Aeronautika eta automozioa, euskal enpresentzako negozio sektoreak Hego Karolinan

21 October, 2015

Hego Karolinako Estatua euskal industriarentzako jomuga interesgarri bezala aurkeztu zen SPRIk antolatutako jardunaldi batean. Estatu Batuak dira Euskadiko enpresen inbertsiorako jomuga nagusia; 75 konpainia daude han, eta batzuek fabrika bat baino gehiago dituzte. SPRIren Kanpo Sareak merkatu horretan interesatutako euskal enpresei laguntzen die New Yorken duen ordezkaritzaren bidez.

Hego Karolinako Estatuak ingurune erakargarria eskaintzen du euskal enpresen negozioentzat, bereziki aeronautika eta automozio sektoreetako konpainientzat. SPRIk jardunaldi bat antolatu zuen Hego Karolina aurkezteko, Hego Karolinako inbertsioak erakartzeko agentziako arduradunekin batera. Hego Karolinak baditu 40tik gora herrialdetako 1.200 enpresa baino gehiago. Ekitaldi horren bidez erakutsi nahi izan zen ingurunea abantailatsua eta geografikoki estrategikoa dela industriarentzat, eta baita ere azaldu zen zein erraztasun ematen dizkien enpresei inbertitzeko. Euskadiren kasuan, Hego Karolinako bi sektore dira nabarmentzekoak: automozioa (han dago  kokatuta BMW enpresa) eta aeronautika (Boeing enpresa).

Jardunaldi horretan -SPRIren instalazioetan egin zena urriaren 20an-, hainbat ikuspegitatik aztertu zen Hego Karolinako merkatua, bertaratutakoei erabakitzen laguntzeko. Lehenik eta behin, Hego Karolinan kokatuta dagoen Gestamp konpainiak bere esperientzia azaldu zuen. Segidan, SPRIk euskal enpresei jomuga herrialdean nahiz EAEn ematen dizkien laguntzak aurkeztu zituen, eta azkenik, Upstate South Caroline Allianze erakundeko zuzendariak Hego Karolinako Estatua aurkeztu zuen. 20 enpresak parte hartu zuten jardunaldian, eta alde biko 10 bilera egin zituzten, aukera zehatzak aztertzeko bertaratutako enpresen sektoreetan.

Euskal enpresak AEBn

Une honetan, SPRIk AEBn kokatutako 75 euskal enpresaren 90 ezarpen ditu erregistraturik.

SPRIk, bere kanpo sarearen bidez, bere zerbitzuak eskaintzen dizkie AEBn dauden euskal enpresei New Yorken duen ordezkaritzatik. Hala, 2015ean zehar, Estatu Batuak jomugatzat zituzten 23 enpresa-proiektu babestu ditu.

Euskadi da AEBra gehien esportatzen duen bigarren autonomia erkidegoa. AEBak euskal esportazioen hirugarren jomuga dira, Frantziaren eta Alemaniaren ostean, eta inportazioen zortzigarren jatorria. Bestalde, Euskadi da AEBetan gehien inbertitzen duen autonomia erkidegoa, eta, bide beretik, AEBak dira atzerriko euskal inbertsioen lehen jomuga (2000-2012). Hala, Euskadi eta Estatu Batuen arteko merkataritza balantzak %450eko estaldura tasa erdietsi zuen 2014an. Euskal inportazioak 1.705 milioi eurokoak izan ziren.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow