Fagor Industrialek Indiako bazkidearekiko enpresa-akordioa berritu du

10 November, 2016

Euskal kooperatibak 2008an abiatu zuen Jindal Stainless enpresarekiko joint-venturea

 

Mondragon Korporazioari atxikitako Fagor Industrial kooperatiba gipuzkoarrak lau urte luzatu du, altzairu herdoilgaitzaren arloko Indiako fabrikatzailerik handienetakotzat jotzen den Jindal Stainless konpainia metalurgikoarekiko enpresa-akordioa.

 

Oñatin finkatutako enpresak zabaldu duen ohar baten arabera, 2008an abiatutako joint-venture hitzarmena luzatzea “kalitatea, bikaintasuna eta arrakastaren” sinonimoa da eta bi erakundeen arteko enpresa-elkartzea tinkatzen du.

 

Hasierako akordioari esker, Iberjindal izeneko ebakitze eta leuntze instalazioa ezarri eta garatu ahal izan da Kordobako Lucena herrian. Bi enpresen artean sortutako lantegi honek Jindal Stainless-ek hornitutako materialaz lan egiten du, eta bertan ekoitzitako produktua euskal kooperatiba eta nazioarteko beste 8 lantegi partaide dituen Onnera Group taldera igortzen da.

 

Iberjindal baterako sozietateak Europako merkatuan finkatzea lortu du, eta aurreikuspenen arabera, 2016an % 40tik gorako hazkundea izango du fakturazio-bolumenari dagokionez, aurreko urteko emaitzen aldean.

 

Akordioaren berritzea Fagor Industrialek eta Jindal Stainless-ek nazioarteko hedapenari eusteko hartu duten konpromisoari jarraiki erabaki da. Euskal enpresaren iritziz, aliantza honek Onnera Group-en hazkundea bultzatu du, 2015eko ekitaldian 217 milioi euro lortu dituelarik, euskal kooperatibak emandako datuen arabera.

 

 

Fagor Industrialen aurkezpen bideoa

[embed_blog_up_euskadi id=”2″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow