Aljeriako plan ekonomiko berria, inbertsiorako aukera

27 April, 2017

Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean azaldu dira Aljeriak, Afrikako merkaturako ate nagusiak, euskal enpresei eskaintzen dizkien negozio aukerak.

Aljeriak indarrik gabe utziko du hainbat sektoretan enpresetako atzerriko parte-hartzea %49ra mugatzen duen legea.

 

Aljeria da Afrikako merkatura sartzeko ate nagusia eta, beraz, aukera paregabea euskal enpresen inbertsioetarako, ekonomia dibertsifikatzeko abiatu dituen planak direla medio. SPRI Taldeak (Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziak) antolatutako jardunaldi batean Aljeriari buruzko informazioa eman da, eta, bestalde, Euskadiko zein Aljeriako enpresariek aukera izan dute elkarrekin harremanetan jartzeko. Aljeriak lau urteko inportazioetarako dibisa erreserbak dauzka -munduko adierazle onena- eta horrek ongi erakusten du nolako negozio aukerak eskaintzen dituen herrialdeak.

 

Jardunaldia ostegun honetan egin da Bilbon, eta bertan izan da Djamel Eddine Boaddalah, Aljeria eta Espainiako Merkataritza eta Industria Zirkuluko (CCIAE) presidentea. Erakunde horrek Espainia eta Aljeriako 200 enpresa baino gehiago biltzen ditu eta bere presidente Boaddalah-k hizpide hartu du Aljeriako ekonomia dibertsifikatzeko plana. Aljeriako politika ekonomiko berriaren helburua da petrolioarekiko menpekotasuna aldatzea eta bestelako sektore industrialak indartzea, hala nola elikadura, turismoa, energia eta manufaktura. “Suspertze plan bat martxan jartzen ari gara produkzio ekonomiarantz abiatzeko, eta, hain zuzen, Bizkaira etorri gara nekazaritza eta elikadura industrian duen ezagutzagatik” esan du Boaddalah-k.

 

Inbertsiorako eragozpen handi bat egon da oraintsu arte, lege batek baitio atzerritarrek ezin dutela izan Aljerian kokatutako enpresa baten %49ko partaidetza baino handiagoa. “Lege hori 2009an onartu zen, Aljeria goraldi ekonomiko bete-betean zegoenean, eta helburutzat zuen ezagutza erakartzea. Baina gogoeta-epe bat ireki dugu aldatu ahal izateko. Orain aztertu nahi dugu nola erakarri atzerriko zuzeneko inbertsioa”. CCIAE erakundeko presidenteak iragarri du legeak ezarritako %49ko muga hori indarrik gabe geratuko dela hainbat sektore ekonomikotan, “salbu eta estrategikoak direnetan, hala nola hidrokarburoen sektorean”.

 

Aipatu du Aljerian badirela Espainiako enpresa handi batzuk, hala nola Gallina Blanca eta Dulcesol, bai eta gazta sektoreko ETEak eta arrain banatzaileak. Orobat aipatu du badela Estatuaren eta enpresa pribatuen arteko plan bat, 4.000 megawatio energia fotovoltaiko ezartzeko.

 

Mohamed Akbache-k, Aljerian espezializatutako Jam&Mba Global euskal aholkularitzako zuzendari exekutiboak, azpimarratu du herrialdeak %3,7ko batez besteko urteko hazkundea daukala. Bere esanetan, “Afrikako merkatuetan sartzeko lehen herrialdea da. Oso zor publiko txikia dauka”. Akbache-k nabarmendu du energiaren eta nekazaritza eta elikaduraren sektoreak gorantz doazela.

 

Riad Amour-ek, Aljeriako 48 ganberak biltzen dituen Industria eta Merkataritza Ganbera Nazionaleko presidenteordeak, ziurtatu du bere herrialdeak “bitartekari izan nahi duela Europa hegoaldearen eta Afrikaren artean. Megaportu bat eraikiko da, Aljeriako autopista garrantzitsuenekin konektatuta egongo dena, eta horrek bektore-lana egingo du Europako eta Asiako produktuak Afrikan sar daitezen”.

 

Amour taldea da nekazaritza eta elikadura sektoreko enpresa garrantzitsuenetako bat, horixe delarik herrialdeko bigarren produkzio sektorea eraikuntzaren atzetik, eta taldeko presidente Amour-ek hizpide hartu ditu parke industrialak sortzeko proiektuak, lurzoru industrialaren gabeziari aurre egiteko.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow