Ecomac talde txiletarrak 10 milioi euro inbertituko ditu Euskadin

1 February, 2016

Arteche Taldeak milioi askoko kontratu bat sinatu du Ecomac talde txiletarrarekin. 

EiTBk jakin duenez, Bizkaiko  Arteche enpresa elektrikoak eta Ecomac talde txiletarrak kapitala zabaltzeko akordio bat sinatu dute berriki. Talde txiletarra bazkide gisa sartuko da euskal konpainian, 10 milioi euro inguruko inbertsioa egin ondoren.

Ecomac taldea 50 urteko ibilbidea duen Txileko familia-enpresa bat da. Higiezinen sektorean eman zituen bere lehen urratsak, baina azken urteotan negozioa dibertsifikatu du eta ildo berriak urratu ditu, hala nola, finantzaketa edota zerbitzuak.

Bestalde,  Arteche Taldea 65 urteko historia duen familia-enpresa bat da, sektore elektrikoan espezializatua dagoena (munduko  hirugarrena da neurrira eginiko transformadoreen fabrikazioan). Munduko hamaika herrialdetan kokatuta dago, eta presentzia komertziala du 150 baino gehiagotan. 2015ean 300 milioi fakturatu ditu guztira, eta fakturazio horren %90 nazioarteko merkatuan lortu du. 2.100 langile ditu, eta 650 zuzeneko lanpostu Bizkaian.

Kontsultatutako iturrien arabera, Ecomac-en sarrerak “indartu egingo du Arteche taldearen garapena eta hazkundea Txilen”. Izan ere, Artechek sozietate bat du Txilen 2011tik, eta “badu gogoa hangoa bezalako merkatu egonkor eta exijente batean hazteko”. Ecomac taldearentzat, berriz, bere lehen nazioarteko inbertsioa da, eta baita ere sektore industrialean sartzen den lehen aldia.

Ecomac eta Arteche taldeak duela urtebete hasi ziren operazio honi buruz hizketan, eta, harrezkero, hainbat lan-bilera egin dituzte. Operazio honetan baita ere parte hartu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow