Arantxa Tapiak Alemaniara egindako bidaia ZF taldea bisitatuz eta automobilgintza babestuz amaitu du

9 October, 2015

Automobilgintzako osagaien enpresa ezagunenetako bat da munduan eta Euskadin bi ekoizpen-instalazio ditu. ZFko zuzendari nagusiak begi onez hartu du euskal enpresekin lankidetza areagotzeko Eusko Jaurlaritzak egin dion proposamena. Tapiak babesa adierazi dio Euskadiko automobilgintzari eta ohartarazi du VWren krisialdiak ekarriko duen egoera berriko premiei erantzuten jakin behar dela.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko ordezkaritzak Alemaniara eginiko bidaia ZF Friedrichshafen AG enpresa bisitatuta amaitu da. Baden-Wurttemberg eskualdeko Friedrichshafen herrian kokatutako enpesako zuzendari nagusi Stefan Sommerrek harrera egin die eta I+G zentroa bisitatu dute, enpresako ekoizpen-instalazioez gain.

ZF da liderretako bat transmisio-teknologian eta txasisetan, automobilgintza-industriaren hornitzaile nagusien munduko sailkapenean lehendabiziko hamar enpresen artean baitago.

TRW Automotive 2015ean eskuratu ondotik, ZF taldeak 230 instalazio ditu (ekoizpen-instalazioak, merkataritza-egoitzak eta I+G zentroak) 40 herrialdetan eta 134.000 pertsona enplegatzen ditu.

Bi ekoizpen-zentro ditu Euskadin (Lezaman eta Ermuan), transmisiorako eta xasiserako osagaiak hornitzen dizkietenak Europako automobil-ekoizleei, eta logistika-zentro bat (Gasteizen), guztira, 400 pertsona enplegatzen dituztenak.

Eusko Jaurlaritzako eta ZF AG enpresako ordezkariek partekatu duten lan-jardunaldian, I+Gko jardueren zati bat Euskadira lekualdatzea aztertzeko interesa agertu die sailburuak, euskal enpresek ere aukera izan dezaten jardueron garapenean parte hartzeko, eta Euskadirekin lankidetza areagotzea ere iradoki die.

Sailburuak azaldu duenez, «automobilgintzaren sektorean mundu-mailako erreferentzia den enpresa horretako zuzendari nagusiarekin bildu izanak aukera ematen du euskal enpresek ZFren enpresa hornitzailearen homologazioa lortu ahal izan dezaten. Betekizun zorrotzak ezartzen dituen taldea da, kalitate egiaztatutakoa, eta bere ekoizpen-kateko kide izateko beharrezko eskakizunak betetzea izan behar dugu xede».

Stefan Sommer zuzendari nagusiak begi onez hartu du euskal ordezkaritzaren proposamena eta ZF AG enpresak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetzan sakontzeko konpromisoa hartu dute.

Sailburuak babesa adierazi dio Euskadiko automobilgintzari VWren krisia dela medio

 

Euskal ordezkaritza Mercedes, BMW eta ZF enpresetako eta Alemaniako ETEen elkarteko (BVMW) ordezkariekin bildu da aste honetan eta lehen eskutik jakin ahal izan du zer-nolakoa den Volkswagen kasua herrialde horretako automobilgintza-enpresa nagusietan izaten ari den eragina.

Automobilgintza-enpresak arreta handiz ari dira jarraitzen VW kasuaren inguruko berriak. «Alemanian oso kezkatuta daude, baina, egiatan, oraindik oso goiz da kasu horrek gainerako enpresen jardunean izan dezakeen eragina zehazteko», adierazi du Tapiak.

Horrenbestez, kezka hori Euskadiko automobilgintza-sektorera ere heda daitekeenaren jakitun, sailburuak babesa adierazi die enpresei eta ACICAE klusterrari, hitz hauen bitartez: «Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du nazioarteko lankideak lortzeko. Horren adibide, aste honetan Alemanian bisitatutako enpresak (Mercedes, BMW eta ZF taldea)».

Halaber, Tapiak adierazi du beharrezkoa izango dela Euskadiko automobilgintzaren sektoreak orain arteko bidetik segitzea, adi eta askotariko merkatuei erreparatuta, eta «sektorean, VWren krisiaren eraginez, agertuko diren mundu-mailako premiei bizkor erantzutea».

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow