Gamesa tinko, Indiako merkatuaren aldeko apustuan

9 March, 2017

Euskal konpainiak 278 megawatt hornituko ditu guztira zazpi proiektu eolikotarako

 

Energia berriztagarrietan espezializatuta dagoen Gamesa konpainiak Indian duen presentzia indartzen jarraituko du, 278 megawatteko horniketa egingo baitu zazpi proiektu eolikotarako. Euskal enpresak 139 aerosorgailu banatuko ditu guztira instalazio horietarako.

 

Sinatutako akordioetan aurreikusi denez, proiektu eoliko guztietako turbinen horniketaz, instalazioaz eta abian jartzeaz arduratuko da. Gainera, proiektu horietako hirutan, Zamudion finkatuta dagoen taldeak parkearen giltza-eskurako eraikuntza eta honi dagozkion ingeniaritza zibileko lan guztiak egingo ditu.

 

Guztira, Gamesak G114-2.0 modeloko 99 turbina (198 megawatt) eta G97-2.0 MW modeloko 40 turbina (80 megawatt) hornituko ditu.

 

Konpainiak ohar baten bidez argitu duenez, zazpi proiektuak aurtengo martxotik urrira bitartean abian jartzea aurreikusi da.

 

Gamesak 2009an hasi zuen Indiako industria-jarduna, eta gaur egun, herrialde horrek konpainiaren salmenta guztien ia % 30 xurgatzen du. Euskal enpresak palak ekoizteko lantegi bat inauguratu zuen otsailean Andhra Pradesh estatuan, baina honez gain, antzeko beste lantegi bat dauka Gujarat estatuan eta nacelleak ekoizteko lantegi bat eta konponketa-zentro bat Tamil Nadu estatuan.

 

Euskal konpainiak 3.500 megawatt baino gehiago instalatuak ditu Indian 2009az geroztik, eta 3.200 megawatten eragiketaz eta mantentze-lanez arduratzen da.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow