CAFek nazioarteko kontratu berri bat sinatu du

15 September, 2016

Enpresa gipuzkoarrak Amsterdameko garraio publikoaren enpresari tranbiak hornitzeko kontratuaren esleipena lortu du

 

Beasainen finkatuta dagoen CAF tren-fabrikatzailea aurrera jarraitzen ari da aurten abiarazitako nazioarteko zabalkunde-kanpaina trinkoarekin. Hartara, euskal konpainia arduratuko da Amsterdam hiriko garraioa kudeatzen duen GVB Activa enpresari 63 tranbia hornitzeaz.

 

Aurreikuspenen arabera, tranbia horiek Amsterdameko garraio-sarean barna ibiliko dira. Sareak 213,3 kilometroko luzera du, eta guztira 490 geltoki dituzten 16 lineak osatzen dute.

 

CAFek proposatutako tranbiek beheko zorua eta bi noranzko dauzkate, eta azken belaunaldiko ekipamenduaz hornituta daude, enpresak ohar bidez jakinarazi duenez. Gerora begira, beste 60 unitate ere gainera dakizkieke.

 

Ohar horren arabera, kontratuak “CAFek Europako merkatuan duen posizioaren kontsolidazio argia” islatzen du, izan ere, urte hasieraz geroztik, konpainiak garrantzi handiko kontratuak lortu baititu Erresuma Batuan, Italian eta Belgikan.

 

Akordio berri hau kontuan izanda, balioa ezagutarazi ez bada ere, 2016ko ekitaldian esleitutako kontratu berrien guztizko zenbatekoa 2.500 milioi eurotik gorakoa da, eta horrenbestez, konpainiaren eskari-zorroa 6.500 milioi euro ingurukoa da.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow