Gamesak bi kontratu berri itxi ditu Mexikon

26 January, 2017

Euskal konpainiak 134 turbina instalatuko ditu guztira Puebla eta Guanajuato estatuetan

 

Industria eolikorako teknologian espezializatuta dagoen Gamesa euskal enpresak bi kontratu sinatu ditu Iberdrola energia-konpainiarekin, Mexikon kokatutako bi parke eolikotan 325,5 megawatteko horniketa egiteko. Guztira, euskal konpainiak 134 turbina instalatuko ditu.

 

Lehen kontratuan ezarritakoaren arabera, Gamesak G114-2.625 MW (220,5 MW) modeloko 84 turbina instalatu eta abiarazi beharko ditu Puebla estatuko Pier IV parke eolikoan. Entrega 2018aren hasieran egitea espero da, eta konpainiak aurreikusi duenez, parkea abian egon liteke 2019ko martxorako.

 

Bigarren kontratuan jasota dagoenez, G114-2.1 MW (105 MW) modeloko 50 aerosorgailuren horniketa egin beharko du Guanajuato estatuko Santiago Eólico parkerako. Bertan adostutakoari jarraiki, turbinak 2018ko bigarren erdialdean instalatuko dira, eta parkea 2019ko apirilean abian jartzea aurreikusi da.

 

Bi kontratu hauez gain, Gamesak 360 megawatteko horniketa egin dio dagoeneko Iberdrolari, Mexikoko hainbat parke eolikotarako. Euskal konpainiak ohar baten bidez adierazi duenez, eskaera hauek indartu egin dute enpresak herrialde horretan duen posizionamendua.

 

Gamesa 1999an sartu zen Mexikon, enpresaren nazioartekotze-prozesuaren barruan, eta harez geroztik, konpainiak 1.100 aerosorgailu instalatu ditu guztira herrialde horretan, 1.900 megawatteko guztizko potentziarekin.

 

 

Gamesaren aurkezpen bideoa

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow