Hegoafrikako energia berriztagarrien sektorean inbertitzeko pizgarriak

11 November, 2015

Euskal enpresek garapen aukera bikaina daukate Hegoafrikako energia berriztagarrien sektorean, eta hori argi gelditu da SPRI Taldeak (Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) antolatu duen jardunaldian.

Batetik, Hegoafrikak erantzuna eman behar dio energiaren eskaera gero eta handiagoari eta, bestetik, bere mix energetikoa dibertsifikatu behar du, ikatzarekiko duen menpekotasuna gutxitzeko, ikatza baita bere energia-iturri nagusia. Hori dela eta, Hegoafrikako gobernua garrantzi handia ematen ari zaio energia-iturri berriztagarrien sustapen eta garapenari. Gobernuak IRP 2010 (Integrated Resource Program) delakoa onartu zuen, hots, 20 urterako Energia-Plan Nazionala, non argi zehazten baitira zeintzuk diren herrialdearen energia arloko premiak eta energiaren sorkuntzarako planak 2030era arte. Plan horiek pixkanaka ezartzeko, gobernuak  Renewable Energy Independent Power Producers Procurement Programme (REIPPPP) lizitazio-programa plazaratu zuen, zeinaren bidez 5.000 MWtik gora esleitu baitira orain arte eginiko lizitazioetan.

Energia berriztagarrien sektoreko potentzial handieneko teknologiak eguzki-energia eta energia eolikoa dira, Hegoafrikak baldintza geografiko eta klimatiko apartak eskaintzen baititu teknologia horien garapenerako. Hegoafrikako hegoaldeko Western Cape eta Eastern Cape probintziak dira parke eolikoak instalatzeko baldintza onenak dituzten eskualdeak. Bestalde, Northern Cape probintziak baldintza onenak ditu eguzki energiaren arloko sistemak ezartzeko, hala fotovoltaikoak nola eguzkiaren beroarekin lotutakoak.

Hegoafrikako gobernuko Merkataritza eta Inbertsioen Saileko (Inbertsioen Sustapena – Energia Berriztagarriak)  bi ordezkari jardunaldian izan ziren, eta herrialde horrek eskaintzen dituen negozio aukerak azaldu zituzten. Jardunaldia bera, berriz, SPRI Taldeko Nazioartekotze zuzendari Miren Madinabeitiak aurkeztu zuen, eta aurkezpenean orobat mintzatu zen José Ignacio Hormaeche, Euskadiko Energia Klusterreko kudeatzailea.

Analize van der Merwe eta Cobs Pillay ordezkari hegoafrikarrek azpimarratu zutenez, gobernuak pizgarriak eskaintzen dizkie Hegoafrikan kokatzea erabakitzen duten enpresei, eta baita ere abantailak Special Economic Zones (SEZ) eremuetan, one stop shop zerbitzuak eta zerga pizgarriak, besteak beste. “Gobernuak ezarritako baldintzen arabera, Hegoafrikan kokatzen diren ekipoek %25-%65 bitarteko eduki lokala izan behar dute, teknologia motaren arabera”, adierazi zuten.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow