“Etxe honetan bada negozia ezina den zerbait: erantzuteko gaitasuna”

26 September, 2017
Jesús Guibelalde.

Jesús Guibelalde, IMAT enpresako sortzaile eta zuzendari nagusia

 

Arabako Imat konpainiak eserlekuak diseinatzen ditu 1994tik; eserlekuak ospitaleetarako, unibertsitateetarako, tren geltokietarako, eta batez ere aireportuetarako, merkatu-nitxo horretara bideratzen duelarik bere negozioaren %75. Egoitza Jundizko Industrialdean duen konpainia honek burdinazko sehaskak fabrikatzen zituen garai batean, baina bat-batean goitik behera aldatu behar izan zuen bere negozioa biziraungo bazuen -25.000 sehaska bota zituzten txatarrerako-, eta gaur egun presentzia du 130 herrialdetan. Nazioarteko aireportu bateko eserlekuetan jesartzen zaren hurrengo aldian, jakin ezazu ziurrenik Araban diseinatu eta fabrikatua izan dela, duela hainbat hamarkada Jesús Guibelaldek, jakin-minez betetako gizon berritzaile honek, sortutako “laborategi” industrialean.

 

Ez dirudi erretiroa hartzeko asmorik duzunik…

Erretiroa arrazoi hauetakoren bategatik iristen da: egiten ari zarena zeure borondatez utzi nahi duzulako edo gainerakoek utz dezazun nahi dutelako; zorionez, nire kasuan, ez da halakorik gertatu…

 

Ezagutzen zaituztenek diote errazagoa dela zu aurkitzea 12.000 oineko altueran, Kolonbiarako edo Argentinarako bidean, Dato kalean paseatzen baino…

Egia da, bai. Nire ustez, beharrezkoa da bezeroekin aurrez aurre elkartzea, aldagai guztiak ezin baitira konpondu eskuartean ditugun -eta zorioneko gara baditugulako- bitarteko teknologikoekin. Askotan aurrez aurreko kontaktu hori lagungarri da negozio bat aurrera ateratzeko, eta ez dut hori ahaztu nahi, are gehiago, ezin dut ahaztu. Horregatik ibiltzen naiz beti batetik bestera.

 

Beraz, sutsuki defendatzen duzu eskola zaharra, aurrez aurreko tratua, hitza, zerbitzu ona…

Ez ditugu inoiz ahaztu behar eskola zaharreko gauza onak soilik uste dugulako zaharkituta edo atzeratuta gelditu direla, ez eta iruditzen zaigulako zaharrak edo ez-eraginkorrak direla. Giltzarri horiek denak aprobetxatzen jarraitu behar dugu, hori bai, garai berriei eta akordio eta kontaktu horiek sendotzen lagunduko diguten teknologia berriei egokituta. Nahi ala ez, aurrez aurreko kontaktu hori ezin da galdu, horrek negozio bat egiteko aukerak zapuztuko lituzkeelako .

 

Ez dirudi zeregin hori ongi ulertzen dutenik belaunaldi berriek, ala bai?

Pertsona batek uste badu enpresa-molde berriak direla balio duten bakarrak eta horiek gailendu behar direla proiektu bat edo negozio bat aurrera eramateko, nire ustez pertsona hori guztiz oker dago; zentzugabekeria hutsa da lehen enpresa bat kudeatzeko ona zena orain guztiz baztertzea. Iritsi diren gauza berri guztiak abantailatsuak eta zoragarriak dira, baina uste dut oker daudela horiek bakarrik erabili behar direla diotenak. Gainera, esango nuke asko direla horrela funtzionatu duten enpresa eta enpresariak, eta denborarekin oker zeudela ohartu direnak. Beraz, ez ditzagun gaitzetsi iraganeko moldeak, eta txertatu ditzagun gure orainean.

 

Nola?

Agian emozioak erabiliz, emotibitate gehiagorekin. Giza faktoreak ez du emoziorik galtzen, badirelako kontaktu fisikorik gabeko baliabide gehiago jende arteko harremanak ahalbidetzeko. Uste dut akats bat dela, kontuan hartzen ez den akatsa. Beste kontu bat da, hori gorabehera, gauzak hobeto edo okerrago egin ditzakegula.

 

Kontuan izanik oraintxe lurreratu zarela Euskadin hamar eguneko bidaia baten ondoren, bizkor eta erne samar ikusten zaitugu. Bidaia horretan Latinoamerikako hamaika aireportu bisitatu dituzu, zure bezeroekin harreman hurbil hori mantentzeko…

Horrela da, bai. Hamaika eguneko bidaia izan da, eta hamar hegaldi egin ditut zonalde horren barruan, helburu batekin: gure marka sendotzea Latinoamerikan, adibidez, Panaman, non zazpi aireportuetako eserleku-ilara guztiak diseinatu eta fabrikatu baititugu (sekulako tamaina duen beste bat egiten ari dira, Norman Fosterrek sinatuko duena), eta beste horrenbeste egin dugu San Juan de Puerto Ricoko aerodromoan. Aukera aprobetxatu dugu bertatik bertara egiaztatzeko jaso dituztela duela aste batzuk Kankuneko (Mexiko) T4ra bidali genituen 2.500 eserlekuak, eta baita ere Guadalajara eta Montereyra bidalitakoak… Aireportu horiek beren instalazioak handitzen edo hobetzen ari dira.

 

Beraz, zuen sektoreko aurreikuspenak baikorrak dira etorkizunera begira…

Hala dirudi, bai… Eta hori gutxi balitz, Kankunen duela gutxi eginiko IATAren azken topaketan, hainbat eguneko jardunaldien ostean, hauxe ondorioztatu zen: 17 urte barru –ez 20, ezta 15 ere, 17 zehazki- bikoiztu egingo da aireko garraioaren erabiltzaile kopurua.

 

Hori bikaina litzateke Imat enpresarentzat…

Denontzat esango nuke. Eserleku-ilara gehiago egin beharko dira, baina aireportuak ere handitu beharko dira, aireportu handiagoak egin… Gure kasuan, gainera, eserlekuak higatu egiten dira erabilerarekin, baina hala ere bizitza erabilgarri oso luzea dute…

 

Zenbateko bizitza erabilgarria izan dezakete?

Gure azterketek diote 12-15 urte iraun ditzaketela erabilpen-maila handiko aireportuetan.

 

Nolakoa da eserleku-ilara perfektua diseinuaren ikuspegitik?

Esango nuke ezaugarri tekniko batzuk izan behar dituela, ez dezan balioa galdu instalatu eta gutxira. Ongi jasan behar dituzte terminal batetik egunero pasatzen diren milaka bidaiarien atzera-aurrera guztiak.

 

Ez zuen IATAk esan, zuk zeuk baizik: “Aireportuak gune batzuk dira, non, besteak beste, hegazkinak aireratzen eta lurreratzen baitira”

Hala da, bai. 90eko hamarkadaren erdi aldera esan nuela uste dut, eta berriro esango nuke. Aireportuetan, besteak beste, hegazkinak aireratzen eta lurreratzen dira. Negozioa dendetan dago, horregatik dira eserlekuak hain ezerosoak (barreka). Hegaldien ustiapen kontuaz beste, aireportu baten ekonomian garrantzitsuena da zer kontsumitzen den hegazkinak aireratu/lurreratu baino lehen, bitartean eta ondoren.

 

Sektoreko erreferente izan zarete urte askotan, baina oraindik ere zaila egiten zaizue Estatu Batuetan lan egitea. Zergatik?

Esan gabe doa Ipar Amerika makro-merkatu oso konplikatua dela, baina askotan sorrarazten du amets amerikarra lortzeko tentazioa, ez da hala? Nire ustez, eta American Fast delako horrekin inauguratu den aro berri honetan, iruditzen zait egoera gero eta konplikatuagoa izango dela herrialde hartara esportatu nahi duten enpresentzat. Mundua oso handia da, eta agian gehiago komeni zaigu hegoaldeko herrialde eta zonaldeetara jotzea, edo bestela ekialdera, non espektatiba abantailatsuagoak baititugu. Oraingoz, ez gaude kexatzeko moduan.

 

Aireportuetako jarduerarako diseinatzen eta fabrikatzen duzuenetik bakarrik bizi al zarete?

Ez, ez. Sektore horretara bideratzen dugu gure fabrikazio globalaren %70-75 inguru, baina beste produktu eta diseinu batzuk ere egiten ditugu tren eta autobus geltokietarako, ospitaleetarako, eta baita ere unibertsitateetarako. Riadeko Unibertsitatean, adibidez, 8.000 eserleku instalatu ditugu duela gutxi, eta agian gehiago izango dira laster, etengabe ari baita instalazioak handitzen…

 

Bitxikeria pare bat, bukatu baino lehen. Lehenengoa: abuztu osorako ixten duzue enpresa, nahiz eta askok ireki egiten duten abuztuan… Zergatik?

Ez gara ostalaritza establezimendu bat, uneoro bezeroaren menpe dagoena. Enpresa bat gara, baditugu aurreikusitako eta koordinatutako planak eta ibilbide-orriak, eta dena zorrotz eramaten badugu, oso ongi antolatu gaitezke. Abuztuan martxan ez egoteak ez du esan nahi bezeroei ez diegula jaramonik egiten, ezta gutxiagorik ere. Etxe honetan bada negoziatu ezina den zerbait: zerbitzua eta erantzuteko gaitasuna. Abuztuan fabrika itxi arren, zerbitzua eman behar zaio bezeroari, erantzun egin behar zaio.

 

Eta bigarrena. Egingo zenuke gogoeta bat Trump efektuari eta Brexit-ak euskal ekonomian izan ditzakeen ondorioei buruz?

Lehenengoari buruz, gomendio bat: irakurri David Cay-ren ¿Cómo se hizo Donald Trump? liburua; lagungarri da Trumpen nortasun konplexua ulertzeko, ikusteko nola interpretatzen duen gaurko garaia, eta batez ere, jakiteko zer gerta daitekeen etorkizunean… Brexit-ari dagokionez, uste dut Britainia Handiak akats handia egin duela eta dagoeneko jendea hasi da duela hilabete batzuetako euforiaren aparretatik jaisten… Britainiarren pentsaeran oso errotuta dago inor baino gehiago izatearen kontu hori, baina gaur egungo ekonomian, non globalizazioa ia saihestezina den, Brexit-a sekulako akatsa da. Ikusiko dugu nola bukatzen den dena, baina iruditzen zait hor goiko batzuk sufritu egingo dutela.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow