Euskal enpresek aukera dute 7.200 milioi eurotik gorako proiektuetan sartzeko Mexikon

5 April, 2016

Amerika arteko Garapenerako Bankuak (BID) eta Munduko Bankuak 30 inbertsio onartu dituzte, energia berriztagarrien, energia eraginkortasunaren eta garraio garbiaren sektoreetan.

 

Euskal enpresek aukera dute 7.200 milioi euro inguruko proiektuetan parte hartzeko Mexikon. Munduko Bankuak eta Amerika arteko Garapenerako Bankuak (BID) kudeatzen dituzte funts horiek garapen proiektuak finantzatzeko. Bi finantza erakunde horiek 5.700 milioi eurotik gorako maileguak aurreikusi dituzte inbertsio horietarako.

BIDek berak bakarrik baditu ia 5.000 milioi euroko 21 proiektu onartuak 2013az geroztik, eta Munduko Bankuak, bere aldetik, baditu beste 9 proiektu, 2.300 milioi eurokoak.

 

Mexiko dugu Nazioartekotzearen Euskal Partzuergoak (NEP) lehentasunezkotzat jotako herrialdeetako bat. NEP organoa Eusko Jaurlaritzak sortu du Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberekin batera, elkarrekin lan egiteko enpresen nazioartekotzearen alde. Latinoamerikako bigarren ekonomia handiena da Mexiko, 1.295 T dolarreko Barne Produktu Gordinarekin (BPG). Hazkunde ekonomikoa %2,3 ingurukoa da, baina uste da 2017rako %3raino igoko dela, inbertsio pribatuak, manufakturak, esportazioek eta barne kontsumoak bultzaturik. Inbertsio pribaturako aukera berriak sortu dira energia sektorean, Peña Nieto presidentearen gobernuak azken bi urteetan onartu dituen erregulazio aldaketei esker.

 

[pullquote]Dagoeneko onartuta dauden proiektuen artean daude, besteak beste, landa komunitateentzako ur edangarri programa: 500 milioi euro baino gehiagoko kostua guztira[/pullquote]

Bi banku multilateralek sustatzen dituzten inbertsio proiektuak euskal enpresei ongi egokitzen zaizkien sektoreetakoak dira: energia berriztagarriak, energia eraginkortasuna eta garraio garbia. BIDek eta Munduko Bankuak badituzte beste lehentasunezko helburu batzuk ere, hala nola produktibitatea eta lehiakortasuna handitzea, oparotasun soziala eta laneko merkatuak handitzea, finantza publikoak eta gobernuen eraginkortasuna indartzea, baliabide naturalen erabilpena optimizatzea eta ingurumena babestea.

 

Dagoeneko onartuta dauden proiektuen artean daude, besteak beste, landa komunitateentzako ur edangarri programa (500 milioi euro baino gehiagoko kostua guztira, eta BIDek 400 milioi inguruko mailegua emango luke); Manzanilloko Portua modernizatzeko proiektua (ia 400 milioiko aurrekontua, eta BIDek 130 milioiko mailegua emango luke); eta ur sistema eta saneamenduak garatzeko programa (180 milioiko inbertsioa, BIDek osorik finantzatua). Horiez gain, aipatzekoak dira Munduko Bankuaren proiektua udalerrietan energia eraginkortasuna hobetzeko (140 milioi euroko aurrekontua eta 90 milioiko mailegua), eta garraio sostengarriko programei laguntzeko proiektua (90 milioi euroko kostua, BIDek osorik finantzatua).

 

Informazio gehiago nahi izanez gero Garapenerako Banku Multilateralek finantzatutako proiektuek irekitzen dituzten aukerei buruz, enpresak harremanetan jar daitezke SPRI-Enpresen garapenerako euskal agentziarekin, Leire Intxaustirekin (lintxausti@spri.eus)  edo Emilio Bunge-rekin (DFI-Development Finance International, Inc.) (ebunge@dfintl.com).

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow