300 euskal enpresak SPRI Taldearen aholkularitza pertsonalizatua jaso dute nazioartekotzeko

27 March, 2017

Arantxa Tapia sailburua, SPRI Taldearen Kanpo Sarearekin.

Dagoeneko bukatu dira hiru euskal lurraldeetan egin diren jardunaldiak, zeintzuen helburua baitzen laguntza ematea nazioartean zabaltzeko edo beren negozioa atzerrian bultzatzeko asmoa duten euskal enpresei.

 

300 euskal enpresa inguruk SPRI Taldearen (Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziaren) Kanpo Sarearen aholkularitza pertsonalizatua jaso dute nazioartekotzeko edo beren negozioa atzerrian bultzatzeko. Otsailaren 28tik martxoaren 22ra bitartean bederatzi jardunaldi egin dira hiru euskal lurraldeetan, jardunaldi horietan hizpide hartu delarik enpresen zabalkundea Europa, Latinoamerika, Afrika, Ekialde Ertain, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniara.

 

Bilera horiek aukera paregabea izan dira euskal enpresari eta zuzendaritza-karguentzat, aurrez aurreko elkarrizketak egin baitituzte interesatzen zaien merkatuan espezializatutako SPRIren Kanpo Sareko teknikariarekin. Hitzordu horietan aztergai izan dituzte sektore bakoitzaren ezaugarriak atzerrian, bulego komertzialak irekitzeko aukerak, nazioartekotzeko finantzaketa edota zein bide dauden interesatzen zaien herrialdeko bazkideekin eta agintariekin harremanetan jartzeko.

 

Hona hemen kontsulta kopuru gehien jaso dituzten herrialdeak, hogei bat elkarrizketa egin direlarik: Kolonbia, Argentina eta Uruguai, Txekiar Errepublika eta Eslovakia, eta Erresuma Batua eta Irlanda. Horien ostean datoz Txina (18 elkarrizketa), Txile eta Arabiar Emirerriak, Saudi Arabia, Qatar eta Kuwait (eremu geografiko horietako bakoitzak 17 topaketa izan ditu), Ekuador (16), eta Iran eta Singapur, Indonesia eta Malaysia, Taiwan eta Filipinar Uharteek osatutako eremu asiarra (14).

 

Iaz SPRIren Kanpo Sareak antzeko bi topaketa egin zituen euskal enpresekin. Lehenengoa Mundura Begira-Mirando el Mundo kongresuaren esparruan egin zen. Orduan, euskal enpresei Europa interesatu zitzaien gehienbat, Europari buruzko 136 elkarrizketa egin zirelarik, eta ondoren Latinoamerika (85), Ipar Amerika (74), Asia eta Ozeania (70) eta Afrika eta Ekialde Ertaina (65).

 

SPRIren Kanpo Sareak 70 herrialde baino gehiagotan eskaintzen ditu bere zerbitzuak, bulego propioen eta aholkularien bitartez. Joan den urrian ere aholkularitza pertsonalizatua eskaini zen Intergune+, urteroko hitzordua nazioartekotzearekin Euskadin ekitaldiaren barruan.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow