Aukera ona da Txekiar Errepublikan inbertitzea

5 March, 2015

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean erakutsi da nolako abantailak dakartzan saturatua ez dagoen eta Euskadiren antzeko egitura duen merkatu batean ezartzeak. “Gure esperientzia ona da” esan du Kepa Bastidak, Lana Taldeko zuzendari kudeatzaileak. Lana Taldeak produkzio lantegi bat du Txekian 2007tik.


Txekiar Errepublikaren merkatua negozio aukera ona da euskal enpresentzat, hala egiaztatu da SPRI Taldeak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresa garapenerako agentziak, ostegun honetan antolatu duen jardunaldi batean. “Gure esperientzia ona da” esan du Kepa Bastidak, Mondragon Taldearen barruan dagoen eta zurezko eraikuntza gaiekin lan egiten duen Lana Taldeko zuzendari kudeatzaileak. Lanak lantegi bat dauka Txekian, eta Txekian eta Eslovakian kokatutako euskal kapitaldun 48 konpainietako bat da.

Jardunaldi honetan Txekiako Gobernuko zuzendaritza-kargu batzuek hartu dute parte eta bertan azpimarratu da Txekiako merkatua ez dagoela saturatuta eta euskal enpresek badutela, beraz, bezeroak lortzeko aukera. Txekiar Errepublika da munduko bigarren herrialdea, Eslovakiaren ostean, autoen  per capita ekoizpen handiena daukana, eta badu baita ere oso industria indartsua sektore hauetan: makina-erreminta, ekipo ondasunak, elektroteknika, burdinbideak, aeronautika, kimika eta siderurgia. Bere eros-ahalmen handiagoarekin eta merkatu helduagoarekin, Txekia plataforma egokia da Ekialdeko Europan luxuzko produktu, arropa eta delicatessen hornitzaileentzat .

Tomás Buchtelek, Txekia eta Eslovakiako Spriren bulegoko zuzendariak, 13 urte daramatza arlo honetan lanean eta adierazi du Txekia zubi bat dela Erdialdeko eta Ekialdeko Europarantz. “Txekiako industria-sarea eta EAEkoa antzekoak dira, eta badira gurean balio erantsi handia duten produktuen -hala nola turbina eta sorgailuen- ekoizle integratzaileak ”.  Buchtelek esan du 50etik gora ekoizle daudela makina-erremintaren sektorean, Euskadin indar gehien daukan sektoreetako batean alegia.  Europar Batasuneko herrialde industrializatuenetako bat da, halako gisaz non Txekiako BPGren %38 industriatik heldu baita.

Miren Madinabeitiak, SPRI Taldeko Nazioartekotze Arloko zuzendariak, azpimarratu du euskal agentziak laguntasuna ematen diela euskal enpresei. “Era guztietako merkatu analisiak egiten ditugu, enpresak bisitatzen laguntzen diegu, harremanetan gaude Txekiako agintariekin eta aholkularitza ematen diegu bertako langileak bilatu nahi dituztenean, funtsezko urratsa norberaren egiturak atzerriko merkatuetan ezartzeko”.

Marketa Tomkova-k, inbertsoreei laguntzeko CzechInvest agentzia publiko txekiarreko administratzaileak, esan du inbertsioetarako pizgarriak %25erainokoak direla eta beharrezkoa dela bost urtez mantentzea hala inbertsioak nola lanpostuak. Adibide gisa esan du lau milioiko inbertsio bat eginez gero eta hogei lanpostu sortzen badira, ia 1,1 milioiko laguntzak jaso daitezkeela pizgarri bezala.

Nella Janakova-k, Inbertsioak Sustatzeko CzechInvest Agentziako managerrak, Txekiako enpresekin bat egiteko baldintzak azaldu ditu, eta Pragako PwC aholkularitzako Jan Hadrava-k Txekian inbertitzeko dauden baldintza onen berri eman du. “Europa Ekialdeko langabezia-tasa txikiena du (%6,8), Europar Batasunaren %12aren aldean”.

Kepa Bastidak, Lana Taldeko zuzendari kudeatzaileak, esan du 2004an kokatu zirela Txekian eta, 14 milioi euroko inbertsioa egin ondoren, beren lantegia 2007. urtean hasi zela ekoizten. “Hasiera gogorra izan zen, baina orain baditugu etekinak”. Esperientzia “ona” izan da, esan du, kokapen geografiko bikainak ematen duen abantailarengatik eta baita ere beren sektorean (zura) “lehengaia oso ona delako eta industria oso indartsua “. Hizkuntza da Bastidaren iritziz zailtasun handiena. “Herritar gehienek badakite ingelesez, baina langileen artean oso gutxik. Eta behartuta zaude txekieraz ikastera”.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow