Sprilur-ek 24.395 m² merkaturatu ditu 13 enpresentzat urteko lehen seihilekoan

22 July, 2016
    • 13 enpresaren artean 24.395 m²ko azalera kontratatu dute; horietatik 8 Bizkaian kokatuko dira, 4 Gipuzkoan eta 1 Araban. Bi enpresak 40 lanpostu zuzen sortzeko asmoa dute.
    • Negozio zifra 4,8 milioi eurokoa da.
    • Hauek dira enpresek aukeratutako poligonoetan egingo diren jardueretako batzuk: eskuetako trebetasuna lantzeko joko-patente berri bat ekoitzi eta fabrikatu, mugikortasun murriztua duten pertsonak igotzeko plataforma bat diseinatu eta egin, eta metalezko egiturak fabrikatu.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko Sprilur-ek, SPRI Taldearen lurzoru eta pabilioi industrialak kudeatzen dituen sozietate publikoak,  13 kontratu berri formalizatu ditu 2016ko lehen seihilekoan, Administrazio Kontseiluan onartuak izan ondoren. Bakarrik iragan ekainean, enpresa-guneetan jarduera ekonomikoak kokatzeko 8 eskaera baliozkotu dira.

 

Operazio horiek berretsi egiten dute Sprilur-ek azken urteotan detektatu dituen sintomak, lurzoru eta pabilioi industrialen eskaera suspertzen ari dela diotenak. Aurreko urteko epealdi beraren aldean, eskaera %80 hazi da.

 

Ekainera arte 24.395 m²ko azalera merkaturatu da guztira, eta 13 enpresa kokatuko dira bertan,  8 Bizkaian (Pinoa-Zamudio, Ballonti-Portugalete, II-Ortuella, Axpe-Erandio, Arangoiti-Gueñes poligonoetan), 4 Gipuzkoan (Kurutz Gain-Mendaro, Matsaria-Eibar eta Epele-Hernani poligonoetan), eta bat Araban (Gasteizen, Azucarera eraikinean). Lurralde historikoka, Bizkaian 4.773 m²ko azalera kontratatu da gutxi gorabehera, Gipuzkoan 19.520 m² (Hernanin interes estrategikoko enpresa bat kokatuko  delako); Araban, aldiz, enpresa berri bat sartuko da lehendik Gasteizko Azucarera eraikinean instalatuta dauden beste 8 konpainien ondoan.  Bederatzi enpresa horiek 1.684 m² okupatzen dituzte guztira eraikin berezi horretan, zeina euskal ondare historiko industriala bezala sailkatu baitzen 2000. urtean.

 

Merkaturatutako azalera osotik, 9.535m² erosketa-aukera duten alokairu eta errendamendu operazioak izan dira, eta 14.860 m², berriz, salmenta zuzenak. Enpresa horietatik zazpik alokairu-kontratu sinpleak aukeratu dituzte, 2 enpresak lursail urbanizatuak erosi dituzte, eta gainerako laurek 3, 9 eta 12 urterako erosketa-aukera duten errentamenduaren formula baliatu dute. Operazio horien negozio zifra 4,8 milioi euro ingurukoa izango da.

 

Enpresek egingo dituzten jardueren artean aipatzekoak dira hiru: eskuetako trebetasuna lantzeko joko patente bat ekoitzi eta garatu, mugikortasun murriztua duten pertsonak igotzeko plataforma bat diseinatu eta egin, eta egitura metalikoak fabrikatu. Bestelako jarduerak ere egingo dira, hala nola, arkitektura diseinua, trokelgintza, telekomunikazio sistemak, automozio sektoretik eratorritako jarduerak, I+Gn eta sostengarritasunean oinarriturik fatxadak birgaitzeko zerbitzuak eta, oro har, zerbitzu sektoreko jarduerak.

 

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak enpresei eskaintzen dizkien tresna aktibo guztiek (SPRIren bitartez eskaintzen dituen laguntza programak eta laguntza planak eta Sprilur-en bitartez eskaintzen dituen poligono eta enpresa parkeen sarea) erakusten dute lehiakortasun indizeak hobetzen ari direla enpresetan, eta gure lurraldeko ekonomia suspertzen ari dela. Informazio gehiago spri.eus eta sprilur.es atarietan

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow