Gamesa, zerura begira

27 September, 2016

Euskal konpainiak Asiako aerosorgailurik altuenak instalatuko ditu Thailandian

 

Energia berriztagarrietan espezializatuta dagoen Gamesa taldeak iragarri duenez, 153 metroko dorreak dituzten 33 aerosorgailu instalatuko ditu Thailandian kokatutako parke batean, Asian eraikitako altuerarik handieneko proiektuaren barruan.

 

Akordioari jarraiki, Gamesak 67,5 MWeko guztizko potentzia duten 33 makina muntatuko ditu Gunkul ingeniaritza-enpresa thailandiarrak herrialdearen erdialdeko Nakhon Ratchasima eskualdean daukan Sarahnlom parkean.

 

Aerosorgailuak 153 metroko altuera duten dorreez hornituta egongo dira, eta 56 metroko palak gaineratu ondoren, 210 metro inguruko pala-puntaren altuera hartuko dute, enpresak zabaldutako oharraren arabera.

 

“Modelo honen ohiko altuera ia 30 metrotan gainditzen duten dorre horien diseinuaz, eta kostu lehiakorrean eginda, Gamesako I+G arloko taldeak garrantzi goreneko gertaera teknologikoa lortu du”, prentsa-oharrean aipatutako Juan Diego Díaz marketin-zuzendariaren esanetan.

 

Aurreikuspenen arabera, ekipamendu horniketa datorren urteko lehen hiruhilekoan egingo da, eta instalazioa 2017ko bigarren hiruhilekoan abian sartuko da. Gainera, egoitza nagusia Bizkaiko Teknologia Parkean duen Gamesa enpresa datozen 10 urteetako mantentze-lanez arduratuko da.

 

Euskal taldea Asian zehar zabalduta dago. Thailandian ez ezin, Vietnamen, Hego Korean, Japonian, Sri Lankan, Txinan eta Indian ere finkatuta dago.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow