Euskal enpresek 23.000 milioitik gorako negozio aukerak dituzte Latinoamerikan, energia eta ingurumen sektoreetan

23 iraila, 2016
BID logoa.

 

Munduko Bankuak eta Amerika arteko Garapen Bankuak (BID) asmoa dute 166 proiektu egiteko bi arlo horietan.

 

Energia eta ingurumen sektoreetako proiektu gehien jasoko dituzten herrialdeak dira: Brasil (23 proiektu), Kolonbia (13 proiektu), eta Mexiko eta Txile (12na proiektu).

 

Euskal enpresek 25,6 bilioi dolarreko (23.000 milioi eurotik gora) negozio aukerak dituzte Latinoamerikan, energia eta ingurumen sektoreetan. Banku multilateral deituriko erakundeek, hots, Munduko Bankuak eta Amerika arteko Garapen Bankuak (BID) sustatzen dituzte proiektu horiek, zeintzuek garapen proiektuak finantzatzen baitituzte kontinente osoan.

 

Bi finantza erakunde horiek 23.000 milioi euroko 166 proiektu onartu dituzte, 2013az geroztik, energia eta ingurumen sektoreetarako. Azken hiru hilabeteetan, proiektu horien bidez finantzaturiko hainbat lizitazio plazaratu dira nazioartean: aholkularitzarako 37, ondasunentzako 16 eta obra zibiletarako 10. Sektore horietan esperientzia zabala izaki, proiektu horiek negozio aukera paregabea dira euskal enpresentzat.

 

Energia eta ingurumen sektoreetako proiektu gehien jasoko dituzten herrialdeak dira: Brasil (23 proiektu), Kolonbia (13 proiektu), eta Mexiko eta Txile (12na proiektu). Proiektuen balioari dagokionez, Brasil da liderra ia 6.500 milioi euroko zorroarekin, Txile ondoren, 3.300 milioi inguruko balioarekin, Panama 1.400 milioirekin, eta Argentina, berriz, 1.200 milioirekin.

 

Bi finantza erakundeek energia sektorea lehenetsi dute, batez ere energia berriztagarrien eta energia eraginkortasunaren arloetan eginiko inbertsioak. Une honetan, arlo horietako proiektuetan urtean egiten diren inbertsioak 50.000 milioitik gorakoak dira, eta espero da 2020rako 100.000 milioi eurora iristea.

 

Eskualdeko energia proiektuen helburua da matrize energetikoa dibertsifikatzea, energia merke, fidagarri eta sostengarria eskaintzea, eta energia eraginkortasunaren aplikazioa eta energia berriztagarrietako inbertsioa azkartzea. Ingurumen arloko proiektuei dagokienez, lehentasunak dira hiriei laguntzea karbono isuriak murrizten eta klima aldaketari egokitzeko gaitasunak hobetzen, nekazaritza adimenduna eta basoen babesa sustatzea, eta karbonoaren prezioak finkatzeko sistemak sortzea, isuriak murrizteko.

 

Onartuta dauden proiektuen artean aipatzekoak dira, besteak beste, Buenos Airesen uholde arriskua kudeatzeko laguntza (300 milioi euro inguruko kostua du, eta Munduko Bankuak 180 milioi euroko mailegua emango luke); Mexikoko udaletan energia eraginkortasuna lortzeko proiektua (140 milioiko aurrekontua, eta Munduko Bankuaren 90 milioiko mailegua); eta Txilen baliabide hidrikoen kudeaketa integratua egitea eta azpiegiturak garatzea (40 milioitik gorako inbertsioa, eta BIDek 37 milioi inguruko finantzaketa emango luke). Horiez gain, prestaketa-fasean dago Ekuadorreko trantsizio energetikoari laguntzeko proiektu bat, zeinak 180 milioi euroko aurrekontua baitu eta zeinari BIDek inbertsio osoa estaltzeko mailegua egingo bailioke.

 

BIDen Hiri Gorakorrak eta Sostengarriak ekimenak eskualdeko ia 100 hiriri ematen die laguntza energia berriztagarriekin, energia eraginkortasunarekin eta ingurumenaren zaintzarekin lotutako gaietarako. Era berean, BIDek Energia Sostengarria Denontzat Latinoamerikan eta Kariben foroa antolatu du 2016ko irailaren 6tik 9ra bitartean, Panaman, eskualdearen egoera energetikoak dauzkan alderdi garrantzitsuenak jorratzeko.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero Garapenerako Banku Multilateralek finantzatzen dituzten proiektuetan sortutako aukerei buruz, enpresak jar bitez harremanetan la agencia vasca de desarrollo empresarial SPRI, Leire Intxaustirekin (lintxausti@spri.eus)  edo Emilio Bunge-rekin (DevelopmentFinance International (DFI), Inc. ebunge@dfintl.com).

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow