Acciona eta Alicia Koplowitz Euskaltelen sartu dira

4 February, 2016

Euskaltelek akziodunak erakartzen jarraitzen du. Espainiako dirutza handienetako batzuek -besteak beste, Bestinver eta Alicia Koplowitzek kontrolatutako Morinvest-ek- begiz jo dute euskal enpresa, eta aurtengo laugarren hiruhilekoan bere kapitalean sartu dira. Accionak kontrolatzen duen gestorea ia sei milioi euroko akzio multzoa erosiz sartu da kapitalean (inbertsio funtsen eta sicav erakundeen bitartez), CNMVri bidalitako bigarren hiruhilekoko txostenaren arabera.

Hain zuzen, Bestinver enpresak bere txostenean azpimarratu du Euskaltel dela bere zorroan sartu duen konpainietako bat. Morinvest-ek ere bi milioi eurotik gora inbertitu ditu Euskaltelen, eta Espainian duen zorroko bosgarren balioa bihurtu da.

Bi talde horiekin batera, nazioarteko beste konpainia batzuk ere sartu dira euskal enpresaren kapitalean. Besteak beste, aipatzekoa da Artisan Partners, zeinak Euskaltelen 2,90 milioi akzio erosi baitzituen (kapitalaren %1,91). Bestalde, MarshallWace enpresak jakinarazi du Euskaltelen 3,73 milioi akzio erosi dituela, 4,14 milioi tituluraino igo delarik konpainian duen partaidetza (kapitalaren %2,73).

Zazpi hilabete baino ez dira pasa Euskaltelek Saltzeko Eskaintza Publikoa egin zuenetik, baina telekomunikazio enpresak 60 gestore eta finantza erakunde ditu dagoeneko bere kapitalean. Kutxabank da lehen akzioduna, kapitalaren %25a duelarik. Atzetik doazkio Alba (%10), Abanca (%5,27), BlackRock (%5,12), Franklin Resources (%4,18) eta Artemis (%3,98). Espainiako enpresei dagokienez, Mutuactivos-ek Euskaltelen 288.753 akzio erosi zituen, kapitalaren %0,22ko partaidetza eskuratuz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow