Eusko Jaurlaritzak eta Kunshan-eko agintariek inauguratu dute Batz enpresak Txinan ireki duen laugarren fabrika

20 January, 2017

Ondoren, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkaritzak eta SPRI Taldeak topaketa bat egin dute Txinan dauden 133 euskal enpresatatik 50rekin.

Industria sailburuorde Javier Zarraonandiak esan du Batz eredugarria dela nazioartekotze estrategietan, berrikuntzan eta 4.0 Industrian, “eta horren funtsa da onena izatea ondoen egiten dugun horretan”. Ostiral honetan inauguratutako fabrikarekin handitu egiten da industria-parke horretan lehendik dagoena, eta estanpazio lanetan arituko da.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Kunshan-eko agintariek ostiral honetan inauguratu dute Batz euskal enpresak Txinan ireki duen laugarren fabrika, zeinak sei milioi eurotik gorako inbertsioa suposatu baitu. Astelehenaz geroztik, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Saileko ordezkaritza bat Txinan da Javier Zarraonandia (Industria sailburuordea), Alexander Arriola (SPRI Taldeko zuzendari nagusia), Ainhoa Ondarzabal (Nazioartekotze zuzendaria) eta Miren Madinabeitia (SPRIko Nazioartekotze zuzendaria) buru dituen misio komertzial eta instituzional batean, eta misio horren barruan egin da inaugurazio ekitaldia. Jardunaldi hauetan, ordezkaritzak bilerak egin ditu Txinan kokatutako hainbat euskal enpresarekin, bai eta Jiangsu eskualdeko gobernuarekin eta zonalde hartako enpresa ganberarekin, berau baita Txinako handiena, 170.000tik gora enpresarekin.

 

Kunshan enpresa-parkean egin den inaugurazio ekitaldi horretan, Industria sailburuordea Batz enpresaz mintzatu da, zeina Mondragon Taldean integratuta baitago, hau da, bere esanetan, “munduko talde kooperatibo garrantzitsuenean”; Batzek lan egiteko modu bat eta garapen ekonomiko bat ordezkatzen du “oso berezia, maitea eta goraipatua dena bai gure lurraldean eta bai handik kanpo”. Zarraonandiak azpimarratu du oso garrantzitsua dela euskal ekonomiarentzat Txinan fabrika berri hori ireki izana. “Onenen ondoan egon beharra daukagu, ondo diharduten herrialdeengandik ikasi behar dugu, eta gure hondar aletxoa jarri nahi dugu hartzen gaituzten herrialdeen garapen ekonomikoan”.

 

Fabrika berria Kunshan enpresa-parkean ireki izana “arrakasta eredu bat da, eta erakusten du nolako aukerak  dauzkan eskualde horrek nazioarteko inbertsio onenak atzemateko” azpimarratu du.

 

Sailburuordeak esan du Euskadi saiatzen dela Txina bezalako potentzia ekonomikoekin lehiatzen, eta tarteka lortu ere lortzen duela. “Neurri batean, lortzen ari bagara da enpresa arloko tradizio historikoa dugulako, eta kudeaketa politikoko eta garapen ekonomikoko estrategia bat daukagulako. Nazioartekotzea, berrikuntza, eta 4.0 Industria helburutzat dugun ekonomiaren ardatz estrategikoak dira. Eta ildo horrixi heldu diote gure enpresa eta enpresa-talde onenek”.

 

Zarraonandiak esan du horren guztiaren eredu dela Batz, “hau da, onenak izan behar dugu ondoen egiten dugun horretan. Eta Batz enpresak berak biltzen dituen arloez ari naiz, makina-erremintaz, automozioaz, energiaz eta sektore aeroespazialaz”.

 

Ostiral honetan inauguratutako fabrikak osatu egingo du euskal enpresak industria-parke horretan estanpazio prozesuetarako duen beste fabrika. Produkzio fabrika berriak 4.200 metro koadro eraiki ditu, horietatik 3.400 enpresarentzat berarentzat izango dira, eta 500 metro koadro bulegotarako erabiliko dira.

 

Topaketa kokatuta dauden euskal enpresekin

Misio komertzial eta instituzionala amaitzeko, ordezkaritzak topaketa bat egin du Shangain (Txinan) kokatuta dauden euskal enpresekin, non 40 konpainia inguruk parte hartu baitute. Gaur egun, 133 euskal enpresa daude Txinan (Hong Kong eta Taiwan eskualde administratiboak barne), zeintzuek 222 ezarpen baitituzte, bai produkziokoak eta bai merkataritzakoak.  Gehienak herrialdeko kostan kokatuta daude, bereziki Shangain eta Jiangsun.  Han dauden konpainien ia erdiak makina eta ekipo mekanikoen sektorekoak dira.

 

Javier Zarraonandia sailburuordeak ekitaldian azpimarratu du Txinara egindako bidaia hau Sailak legealdi berrian egin duen lehen bidaia ofiziala dela. “Ez da kasualitatea. Euskadiko enpresa trakziogile garrantzitsuenak hemen zaudete kokatuta. Ikusi dugu euskal enpresak lehiakortasun maila handia erakusten duela Txinan”. Orobat esan du Ekonomiaren Garapen Saileko estrategiak garrantzi handia ematen diola “ondoen egiten dugun horretan espezializatzeari.  Zuek zarete estrategia horren eredua”.

 

Sailburuordeak adierazi du Iñigo Urkulluren Eusko Jaurlaritza berria bere tresna eta estrategia guztiak optimizatzen ari dela, ekonomia hobetzeko eta enplegua sortzeko. “Dagoeneko lanean ari gara industria eta nazioartekotze plan berriak sortzeko, eta I+G+B, teknologia berriak eta 4.0 Industria bultzatuko dituzten programa berriak prestatzeko”.

 

Legealdi honetan “bultzada berezia eman nahi diogu nazioartekotzeari, gure enpresengandik, zuengandik, hurbilago egoteko” adierazi du. Azkenik, bi mezu helarazi dizkie Txinan kokatuta dauden euskal enpresei: Eusko Jaurlaritza  hurbil dago eurengandik, “jakin behar baitute haien arrakasta gu guztion arrakasta izango dela”, eta eskerrak eman dizkie “beren etengabeko lanagatik, onenak izateko helburuarekin lan egiteagatik eta Euskadiren enbaxadore bikainak izateagatik”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow