Munduan gertatutakoak. Abenduko hirugarren astea

18 December, 2015

Inbertsio berriak Eslovakiako automozio sektorean eta Indiak muga gehiago jarri nahi dizkie altzairu inportazioei

Inbertsio berriak Eslovakiako automozio sektorean

Eslovakia, autoen per capita  ekoizpen handiena duen munduko lehen herrialdea, mota desberdinetako autoen fabrikazio gune bihurtu da, bereziki luxuzkoena. Eslovakiak urtean milioi bat auto inguru fabrikatzen ditu (VW taldea, PCA, KIA), baina inbertsio berriei esker, posible izan du baita ere Eslovakian kokatutako enpresa trakziogileen egitura dibertsifikatzea.

Volkswagen taldea astearte honetan hasi da 300 milioi euroko pabilioi berri bat eraikitzen, non SUV Porsche Cayenne modeloaren fabrikazio osoa garatuko baitu. 2015ean VW Bratislavako instalazioak zabaltzen hasi zen, eta SUV autoen karrozeriak egiteko fabrika berri bat eraiki zuen 500 milioi euro gastatu ondoren. Ekainean antzeko tailer bat (600 milioi euroko gastua egin ondoren) bukatu zuen SUV Audi Q7 modeloarentzat eta Alemaniako fabriketarako banaketa-zentro bat irekiko du laster Eslovakia ondoko herri batean.

Bestalde, Jaguar Land Rover auto fabrikatzaile britainiarrak 1.000 milioi liberako inbertsioa (1.390 milioi euro inguru) egingo du produkzio fabrika bat eraikitzeko Nitra hirian (Eslovakia). Enpresak adierazi duenez, instalazio horretan 2.800 lanpostu berri sortuko ditu.

Konpainiak aurreikusten du fabrika martxan egongo dela 2018aren amaierarako, 2016aren hasieran ekingo baitiete eraikuntza lanei. Hasierako produkzio gaitasuna urteko 150.000 ibilgailukoa izango da (etorkizunean 300.000 autora iristea nahi dute).

Korporazioko kontseilari delegatu Ralf Speth-ek adierazi du fabrika berriak osatu egingo duela Erresuma Batuan, Txinan, Indian eta Brasilen dituzten fabrikak, eta baita ere azpimarratu du hurrengo urratsa dela korporazioa “aktore benetan global” bihurtzeko estrategiaren barruan. Nabarmendu du, halaber, Eslovakiako fabrika berrian aluminiozko karrozeriadun Jaguar Land Rover ibilgailuak egingo dituztela.

Auto eraikitzaileen hornitzaile handiek gero eta presentzia handiagoa dute Eslovakian, bereziki KIAren atzetik etorri diren Hego Koreako enpresek, eta orain ahalegina egiten ari dira beste auto fabrikatzaile batzuk hornitzeko. Esate baterako, Hanon Systems enpresak hornikuntza akordio bat sinatu du berriki Jaguar Land Rover konpainiarekin, zeinaren bidez 400 langileko fabrika berri bat eraikiko baitu.

 

Indiak muga gehiago jarri nahi dizkie altzairu inportazioei

Indiako gobernuak altzairu inportazioen baldintzak gogortu nahi ditu.  Nahiz eta irailean %20ko arantzela aplikatu zien altzairuzko hainbat produkturi, bertako fabrikatzaile nagusiek (SAIL, JSW Steel and Essar Steel) berriro eskatu diote Altzairu Ministerioari industria nazionala babesteko.

Asmoa da babes eskubide bat eta gutxieneko prezio bat ezartzea beroan xaflatutako altzairu lauzko orrien nahiz altzairu aleatu eta ez-aleatuzko xaflen inportazioari.

Eztabaida handia sortu du Indiako abiadura handiko trenaren lehen proiektuak

Indiak hitzarmen bat sinatu zuen joan den astean Japoniarekin, Indian burdinbideen sektorean sekula egin den inbertsio handiena egiteko eta inbertsio horren bidez abiadura handiko trenaren lehen proiektua gauzatzeko. Helburua da martxan egon dadila 2021. urterako, Mumbai-Ahmedabad hirien arteko 508 kilometroko ibilbidea zortzi ordutatik bi ordutara murrizteko.

Narendra Modi lehen ministroak goraipatu egin du alde biko hitzarmen hori, “Indiako ekonomia eraldatuko duen motorra” izango dela adieraziz. Dena den, eta bala trena Japoniak finantzatuko lukeen arren, badira zalantzak Taiwanen gertatutakoaren ondoren. Izan ere, Taiwanek halako tren bat du 2007tik eta erreskate ekonomikoa eskatu behar izan dio gobernuari. “Indiako abiadura handiko tren proiektua akats oso garestia izan liteke” esan du R. Sivadasan, Indiako Burdinbide Batzordeko finantza komisionatu ohiak.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow