Euskal enpresek 10.000 milioiko negozio-aukerak dituzte Argentinan, Kolonbian eta Mexikon

20 urtarrila, 2017

Banku multilateralek, hots, Munduko Bankuak eta Amerika Arteko Garapenerako Bankuak (BID) sustatutako inbertsioak dira, eta Euskadirentzat garrantzitsuak diren arloetakoak dira, hala nola, energia, ingurumena, garraioa eta IKTak.

 

Euskal enpresek 10.000 milioi eurotik gorako negozio-aukerak dituzte Argentinan, Kolonbian eta Mexikon, banku multilateralek (Munduko Bankuak eta Amerika Arteko Garapenerako Bankuak (BID) sustatutako inbertsioen bidez. Bi finantza erakunde horiek garapen proiektuak finantzatzen dituzte Amerikan.

 

Banku multilateralek finantzatutako proiektuak Euskadirentzat garrantzitsuak diren arloetara biltzen dira: energia eta ingurumena, ura eta saneamendua, garraioa eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT). Proiektuak, sektore publikorako nahiz pribaturako direnak, honela sailkatzen dira: ondasunen salmenta (1-10 milioi euro bitartean), aholkularitza eta ingeniaritza zerbitzuak (5 milioiraino) eta azpiegitura lanak (10-70 milioi euro bitartean).

 

Proiektu horietan parte hartuz, euskal enpresek nazioartekotze prozesuak garatu ditzakete banku multilateralen bidez. Estrategia horrek hainbat abantaila ditu, esaterako: eskura izango dute proiektu horien bitartez gauzatuko diren jarduera eta erosketei buruzko aldez aurretiko informazio egituratua; nazioarteko estandarrak dituen araudi-marko bat izango dute kontratazio prozesurako nazioarteko lizitazio publikoen bidez, horrek gardentasun eta zuzentasun handiagoa emango diolarik prozesuari; segurtasun handiagoa ere bai ondasun eta zerbitzuak kobratzeko, banku multilateralen nazioarteko babesari esker; eta behin proiektuetan arrakastaz parte hartu ondoren, aukera dute erakunde horien beste ekimen batzuetan parte hartzeko.

 

Esleipendun izanez gero banku multilateralek finantzatutako proiekturen batean, enpresak konpromiso sendoa hartu behar du nazioartekotzearekin, banku horien prozesuen denborekin eta eskatzen diren kalitate-estandar eta -espektatibekin.

 

Euskal enpresek hainbat proiektutan parte har dezakete, besteak beste, hauetan: ingeniaritzan, obra zibilean eta eraikuntzan eta Buenos Airesen hiru ibai drainatzeko proiektuan. Kasu honetan, ia 350 milioi euroko proiektuak dira, eta Munduko Bankuak 200 milioitik gorako finantzaketa emango du. Energia eta ingurumen arloan bada proiektu bat Kolonbian, helburutzat duena plan nagusiak egitea hondakin solidoen eta ur eskaeraren kudeaketarako eta azpiegitura-lanen kalitatea gainbegiratu eta bermatzeko. Ia 250 milioiko finantzaketa emango dio BIDek. Ingeniaritza eta aholkularitza arloan, 300.000 eta bi milioi euro bitarteko kontratuak aterako dira.

 

Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) eta Garraioaren arloetan, Argentina, Kolonbia eta Mexikoko hiri kongestionatu eta kutsatuak hasiak dira dagoeneko teknologia “adimendunak” aplikatzen. Adibidez, Mexikon eta Kolonbian hainbat proiektu daude errepideak eta hiriko logistika finantzatzeko, Garraio Sistema Adimendunetarako (GSA) ondasun- eta ingeniaritza-hornikuntza barne, eta kontratu bakoitza 300.000 eta  bost milioi euro bitartekoa da.

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow