Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 11 ekaina, 2018 Nazioartekotzea

Euskal enpresen nazioartekotze estrategia Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren bitartez

Ainhoa Ondarzabalek, agentziako zuzendariak, elkarrizketa batean azaldu dizkigu euskal enpresei laguntzen dien organismo berri horren giltzarriak eta etorkizuneko erronkak

Ainhoa Ondarzabalek, agentziako zuzendariak, elkarrizketa batean azaldu dizkigu euskal enpresei laguntzen dien organismo berri horren giltzarriak eta etorkizuneko erronkak

 

Euskadiko Nazioartekotze Agentzia eragile sortu berri bat da, helburutzat duena erakunde bakar batean integratzea Eusko Jaurlaritzak eta SPRI Taldeak euskal enpresei eskaintzen dizkieten nazioartekotze arloko zerbitzu eta laguntza guztiak. Kanpo Sareak 16 bulego dauzka munduan zehar, eta 70 herrialdetara iristen da bulego horien bitartez. Agentziako zuzendari Ainhoa Ondarzabalek hizpide hartu ditu euskal enpresen oraingo eta etorkizuneko erronkak.

 

Arantxa Tapiak, Garapen eta Azpiegitura sailburuak, hauxe esan zuen Agentziaren aurkezpenean: “Euskadik urrats kualitatibo bat eman behar du bere nazioarteko estrategiaren kudeaketan”…

Nazioartekotzea da Jaurlaritzaren eta Euskadiren Nazioartekotze Planeko palanka garrantzitsuenetako bat. Lehiakortasun-iturrietako bat da, eta funtsezkoa enpresei eraldatzen eta hobetzen laguntzeko. Beraz, gaur egun atzerrira ateratzea beharrezkoa ez ezik, derrigorrezkoa ere bada. Gauzak horrela, egia da gure enpresen laguntza eta premiak aldatu egin direla, eta guk egokitu egin behar dugu behar dutena eskaintzeko.

 

Euskal enpresen nazioartekotzeaz eta Agentzian egiten ari zareten laguntza-lanaz hitz egitean, zein da gaur egungo egoeraren argazkia?

Euskadi ekonomia nazioartekotua da, munduari irekia. Une honetan, mundura esportatzen dugu gure BPGaren %30, hau da, 7.000 enpresa inguruk esportatzen dute, eta horietatik 3.200ek eskuarki egiten dute gainera. Konpainia horien segmentua da azken urteotan gehien hazi dena (%18); bestalde, esportatzaile handiak (beren negozio-ildoaren bitartez 50 miliotik gora fakturatzen dutenak) ere %16 hazi dira.

 

Zeintzuk dira gaur egungo jomuga ohikoenak?

Ekonomia irekia gara, gure produktuen zati handiena (ia %60) Hamabosten Europar Batasuneko herrialdeetan saltzen dugu gehienbat; beste %10 NAFTA gunera (Mexiko eta Estatu Batuak nagusiki) esportatzen da, eta gainerakoa BRIC herrialdeetara (Brasil, Errusia, India eta Txina).

 

Ezarpen fisikoek ere norabide bera daramate?

Baietz esan liteke. Une honetan Estatu Batuek, Erresuma Batuak eta Alemaniak hartzen dituzte gure enpresen ezarpen gehienak. Euskadiko 600dik gora konpainiak dute presentzia atzerrian, eta horietako 500ek lantegi propioa dute. Gainera, beste 1.600 enpresak merkataritza ordezkaritzaren bat dute atzerrian, beraz, oso ekonomia irekia da gurea. Baina oraindik gehiago hazi behar dugu Europako erreferente edo bazkideen mailara iristeko.

 

Adibidez?

Urrunegi joan gabe, geure burua Alemaniarekin alderatuta, ikus liteke hark BPGaren %39 esportatzen duela eta munduko hirugarren esportatzaile handiena dela. Beraz, badago hazteko marjinarik, eta erronka oso garrantzitsu bat ere bai: merkatuak dibertsifikatzea.

 

Nola lagundu diezaieke Euskadiko Nazioartekotze Agentziak enpresei?

Agentzia hau Nazioartekotze Plan berriaren apustuetako bat da, zutabe estrategiko bat, eta helburutzat dauka Eusko Jaurlaritzak nazioartekotzearen arloan dauzkan gaitasunak integratu eta indartzea. Zentzu horretan, urrats kualitatibo bat eman nahi dugu gure enpresei nazioartekotzen laguntzeko, horretarako eskainiz hurbiltasuna, malgutasuna eta, batez ere, biderako laguntasuna. Ildo horretatik, Agentziak kudeatuko dituen zortzi ardatz estrategiko identifikatu dira, eta, era berean, Agentziak bere baitan hartuko ditu lehen Eusko Jaurlaritzak kudeatzen zituen laguntza programak.

 

Hemendik gutxira inauguratuko da Kanpo Sarearen 17. bulegoa Milanen. Zergatik Italian?

Bulego berri bat non ireki aukeratu aurretik analisi eta azterketa sakon bat egiten da.  Hainbat aldagai kontuan hartu eta 47 herrialde alderatu ostean, Italia bederatzigarren postuan kokatu da, eta ohartu gara herrialde horrek sinergia sektorial asko dauzkala Euskadirekin puntako sektoreetan, hala nola aeronautikan, energian, manufaktura aurreratuan edota robotikan. Sektore horiek aukera ematen dute gure enpresak hango merkatuan sartzeko, eta bat datoz RIS3rekin, hots, espezializazio adimenduneko gure estrategiarekin. Horregatik uste dugu hazteko potentzial handia dagoela. Baina egia da baita ere merkatu hurbila izanik eta itxura batean besteak baino errazagoa, zinez merkatu zaila dela, eragile guztiak antzekoak direlako.  Beraz, labur esateko, Italiak potentzial handia du, baina lehiakide ugari ere bai.

 

Une honetan, Italiak ezegonkortasun politikoa bizi du, duela hilabete batzuk Irani egokitu zitzaion bezala. Orobat hor dago Estatu Batuetako arantzelen kontua… Nola lortu daitezke sentsore fidagarriak euskal enpresak segurtasunez bidaiatu dezan munduan barrena, apustu seguruak egin ditzan eta ez ditzan aurkitu herrialde bateko ateak bat-batean itxita?

Agentziak sentsoreak dauzka mundu osoan horrelako eszenatokiak aurreikusteko. Bulego propioak dauzkagu 17 herrialdetan, gure aholkulari sarea 60 herrialdetara iristen da, eta badugu adimen lehiakorreko unitate bat ere, uneoro eguneratzen dena eta radar lanak egiten dituena gure enpresei informazio baliotsua emateko.

Lotutako albisteak

21 otsaila, 2024 Nazioartekotzea
Inmaculada Ugarteche (Uniport Bilbao): “Erronka guztietara egokitzen jakin izan dugu, merkataritzak funtziona dezan lagunduz”
Irakurri gehiago
30 Azaroa, 2023 Berrikuntza
Pablo Izeta, Bellota Herramientaseko zuzendari nagusia Europa, Asia, Afrika eta Lationamerikan
Irakurri gehiago
23 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Iñigo Alonso: “Urtero, mundu osoan produzitzen ditugun elikagai guztien heren bat alferrik galtzen da”.
Irakurri gehiago
17 urria, 2023 Basque Trade & Investment
Worldpats: “Gure helburua da atzerrira lan egitera doan langilea ahalik eta azkarren produktiboa izatea, beste kontu batzuez arduratu gabe”
Irakurri gehiago
3 urria, 2023 Nazioartekotzea
Iratxe Las Hayas: “Emakumeok enpresaren erabaki estrategikoak hartzen diren lekuan egon behar dugu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak