Euskal enpresek negozio-aukerak dituzte Brasilen 19.000 milioi euroko inbertsioko proiektuetan

5 iraila, 2016
BID logoa.

 

Brasil da BIDen mailegu gehien jaso dituen herrialdea, Bankuko fundazioak bermatzen dituen mailegu subiranoen ia %25 jaso baitu.

 

Euskal enpresek negozio-aukerak dituzte Brasilen, Munduko Bankuak eta Amerika Arteko Garapenerako Bankuak (BID)  (biak banku multilateralak) garapen proiektuak finantzatzeko egingo dituzten inbertsioen bidez. Bi finantza erakunde horiek 21,1 bilioi dolarreko (19.000 milioi euro inguru) proiektuak dituzte, batzuk 2013tik prest daudenak eta beste batzuk, ordea, prestatzen ari direnak.  BID da Brasilen lan gehien egiten duen bankua, 15.000 milioiko 84 proiektu baitauzka martxan. Hain zuzen, Brasil da BIDen mailegu gehien jaso dituen herrialdea, Bankuko fundazioak bermatzen dituen mailegu subiranoen ia %25 jaso baitu.  BIDek gero eta funts gehiago mailegatzen ditu Brasilen Estatu edo udalerri mailako proiektuak garatzeko. Munduko Bankuak, berriz, 4.000 milioi inguruko 25 proiektu dauzka herrialde hartan.

 

BIDek berriki zehaztu ditu, Brasileko gobernuarekin batera, zeintzuk izango diren 2016tik 2018ra bitarteko bere lehentasunak, 4.500 eta 5.000 milioi euro bitarteko maileguak emango dituelarik produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko, desberdintasuna murrizteko, zerbitzu publikoak hobetzeko eta gobernu erakundeak indartzeko maila federalean, nahiz Estatu eta udalerri mailan.  Munduko Bankua gobernuarekin batera definitzen ari da Brasilerako dauzkan lehentasunak datozen 4 urteetarako.  Orain arte, hauek izan dira bere lehentasunak: inbertsioen eraginkortasuna handitzea, premiarik gehien duten familientzako zerbitzu publikoak hobetzea, eskualde mailako garapen ekonomikoa sustatzea eta baliabide naturalen kudeaketa sostengarria hobetzea.

 

Dagoeneko onartuta dauden proiektuen artean, Espirito Santo eremuko uren kudeaketa integraturako programa dago, ia 300 milioi euroko kostua du

Garapenerako Banku Multilateralek gero eta garrantzi handiagoa dute Brasilen, herrialdea estankaturik dagoelako ekonomikoki eta Estatuaren baliabideak presio handia jasaten ari direlako; hortaz, erakunde horiek dira sektore publikoaren proiektuak finantzatzeko iturri garrantzitsuenetako bat. Aurreikuspenen arabera, Joko Olinpikoen ostean, aurten eta datorren urtean, Brasilgo ekonomia egonkortu egingo da eta 2018an hazten hasiko da berriren berri. 2014az geroztik Brasil aurrera doa berdintasun arloko gaietan, muturreko pobrezia %7,4tik %4raino jaitsi da eta erdiko klasearen portzentajea biztanleria osoaren %53raino iritsi da.

 

Dagoeneko onartuta dauden proiektuen artean aipatzekoak dira: Espirito Santo eremuko uren kudeaketa integraturako programa (ia 300 milioi euroko kostua du eta Munduko Bankuak 200 milioiko finantzaketa emango du); Nova Estrada arroaren saneamendua (225 milioi euroko aurrekontua du eta BIDek 110 milioitik gorako mailegua emango du); eta Fortaleza hirirako bigarren garraio programa (100 milioitik gorako kostua du eta BIDek 50 milioitik gorako finantzaketa emango du). Horrez gain, Brasil beste proiektu batzuk prestatzen ari da, hala nola, Paraná hiriko garraio eta logistikarako azpiegitura (450 milioi euroko aurrekontua du eta BIDek 270 milioiko mailegua emango du) eta Minas Gerais unitate federalean berrikuntzari laguntzeko eta produktibitatea hobetzeko programa (65 milioi euroko kostua du eta BIDek 45 milioiko mailegua emango du).

 

Garapenerako Banku Multilateralek finantzatzen dituzten proiektuetan sortutako aukerei buruz informazio gehiago nahi izanez gero, enpresak jar daitezela harremanetan SPRI-Enpresen garapenerako euskal agentziarekin, Leire Intxaustirekin (lintxausti@spri.eus)  edo Emilio Bunge-rekin (Development Finance International (DFI), Inc. ebunge@dfintl.com).

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow