Bilbo, munduko hiri onenetakoa talentua ustiatzeko

16 January, 2017

Adecco-k, Insead negozio eskolak eta Human Capital Institute-k astelehen honetan Davos-en aurkeztu duten azterlanak dio Bilbo dela talentua ondoen kudeatzen duen munduko hirietako bat. Munduko Lehiakortasun eta Talentu Indizeak lehenengoz sartu du hiriei buruzko atal bat, eta mundu osoko hirien artean, Madril, Bilbo, Bartzelona eta Zaragoza nabarmendu dira talentuaren kudeaketan. Txostenak dio Madril dela lehenengoa Espainiako hirien artean, eta seigarrena mundu osoko rankinean; atzetik datoz Bilbo (18. postuan), Bartzelona (20), eta Zaragoza (30).

 

Lehiakortasunaren eta Talentuaren Munduko Indizeak (GTCI dira ingelesezko siglak) aztergai du nola kudeatzen duten herrialdeek talentua, horretarako kontuan hartzen duelarik nolako gaitasuna duten talentu hori erakarri, handitu eta atxikitzeko.  Gainera, bi talentu maila bereizten ditu, honela laburbiltzen direnak: erdi-mailako trebetasunak (lanekoak eta bokaziozkoak) eta goi-mailako edo ezagutza globaleko trebetasunak.

 

Bilbo eta Bartzelona lehenengo hamarren artean kokatu dira talentua atxikitzen dakiten hirien zerrendan, eta aipatzekoa da Bilbok bigarren postua lortu duela. Bestalde, Bilbo eta Bartzelona ezagutza globalaren eraikuntzan nabarmendu dira Madrilekin batera.

 

GTCIk orobat analizatzen du nola teknologiak eraginkortasuna handitzen duen eta aldaketa teknologikoak nolako eragina duen talentuaren lehiakortasunean eta lanaren izaeran. Gainera, 2017ko GTCIk dio talentu “leunagoak” txertatu beharko liratekeela azterketan, hala nola sormen eta egokitzapen gaitasuna, ideiak partekatzeko gaitasuna eta taldean lan egiteko gaitasuna.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow