Enbaxadore bi, Erresuma Batukoa eta Hegoafrikakoa, Intergune+ jardunaldian parte hartuko duten 60tik gora hizlarien artean

18 September, 2016

Erresuma Batuko eta Hegoafrikako enbaxadoreek beren herrialdeei buruzko hitzaldi bana emango dute “Intergune+ – Hitzordua Nazioartekotzearekin” jardunaldian. Barakaldoko BECen izango da urriaren 4an eta 5ean eta, urtero legez Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatuko du SPRI Taldearen bitartez. Aurtengo edizioan Air France/KLM eta Banco Santander ditu babesle. Aurtengo herrialde gonbidatua Erresuma Batua da.

 

Intergune+ ekitaldian 18 jardunaldi tematiko egingo dira, 50etik gora hitzaldi eta 60tik gora hizlari elkartuko dira, eta Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak parte hartuko du. Enpresen nazioartekotzearen arloko Euskadiko erreferentziazko ekitaldi honi hasiera emateko, “Ingurune ekonomiko globala eta euskal enpresan duen inpaktua” mahai-ingurua antolatu da, non parte hartuko duten Ingeteam enpresako presidente Teresa Madariagak, Mondragón Internacional enpresako presidente Oskar Goitia Zubizarretak eta GRI Renewable Industries enpresako zuzendari nagusi Javier Imazek.

 

Jardunaldi tematikoak Intergune+ ekitaldiaren hiru zutabeetako bat dira. Beste bat dira euskal enpresariek egingo dituzten lan-bilerak SPRIk munduan barrena dauzkan Kanpo Sareko delegatu eta ordezkariekin. Enpresariek hitzordu bat erreserbatuko dute www.spri.eus webgunean lan-bilera horietan bertatik bertara hitz egiteko beren intereseko herrialde edo eremu geografikoko merkatu, negozio eta ezaugarri bereziei buruz dituzten kezka eta premiez.

 

Hirugarren zutabea, berriz, erakusketa-guneko 40 erakusle publiko-pribatuak dira, zeintzuek aukera izango baitute beren zerbitzuak eta nazioartekotze-tresnak ezagutzera emateko.

 

Hitzaldiak: Erresuma Batua, herrialde gonbidatua

Erresuma Batua da INTERGUNE+ jardunaldiko herrialde gonbidatua, eta hitzaldi garrantzitsuenetako bat hari buruzkoa izango da. Derek Doyle-k (Erresuma Batuak Bilbon daukan agregatu komertzial eta kontsulak) “UK Open for Business” mezua hartuko du abiapuntutzat bere hitzaldian, Erresuma Batuak batez ere hiru sektore hauetan eskaintzen dituen negozio aukerak aztertzeko: energian, automozioan eta burdinbideetan. Erresuma Batuan dauden euskal enpresen esperientziak ere azalduko dira. Erresuma Batuan dauden enpresa horiez gain, paper garrantzitsua dute baita ere aipatu hiru sektore horietako klusterrek: Energia, ACICAE eta MAFEX.

 

Hitzaldi horrek urriaren 5eko goiz osoa hartuko du, eta Simon Manely-k (Erresuma Batuak Espainian daukan enbaxadoreak) emango dio amaiera, hizpide hartuko dituelarik Erresuma Batuarekiko merkataritza harremanak eta harreman horien etorkizuna.

 

Nazioartekotzean murgilduz

Intergune+ jardunaldiko hitzaldi egitarauak aukera emango du hainbat merkatu, herrialde eta eremu geografikoren nazioartekotzean murgiltzeko.

 

18 jardunaldiez gain, aipatzekoa da Lulama Smuts Ngonyama-k, Hegoafrikak Espainian duen enbaxadoreak, parte hartuko duela ekitaldian. Urriaren 4an hasiera emango dio jardunaldiari “Hegoafrika: hazten ari den kontinente baten motor ekonomikoa” hitzaldiarekin.

 

Hona hemen lehen eguneko agenda:

 

Thailandia: Asia hego-ekialdeko ekonomia erakargarrienetako bat

Australia: azpiegituretarako konponbide adimendunak behar dituen merkatua

Iran: irekitzen ari den merkatu estrategikoa

Txina: produkzioaren ekonomiatik kontsumoaren ekonomiara

Aljeria: nola sartu etorkizuneko inbertsio proiektu publikoetan

“Ethics & Compliance” nazioartean lan egiten duten enpresetan

Bat-egiteak eta erosketak nazioartekotze-estrategia gisa

 

Hona hemen bigarren eguneko egitaraua:

 

Argentina: negozio aukerak argindarraren sektorean

Alemanian agenteak eta banatzaileak kontratatzeko aholkuak

Mexiko: osasun eta argindar sektoreen panorama

Erresuma Batua: aukerak energia, automozio eta burdinbideen sektoreetan

Arabiar Emirerri Batuak, Saudi Arabia eta Qatar: negozio aukerak Ekialde Ertainean

AEBak: industriaren aldeko apustu berria

Multilateralak: 25 bilioi dolar baino gehiago urtean, merkatu gorakorretako ingeniaritza eta aholkularitza zerbitzuentzat

Nazioartekotzen laguntzeko tresnak

 

SPRIren kanpo sarea

SPRI 70 herrialde baino gehiagotara hedatzen da bere Kanpo Sarearen bitartez. Sare horretako agente eta aholkulariak Euskadira etorriko dira Intergune+ jardunaldian parte hartzera, eta bilerak egitera web orriaren bidez hitzorduak adostu dituzten euskal enpresekin. Kanpo Sareaz gain, jardunaldian euskal enpresen esku egongo da baita ere Multilateralen zerbitzua, beraizik diseinaturik dagoena euskal enpresek organismo multilateralen lizitazioak irabaz ditzaten. Bestalde, Invest in the Basque Country-k, atzerriko inbertitzaileak eta bazkide estrategikoak bilatzeko laguntza ematen duen zerbitzuak, bilerak egingo ditu hala eskatu duten enpresekin.

 

Erakusketa-gunea

Bukatzeko, eta aurreko edizioetan bezala, erakusketa-gune bat antolatuko da, enpresek, antolakundeek eta erakundeek ezagutzera eman ditzaten beren zerbitzuak eta nazioartekotze tresnak. Hona hemen, AirFrance/KLM eta Banco Santander-ekin batera (erakusle izateaz gain babesle ere badira), beren zerbitzuak erakutsiko dituzten erakundeak: Adegi, Kubako Euskal Enpresarien Elkartea-AEVC, Affiliated Monitors, Arpa Abogados y Consultores, Atlantic Joint Venture, Bankoa Crédit Agricole, Byvox Dualia, Araba, Bilbo eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, Cámara Franco-Española de Comercio e Industria, hainbat sektoretako klusterrak (Cesce, Aclima, Acicae, Afv, Eraikune, Euskadiko Itsas Foroa, Habic, Hegan eta Mugikortasun eta Logistika klusterrak), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elkargi, Eusko Jaurlaritza, Grupo Agex, Grupo Interacción, Grupo Oteic, Icex, Kompass, Negobide, Neris Global, P.E. Enterprise, Bilboko Portua, Sparber Group, Uniport Bilbao, Deustuko Unibertsitatea eta Ur Global.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow