakoren batek huts egingo balu ere…

Horixe da erronka, zalantzarik gabe. Badakigu gure produktuek maila heldua dutela, eta horregatik, jarduera berrietara bideratuta egon behar dugu, gure konpainiaren jarraipena bermatuko duen ondarea sortzeko. Zentzu horretan, iturri, material edo produktu berrien bila gabiltza, garatzeko eta proiektuari jarraipena emateko.

 

Mundua oso handia da, zergatik zentratzen zarete bakarrik Estatu Batuetan eta Europan (bien artean ordezkatzen dute kooperatibaren mundu mailako eskaeraren %90)?

Guk ere ikusi dugu hori gure Plan Estrategikoa garatzeko egin dugun gogoetaren barruan. Ongi dakigu momentu honetan Europa eta Estatu Batuak direla nagusi bitrozeramiken merkatuan, baina ezin diegu bizkarra eman munduko beste eskualde gorakor batzuei, alegia, elektrifikatzen ari direnei eta lan-aukera handiak eskaintzen dituztenei. Horregatik, aztertzen ari gara nola sar gaitezkeen beste herrialde horietan; ate hori irekitzen ari gara, atzean zer dagoen ikusteko eta merkatu tradizionaletatik pixka bat ateratzeko.

 

Agian Errusia bezalako herrialdeetako etxeen kulturak azaltzen du zuek fabrikatzen dituzuen fokuen dibertsifikazio eskasa, han ez baitute erabiltzen bitrozeramikarik, bai ordea gasa…

Egia da, baina hor ere gauzak aldatzen ari dira. Beste merkatu batzuetan sartu nahian gabiltza, eta Errusian adibidez, legeria aldatu egin da. Orain, eraikin batek solairu kopuru zehatz bat baino gehiago baditu, sua baztertu eta sistema elektrikoak ezartzen dituzte segurtasun arrazoiengatik. Horregatik, prest egon nahi dugu aukera berriak sortzen direnerako.

 

Oraingoz, Eika kooperatibak presentzia fisikoa du Mexikon –handik egiten dira Estatu Batuetarako hornikuntza lanak-, Polonian eta Txekiar Errepublikan –horixe da Europako “Hub” edo gunea. Baduzue asmorik epe laburrean beste fabrikaren bat irekitzeko?

Uste dugu datozen urteei begira (2017-2020), gure fabrikak nahikoak eta erreferentziazkoak direla une honetan dauzkagun merkatuei arreta emateko. Baina beti adi egon beharra dago, merkatua norantz doan eta premiak non dauden ikusteko. Beraz, epe laburrean ez dugu aurreikusten inolako zabalkuntzarik, baina ez dugu aterik itxi nahi.

 

Eika kooperatiba eskualdeko emakumeen enplegua sustatzeko sortu zen. Ideia horri eusten diozue?

Bai, eta sinestezina da. Enpresaren historia irakurtzean ohartzean zara nola eboluzionatu duen eta orduan ikusten da sortzaileak benetako ameslariak izan zirela. Gazte ekintzaileak ziren, eta Julian izeneko apaiz baten laguntzarekin pentsatu zuten emakumeak profesional izan zitezkeela. Garai hartan, ezkontzen zirenean, beren lana uzten zuten etxeko zereginetan zentratzeko. Ameslari haiek zalantzan jarri zuten hori duela 40 urte, eta lanari ekin zioten. Hortxe jarraitzen dugu guk, filosofia berarekin, izan ere Etxebarrin daukagun fabrikako langile gehienak emakumeak dira.

 

Zein da zuen balio nagusia enpresa gisa?

Balioa baino gehiago, esango nuke misio bat dugula enpresa gisa, alegia, aberastasuna eta balioa sortzea inguruan. Eta lanpostuen bidez izan badaiteke, askoz hobe. Horrek betetzen gaitu, eta gai izan behar dugu enpresaren sortzaileek lortu zutena mantentzeko edo hobetzeko.

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow