Euskal enpresek  aukera dute  4.700 milioitik gorako negozioetan sartzeko Kolonbian

19 April, 2016

Amerika arteko Garapenerako Bankuak (BID) eta Munduko Bankuak arlo hauetako 42 inbertsio onartu dituzte: garraioa, ura eta saneamendua, etxebizitza eta hazkunde berdea.

 

Euskal enpresek aukera dute 4.700 milioi euro inguruko proiektuetan parte hartzeko Kolonbian. Proiektu horiek Munduko Bankuak eta Amerika arteko Garapenerako Bankuak (BID) kudeatzen dituzte garapen proiektuak finantzatzeko. BIDek bakarrik 2.000 milioitik gorako 26 proiektu ditu onartuak 2013az geroztik; Munduko Bankuak, berriz,  2.600 milioi euro inguruko beste 16 proiektu ditu onarturik.

 

Kolonbia da hazkunde handiena izan duen herrialde latinoamerikarretako bat, nahiz eta mundu mailako desazelerazio ekonomikoak eta petrolioaren prezio baxuak eragina izan duten beren ekonomian. 2014an %4,6ko hazkundea lortu ondoren, iaz zifra horrek behera egin zuen, nahiz eta igoera tasa ona mantendu (%3,1), Latinoamerikako batez bestekoa baino gehiago. 2014an atzerriko zuzeneko inbertsioa 14.500 milioi euro ingurukoa izan zelarik, Kolonbia izan zen inbertsio horien hartzaile nagusietako bat eta Latinoamerikan negozioak egiteko herrialde onenetakoa.

 

[pullquote] Pazifikoko eskualderako ur, saneamendu eta elektrifikazio programa, 200  milioi eurotik gorako kostua du[/pullquote]

Munduko Bankuak lankidetza-marko berri bat definitu du berriki Kolonbiako gobernuarekin 2016-2021 urteetarako, helburutzat harturik  garraio zerbitzuak emendatzea, hazkunde berdea babestea eta etxebizitza gehiago egitea gizarte sektore kaltetuenentzat. BIDek, berriz, lehentasuna emango die Kolonbiarako laguntzei 2018ra arte, batez ere Estatua, garraioa eta ura eta saneamendua erreformatu eta modernizatzeko.

 

Hona hemen dagoeneko onartuta dauden proiektuetako batzuk: Pazifikoko eskualderako ur, saneamendu eta elektrifikazio programa, 200  milioi eurotik gorako kostua duena eta BIDek osorik finantzatuko duena; nekazaritza sektoreko lehiakortasunari laguntzeko programa, ia 40 milioiko aurrekontua duena eta BIDek emandako mailegu batekin ia osorik estaliko dena; erakundeak indartzeko plana, 60 milioi eurotik gorako kostua duena eta Munduko Bankuaren Maileguarekin osorik estaliko dena; Kolonbiako ibai bidezko konexioak hobetzeko proiektua, 38 milioi euroko aurrekontua duena, horietatik Munduko Bankuak 36 milioi inguru finantzatuko dituelarik; eta Bogotako garraio publikoa eraldatzeko programa, 36 milioiko aurrekontua duena eta BIDek osorik finantzatuko duena.
Garapenerako Banku Multilateralek finantzatzen dituzten proiektuetan sortutako aukerei buruz informazio gehiago nahi izanez gero, enpresak jar daitezela harremanetan SPRI-Enpresen garapenerako euskal agentziarekin, Leire Intxaustirekin (lintxausti@spri.eus)  edo Emilio Bunge-rekin (Development Finance International (DFI), Inc. (ebunge@dfintl.com).

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow