Kolonbiako udalerrietako alkate eta teknikariak Euskadira etorriko dira hirigintzako eraldaketa-eredua ezagutzera  

24 urria, 2016
Kolonbiako ordezkaritza, lehenengo ihardunaldian.

18 laguneko ordezkaritza batek prestakuntza ikastaro batean parte hartuko du lau egunez, zuzenean ezagutzeko Euskadik hiri sostengarrien garapenean izan duen esperientzia arrakastatsua.

SPRI Taldeak eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako ekimen hau euskal ordezkaritza baten eta Findeter erakundearen (Kolonbiako Azpiegitura Sostengarrirako Garapen Bankua) arteko hitzarmenaren fruitua da, zeina joan den martxoan sinatu baitzen Kolonbiara eginiko merkataritza misioan.

 

Kolonbiako hainbat udalerritako 18 alkate eta teknikarik prestakuntza ikastaro bat hasi dute gaur Bilbon, Euskadik hiri sostengarrien garapenean izandako esperientzia ezagutzeko. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziak) eta Deustuko Unibertsitateak antolatutako ekimen hau Gasteizen eta Donostian ere egingo da asteartean eta asteazkenean.

 

Kolonbiako ordezkaritza horren bisita joan den martxoan Kolonbiara eginiko merkataritza misio batean sinatutako hitzarmenaren fruitua da. SPRI Taldeak, IHOBEk eta Euskadiko sei klusterrek parte hartu zuten misio hartan, eta Kolonbiako sei eskualde bisitatu zituzten, kolonbiarrei azaltzeko nolako konponbideak sortu dituzten hainbat euskal erakunde eta enpresak hirien garapen sostengarria eta hiru euskal hiriburuen eraldaketa lortzeko. Orobat hizpide hartu zuten euskal enpresek Smart City-en esparruan duten esperientzia. Misio hartan sinatu zen gaur egun Findeter erakundearekin (Kolonbiako Azpiegitura Sostengarrirako Garapen Bankuarekin) indarrean dagoen hitzarmena, eta, horrezaz gain, babesa eman zitzaien Kolonbian kokatuta dauden 62 euskal enpresei eta laguntasuna eskaini aipatu klusterretako kide diren enpresei, Kolonbiako merkatuan errotu ahal izateko.

 

Kolonbiako gobernua hiri-eraldaketa prozesu garrantzitsu bat ari da gauzatzen hainbat hiri eta eskualdetan Findeter eta Amerika arteko Garapen Bankuaren (BID) bidez.

 

Antolatutako lau lan-jardunaldietan, Kolonbiako 18 alkate eta teknikariek bertatik bertara ezagutuko dute nolako metodologia eta lankidetza publiko-pribatua erabiltzen duten hemen erakundeek eta enpresek, Bilboren eraldaketa, Gasteiz Hiriburu Berdea nahiz Donostiaren Europako Kultur Hiriburutza bezalako proiektuak aurrera eramateko.

 

Euskadik laguntasuna eman die Kolonbiako hainbat udalerri eta eskualderi ekonomiaren garapen sostengarria bultzatzeko, eta prestakuntza ikastaro hori laguntza horren barruan kokatzen da. Benetako laguntza instituzionala da, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta hiriburuetako udalek esperientzia zehatzekin laguntzen diotelako Kolonbiari. Laguntza instituzionala izateaz gain, lankidetza pribatua ere bada, Aclima, Avic, Eraikune, Gaia, eta Energia eta Mugikortasun eta Logistika klusterrak ere inplikatuta baitaude.

 

Jardunaldietan bertatik bertara aurkeztuko dira euskal politika industriala, testuinguru ekonomikoa eta Euskadiren zerga politika (Kontzertu Ekonomikoa). Ondoren, hiru hiriburuetako esperientzia zehatzak azalduko dira.

 

 

 

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow