Euskal Eten-en Nazioartekotzea errazteko administrazio integratua jarri du martxan Euskadik

9 June, 2017

Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta hiru merkataritza ganberek MUNDURA BEGIRA Biltzarraren II. edizioan aurkeztuko dute elkarrekin bultzatutako ekimen hori; kongresua asteazkenean, ekainak 14, izango da Kursaaleko Biltzar Jauregian.

 

Dagoeneko 300 enpresak baino gehiago baieztatu dute Biltzarrean izango direla, eta erakundeen aldetik ere bertan izango dira Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidentea.

 

Hauek izango dira aurtengo biltzarraren gaiak: ETE-en nazioartekotzean eragina izan dezaketen aldaketak eta joera globalak; industria-zibersegurtasuna eta enpresen nazioartekotzean kontuan izan beharreko lanbide-gaitasunak.

 

Hizlarien artean, nabarmentzekoak dira Lars Thomsen, ‘joeren ehiztaria’ eta energia, mugikortasun eta sare adimendunen arloko aholkulari aditua, eta Ignacio García Bercero, Europako Batzordeko Merkataritza Zuzendaritza Nagusiko zuzendaria.

 

Hitzaldiez gain, eta aldez aurretik hitzordua eskatuta, bertaratuek aukera izango dute 83 herrialdetan ezarrita dagoen SPRI Taldeko Kanpo Sareko teknikari eta aholkulariekin aurrez aurreko elkarrizketak izateko.

 

Dagoeneko 300 bilera baino gehiago daude hitzartuta Kanpo Sare horretako eragileekin.

 

Datorren asteazkenean, ekainak 14, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta merkataritza-ganberek urrats kualitatibo bat emango dute euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzeko politikak indartzeko estrategian, eta hala, erakundeek beraiek eskaintzen dituzten baliabideak eta enpresek kanpoko merkatuetara zabaltzeko egiten dituzten ahaleginak optimizatuko dituzte. Basque Consortium, horixe da zazpi administrazio eta organismo hauek elkarrekin abiarazitako ekimena. Bat-egite horren helburua da eman beharreko urratsak ematea, besteak beste, nazioartekotzeko diru-laguntzak eskatzeko egin behar diren izapideak murrizteko eta errazteko.

Ekimena Kursaal Biltzar Jauregian aurkeztuko dute erakundeetako ordezkariek, MUNDURA BEGIRA Biltzarraren bigarren edizioan. Urteko kongresu horretan, konpainiek aukera dute nazioarteko merkataritzako azken albisteen berri jakiteko, baita SPRI Taldeko Kanpo Sareak 83 herrialdetan dituen teknikariekin kontsulta pribatuak egiteko ere.

Dagoeneko 300 enpresak baino gehiago baieztatu dute Biltzarrean izango direla, eta erakundeen aldetik ere bertan izango dira Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko presidentea. Aipatutakoez gain, Basque Consortiumeko hainbat arduradun eta teknikari ere izango dira ekitaldian.

MUNDURA BEGIRA Biltzarraren aurreko edizioan oso harrera ona izan zuen Euskal Nazioartekotze Partzuergoaren sorrerak; huraxe izan zen lehen urratsa euskal enpresei atzerrirako bidea egiten laguntzeko ekimen instituzional guztien administrazio integratu hau martxan jartzeko. Aurtengo biltzarrak ilusioz sortutako proposamen honen sendotzea ekarriko du; izan ere, datorren asteazkenean, hilak 14, nazioartekotze arloko administrazio integratuko programa honen oinarriak eta helburuak aurkeztuko dira MUNDURA BEGIRA Biltzarrean. Basque Consortium eratzen duten 7 erakundeak horretan ari dira lanean.

Merkatuko joerak eta zibersegurtasuna

Nazioartekotze-politiken administrazio integratuko egitasmo hori aurkezteaz gain, MUNDURA BEGIRA Biltzarraren bigarren edizio honetan gaurkotasun ekonomikoarekin lotura duten hainbat gai aztertuko dira hitzaldi-egitarau zabalean. Eta gai horiek jorratzeko, nazioarteko entzute handiko hainbat aditu elkartuko dira Kursaalen, baita atzerrian presentzia duten euskal enpresetako hainbat ordezkari ere. Aurten, hitzaldiak hiru bloketan banatu dira: lehen blokean, enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzean eragina duten aldaketak eta joera globalak aztertuko dira; bigarrenean, atzerriko merkatuetarako jauzi horri lasaitasunez aurre egiteko behar den industria-zibersegurtasuna jorratuko da; eta hirugarrenean, azkenik, enpresetan nazioartekotzeko ekimenak gidatzen dituzten langileek zer lanbide-gaitasun izan beharko luketen azalduko da.

Oraingo honetan, hizlari nagusia Lars Thomsen 'etorkizun-iragarlea' izango da, egoitza Suitzan duen Future Matters ‘think tank’-aren zuzendari eragilea. Energiaren, mugikortasunaren eta sare adimendunen arloan munduko joerak aztertzea da enpresa horren zeregin nagusia. Thomsen aholkulari lanetan aritu izan da negozio-estrategiak eta -ereduak garatzen, eta Alemaniako 800 enpresak eta korporaziok baino gehiagok baliatu izan dituzte eredu eta estrategia horiek, baita Alemaniako Gobernuarekin lotura duten hainbat erakundek eta agentziak ere. Donostian, gai hauek izango ditu hizpide: joera ekonomiko, politiko eta sozialak aldarazten dituzten inflexio-puntuak nola identifikatu; datozen 10 urteetan marketingaren esparruan eragingo duten aldaketak; bezeroaren esperientzia; edo bitarteko sozialen erabilera kontsumoan eragiteko.

Thomsenekin batera, goi-mailako beste bi hizlari ere izango dira lehen bloke horretan: Carsten Beck, Copenhagen Institute for Future Studies zentroko aholkularia eta zuzendaria, eta Ignacio García Bercero, Europako Batzordeko Merkataritza Zuzendaritza Nagusiaren zuzendaria eta EBko negoziazio-taldeen burua, besteak beste, AEBekin sinatutako merkataritza libreko itunean. Hizlariok elkarrekin arituko dira BBVA Research lantaldeko Joseba Barandiaranek moderatuko duen mahainguruan.

Zibersegurtasuna

Industria-zibersegurtasunari buruzko blokean, bertaratuek aukera izango dute informazioa eskuratzerakoan zer mehatxu dauden eta horiei aurre egiteko zer neurri har daitezkeen jakiteko. Goi-mailako adituak izango dira bloke honetan ere, beren ikuspegia eta aholkuak ematen: Koldo Valle, Elecnor konpainiako segurtasun eta eragiketen arloko arduraduna; Álvaro Fraile, ITS Security enpresako kontseilari ordezkaria, eta David Barroso, CounterCraft enpresako kontseilari ordezkaria.

Azkenik, Chris Brewster, Readingeko Unibertsitateko giza baliabideen kudeaketako irakasleak, Amaia Arizkuren, Deustuko Unibertsitateko pertsonen kudeaketa arloko irakasleak, Ángela de los Heros, Antal International erakundeko Euskadiko managerrak, Marisol Busto, Gestamp enpresako txasisen negozio-unitateko giza baliabideen zuzendariak eta Ciara O’ Higgins, Tecnaliako nazioarteko aholkulariak interes handiko beste gai bat aztertuko dute: enpresek atzerrira hedatzeko prozesuan beren langileen mugikortasuna nola kudeatu beharko luketen, hedatze hori arrakastatsua izan dadin.

 

Lan-eremua: SPRI Taldeko Kanpo Sare osoa bertaratuei laguntzeko prest

Hitzaldien eta mahainguruen egitarauarekin batera, MUNDURA BEGIRA Biltzarrean enpresentzako aholkularitza zuzeneko gune bat izango da bigarren edizio honetan ere. Lan-eremu hori Kursaaleko jantokien aretoan egokituko da, eta bertan, enpresariek aukera izango dute SPRI Taldeko Kanpo Sareko ordezkariekin eta teknikariekin aurrez aurre hitz egiteko (gaur egun 83 herrialdetan du presentzia sare horrek, eta 16tan bulego propioak ditu).

Elkarrizketa horietarako, hitzordua eskatu beharko dute aurrez web-orrian. Hilaren 14an Donostiako Biltzarrera bertaratu ezin dutenek beste bi aukera izango dituzte SPRIko teknikari eta aholkulariekin biltzeko, horietan ere aldez aurretik hitzordua eskatuta: ekainaren 15ean Bilbon (Yimbi gunea, Ercilla kalea, 24), eta, ekainaren 16an, Arabako Teknologia Parkean, Miñaon.

SPRI Taldeko Kanpo Sareko teknikariekin elkarrizketa pertsonala eskatzeko esteka

Dagoeneko 300 bilera baino gehiago daude hitzartuta SPRI Taldeko Kanpo Sare horretako eragileekin.

Horrez gain, lan-eremu horretan bertan, jardunaldira biltzen direnek aukera izango dute Basque Consortium osatzen duten erakundeek eta organismo espezializatuek (Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberak) nazioartekotze-estrategietan landutako ekimenen berri jakiteko, eragileen beraien eskutik.

Breve animación para promocionar el evento.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow