Tapiak adierazi du Euskadi “gero eta erakargarriagoa” dela atzerriko kalitatezko inbertsioarentzat

23 November, 2015

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak INTERGUNE+ foroaren inaugurazioan azpimarratu du euskal enpresek “naturaltasunez integratu behar dutela nazioartekotzea eta, aldi berean, nazioartekotze-estrategia global eta lokalen aldeko apustua egin behar dutela”.

CAF, CIE Automotive eta Velatia euskal enpresetako zuzendaritza-kargu nagusiekin egindako mahai-inguruan erakutsi da atzerriko inbertsioaren etorkizuna Asiako hego-ekialdean dagoela.

Bi egunetan zehar INTERGUNE+ topagune bihurtzen da, euskal enpresei nazioartekotze-zerbitzuen, Europako politiken, herrialde gorakorren eta atzerrian izan ditzaketen aukeren informazio guztia emateko.

“Euskadi gero eta erakargarriagoa da atzerriko kalitatezko inbertsioarentzat. Ez gara kostu baxu edo lan-esku merke bila dabiltzanentzako herrialdea. Baina jomuga bezala nabarmendu nahi dugu Europan talentua, teknologia, enpresa kolaboratzaileak, industria-ingurune ona eta business friendly administrazioa bilatzen dutenentzat”. Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, nazioartekotzearen garrantzia azpimarratu du INTERGUNE+ foroaren inaugurazioan. Bi eguneko ekitaldi hori topagune bikaina da euskal enpresentzat, aukera dutelako nazioartekotze zerbitzuen eskaintza, Europako politikak eta herrialde gorakorrak ezagutzeko eta beren enpresek atzerrian izan ditzaketen aukerak deskubritzeko.

SPRI Taldeak -Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak- antolatu du foroa, zeinetara bertaratu baita SPRIren Kanpo Sare osoa, eta baita ere nazioartekotze produktuak eta zerbitzuak dituzten erakunde eta enpresak. Topaketa osatzeko, hainbat jardunaldi daude askotariko gaien inguruan: merkatu interesgarriak, merkatu gorakorrak, laguntza programak, kasu arrakastatsuak eta Juncker Planaren xehetasunak. Mexiko da INTERGUNE+ foroaren aurtengo edizioko herrialde gonbidatua, eta, beraz, baita ere protagonista garrantzitsuena.

Arantxa Tapia sailburuak adierazi duenez, euskal enpresen nazioarteko posizioa ona da, “nahiz eta ez gauden taularen goiko aldean; 20 langiletik gorako euskal establezimendu industrialen %69,8k esportatzen du”.

Tapiak 2014-2016 Nazioartekotze Planean jasota dagoen Jaurlaritzaren estrategia ekarri du gogora, zeinak helburutzat baitu euskal ekonomiaren irekiera maila handitzea, nazioarteko lankidetzako eta finantzaketako proiektu multilateraletan parte hartzea eta  atzerriko inbertsioa sendotzea Euskadin “Invest in Basque Country” Programaren bidez.

Euskadiren erronka nazioartekotzearen kultura asumitzea dela azpimarratu du Tapiak, eta Eusko Jaurlaritzak sortutako Basque Country markaren garrantzia nabarmendu du. “Basque Country markaren aktiboa eta indarra partekatzen dugu, bera da gure aurkezpen txartel komuna. Euskadiren ikuspegi bat ere partekatzen dugu, zeinetan Euskadi nabarmenagoa ageri den, erakargarriagoa eta mundu mailan eragin handiagokoa. Euskadiren etorkizunak Basque Country du izena”, esan du.

 

Bere ustez ezinbestekoa da nazioartekotzearen aldeko apustua bikoiztea, “enpresetan naturaltasunez integratzea eta, aldi berean, nazioarteko estrategia globalak eta lokalak aplikatzea”. Ildo beretik, gogoratu du Eusko Jaurlaritzak “diru-laguntza programa zabala abiarazi  duela, euskal ETEen errealitate guztiei erantzuteko beren nazioartekotze-mailaren edo fasearen arabera; beste diru-laguntza batzuen xedea da giza-baliabideak gaitzea, eta badira baita ere proiektu komunen inguruan sektore bereko edo sektore desberdinetako enpresen arteko lankidetza bultzatzen dutenak. Helburua da enpresari laguntzea nazioartekotze-prozesuko faseetan, eta, horretarako, ad hoc neurriak edo tresnak aktibatzea.”

Mahai ingurua

INTERGUNE+ foroan mahai-inguru bat egin dute euskal enpresa puntakoenetako zuzendaritza-karguekin: Andrés Arizkorreta, CAFeko kontseilari delegatua; Javier Ormazabal, Velatia enpresako presidentea; Antón Pradera, CIE Automotive enpresako presidentea, eta Marta Zubiaurre, Europako, Ekialde Ertaineko eta Afrikako Key Account Managerra Salto Systems enpresan. Mahai-inguru horretan eztabaidagai izan dituzte zein inbertsio aukera dauden planetako toki desberdinetan.

Antón Praderaren ustez, Txinaren inguruko zalantzak kontuan hartuta, Pazifikoan dago etorkizuna. “Mexiko herrialde onena da datozen urteetan inbertitzeko, eta baita ere Kolonbia, Peru eta Txilek osatzen duten zonaldea”.  Javier Ormazabalek esan du Txina merkatu estrategikoa dela bere konpainiarentzat, “baina batez ere han egon beharra daukagulako”. Andrés Arizkorretak azaldu duenez, CAF ez da sartu  oraindik Txinako merkatuan; “ikusi genuen merkatu handia zegoela, baina transferentzia teknologikoa egin behar genuen han sartzeko, eta hori gure kontra jar zitekeen denbora gutxian. Ez gara damutzen sartu ez izanaz”. Marta Zubiaurrek adierazi du bere enpresak salmenta-filial bat ireki duela berriki Txinan, “une honetan ez daukagulako gure produktuaren mailako lehiarik”.

Zuzendaritza-karguek Ekialde Ertainean inbertitzeko aukerak ere aztertu dituzte. Arizkorretak aukera handiak ikusten ditu Iranen, “argi daukatelako zer nahi duten eta burutsu jokatzen ari dira. Duela 30 urte hemen geneukanaren oso antzekoa da Irango automobil-parkea. Merkatu paregabea da Euskadiko makina-erreminta, automobil eta burdinbide sektoreetarako”. Praderaren iritziz, Irango blokeo egoera konpontzen bada “etorkizun handiko herrialdea izango da”.

Brasili dagokionez, CIE Automotive enpresako presidentearen ustez Brasilek bizi duen krisia 15 urteko hazkundearen ondoren sortutako desoreken ondorioa da eta baita ere zailtasun asko daudelako krispazio politiko handiaren erruz eredua aldatzeko. CAFeko kontseilari delegatuak Brasilgo araudi konplexuak gaitzetsi ditu, “askotan ezin izaten da jakin zein zerga ordaindu behar diren”. Velatia enpresako presidenteak esan du “ziurgabetasun handia sumatzen dela, eta esparru askotan neurri protekzionistak hartzen direla”.

Asia hego-ekialdeko egoerari buruz ere mintzatu dira. Praderaren iritziz, potentzial handia dago, bereziki Indian.  “Sekulako planak dauzka. Baina legeria aldatu beharra dauka ekonomia mugitu dadin”. Arizkorretak azpimarratu du potentzial handia duela bere sektorean (burdinbideena), ministerio espezifiko bat baitute aurrekontu independente batekin eta “milioi bat langilerekin”. Ormazabalek argitu du India “inprobisatzaile handia” dela, eta Velatiaren negozioarentzat oso konplikatua da merkatu hori. “Orain mundu guztiak dauka sarerako konexiorik gabeko talde elektrogeno bat, eta espero dugu iristea eskaintzen ditugun prestazioak eskatzen dizkigutenean”.


 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow