Juncker Planak berekin dakartza bai ziurgabetasuna eta bai itxaropena

24 November, 2015

Mikel Antónek, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendariak,  315.000 milioi euro mobilizatzea helburu duen programa hori azaldu du INTERGUNE+ foroan. Antónen esanetan, “norabide zuzenean emandako urratsa da”, inbertsio pribatuaren arriskuak murrizten dituelako. “Egoera paradoxiko batean gaude: bada likidezia Europan, baina inbertsioak ez du abiadarik hartzen”.

Juncker Plana Europar Batasunak asmatutako proiektu bat da, eta helburutzat du 315.000 milioi euroko injekzioa egitea Europako ekonomia errealean. Planak badu ziurgabetasun dosi bat, baina itxaropena ere sortzen du, eta halaxe adierazi du Mikel Antón, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaien zuzendariak. “Ziurgabetasun handia dago planaren inguruan” onartu du Antónek astelehenean eta asteartean Barakaldoko BECen egin den INTERGUNE+ topaketan. Bi egunetan zehar INTERGUNE+ topagune bihurtu da, euskal enpresei nazioartekotze-zerbitzuen, Europako politiken, herrialde gorakorren eta atzerrian izan ditzaketen aukeren informazio guztia emateko.

SPRI Taldeak -Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak- antolatu du foroa, zeinetara bertaratu baita SPRIren Kanpo Sare osoa, eta baita ere nazioartekotze produktuak eta zerbitzuak dituzten erakunde eta enpresak. Topaketa osatzeko, hainbat jardunaldi antolatu dira askotariko gaien inguruan: merkatu interesgarriak, merkatu gorakorrak, laguntza programak eta kasu arrakastatsuak. Mexiko da INTERGUNE+ foroaren aurtengo edizioko herrialde gonbidatua, eta, beraz, baita ere protagonista garrantzitsuena.

Mikel Antónek gogoratu du Europan guztizko inbertsioa nabarmen jaitsi dela 2007tik, %15 batez beste, eta Espainian, berriz, %38. “Egoera paradoxikoa da: bada likidezia Europan, baina inbertsioak ez du abiadarik hartzen. Inbertitzaile pribatuen arrisku maila murriztea da Juncker planaren helburua”. Proiektu hori Europako Batzordeko presidente Jean Claude Juncker-ek aurkeztu zuen 2014ko azaroan, eta planaren asmoa da finantzaketa-iturri publiko eta pribatuak mobilizatzea, diru publikoak inbertsio pribatu gehiago ekar dezan, zorpetze handiagoa eragin gabe. Planak 315.000 milioi euro mobilizatuko ditu datozen hiru urteetan Europako Inbertsio Estrategikoen Funtsaren (EIEF) bitartez, lehentasuna emanaz ezagutza eta enplegua sortzeko potentzial handia duten proiektuei. Funts hori Inbertsioen Europako Bankuaren (BEI) barruan sortuko da, eta Batzordeak bazkide estrategiko bezala kolaboratuko du.

“Funts honek profil desberdina du; finantzaketa-iturri gehigarriak izango ditu eta balio sozial edo ekonomiko handiagoa duten proiektuetan zentratuko da” azaldu du Mikel Antónek. Dagoeneko 21.000 milioi euro daude funts horretan, eta horietatik 16.000 EBren aurrekontutik atera dira eta 5.000 Inbertsioen Europako Bankutik (BEI). Kontuan hartzen baditugu Estatuen ekarpenak, dagoeneko badaude 50.000 milioi.

Bultzatu nahi diren proiektuak esparru hauetakoak dira: azpiegitura estrategikoak (bereziki IKTak eta energia, garraioak eta industria-guneak), hezkuntza, I+G eta enplegua sustatzeko edo ingurumena babesteko inbertsioak. Europako Gaien zuzendariak jakinarazi du planaren laguntzak jaso ditzaketen zortzi proiektu daudela Espainiako Estatuan.

“Plan hau norabide zuzenean emandako urratsa da. Aipagarria da Juncker presidentearen ausardia” adierazi du Antónek. Dena den, ohartarazi du “diru-laguntzen aroa amaitzear” dagoela: “Europan Horizon 2020 programa indarrean dago oraindik (berrikuntzarako inbertsio publikoko Europako programarik handiena), baina oso zaila da laguntza horiek lortzea”. Laguntza politiken norabide aldaketa erakusteko, azaldu du Euskadik 4.000 milioi euro jaso dituela Europako egiturazko funtsetatik, eta datozen urteetan 400 milioi eskas jasoko dituela. “Beste era bateko figurak behar ditugu, eta horrexen paradigma da plan hau”.

Mikel Antónen ustez,  Inbertsioen Europako Bankua indartuta atera da planetik, “horregatik oso jarrera ona dute” aurkezten diren proiektuekiko. “Kritika bezala esan liteke ez dela diru ekarpen gehigarri bat; baliteke 1etik 15erako koefiziente biderkatzailea [315.000 milioi mobilizatzea diru publikoko 21.000 milioiko ekarpenarekin] baikorregia izatea, baina helburua da funts pribatuei ahalik eta probetxu handiena ateratzea”. Era berean, Europako Gaien zuzendariak ohartarazi du desberdintasunak sor daitezkeela funtsak balio edo bideragarritasun ekonomikoaren arabera esleitzen badira, eta ez lurralde edo sektore irizpideen arabera.

Inbertsioen Europako Bankuaren paperari dagokionez, adierazi du Eusko Jaurlaritzak jaso dituenak bezalako maileguak ematen jarraituko duela. “Aldea da Juncker planarekin inbertsio pribatuak ez direla hain arriskutsuak. Finantza erakundeek diru gehiago jar dezakete jokoan, beren hornikuntzak murriztuz”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow