Global Training bekak, atzerrian profesionalki garatzeko aukera

1 July, 2015

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Global Training nazioarteko beken beste edizio bat jarri du martxan. Programa horren bidez, titulatu berriek praktika ordainduak egin ditzakete mundu osoko enpresa edo erakundeetan. Ekimenaren helburua da gazteen garapen profesionala sustatzea lan-esperientzia bat eskainiz norbere herrialdetik kanpo, aukera izan dezaten barneratutako ezagutza akademikoak praktikan jartzeko.

Global Training bekek 6 hilabeteko egonaldi bat (luzatu daitekeena) eskaintzen dute ekimenarekin kolaboratzen duen enpresa edo antolakunde batean, non bekadunek beren titulazioarekin lotutako proiekturen bat garatuko baitute. Guztira, 370 beka kudeatuko dira 60 eskaintzatarako, munduko hainbat herrialdetan: Estatu Batuak, Txina, Mexiko, Txile, India edo, besteak beste, Indonesian. Praktika hauek 1985eko urtarrilaren 1aren ondoren jaiotako unibertsitateko tituludun edo Lanbide Heziketako Goi-mailako gradudun gazteei zuzenduta daude.

Programak hilean 1.124 euro esleitzen ditu, 6 hilabetez joan-etorri, ostatu, mantenu eta Gizarte Segurantzako kotizazio gastuak estaltzeko, eta epe hori amaitutakoan enpresak eta bekadunak elkarrekin erabakiko dute jarduerarekin jarraitu ala ez. Aukeratutako gazteek lehenbizi 50 orduko prestakuntza bat egin behar dute laneko egonaldia prestatzeko. Askotariko gaiak lantzen dituzte ikastaro horretan, hala nola kultura arteko negoziazioa, komunikazio teknikak, berrikuntza estrategiak eta taldeko lana.

Nazioarteko praktika-eskaintza zabal horren barruan profil oso desberdinentzako proiektu profesionalak daude, hala nola: ingeniaritzakoak, biologiakoak, arkitekturakoak, marketinekoak, administraziokoak, enpresa-zuzendaritzakoak, diseinu grafikokoak edo ikus-entzunezko komunikaziokoak. Bekadunak hautatzeko hiru irizpide hartuko dira kontuan: enpresak eskatzen duen profilari egokitzea, hizkuntza-maila eta proiektuan parte hartzeko motibazioa.

Izena emateko epea zabalik dago eta eskaerak uztailaren 27ko eguerdiko 12:00ak arte bidal daitezke, web formulario bat betez eta dokumentazio guztia posta elektronikoz igorriz. Hauek dira bekak kudeatzen dituzten erakundeak: Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, hiru eusko ganberak, Garapen-Euskadiko Garapen Agentzien Elkartea, Donostiako Sustapena, Novia Salcedo Fundazioa, Hetel, Confebask Euskal Konfederazioa, Politeknika Txorierri eta Adegi. Global Training beka bat eskuratu nahi duten gazteek erakunde sustatzaile horietako batean bakarrik eska dezakete plaza.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow